Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 3a, 17:57

Hona Udal batzarraldiaren kronika:

Gobernu taldearentzat planaren onarpenarekin garai oparoa biziko du Andoaingo herriak. Bost jarduera nagusi aipatu zituen Alkateak planaren baliogarritasuna defendatzeko garaian:
  1. Eraikin zaharkituak eta industri jardueretara bideratutako guneak berritu eta hiritar eremu bideratuko dira. Ama Kandida eremua edota Sapa inguruaren etorkizuneko garapena adibidetzat ipini zituen.
  2. 2.000 etxebizitzatik gora eraikitzeko egitasmoa, horietatik 708 babes ofizialekoak. Besteak beste Ama Kandida, Sapa, Manterola edota Arregi  eremuetan.
  3. Herriguneko eremu ezberdinen arteko garraiobideen hobekuntza: Andoaingo saihesbide berria, Manterola eta Baltzuketa arteko lotune berriak, Ama Kandidako biribilgunea,...
  4. Andoaingo Saihesbide berria amaitutakoan N-1 errepideari itsatsitako lur eremuan industrirako eta mekataritzarako lurrak sortuko dira. Inbertsioak sustatu eta enplegua sortzeko berme bilakatuko da.
  5. Azpikolako harrobiaren uskiakuntzaren ondorioz hamabi urteko epean  70.000 m2-ko lur eremua sortuko da hamabi urte barru.


Gainerako Udal ordezkariei hitza eman aurretik alkateak Andoain herriaren garapena sutsuki defendatu zuen, “urte batzuetatik hona herriak sekulako hobekuntza izan du hainbat alorretan: gizartea, kultura, kirola,... Udal instituzio osoaren meritua da. Gaur, eta beti bezala, andoaindarrek Udalarekiko gertutasuna sentitzea nahi dugu; haien eskaerak proiektu bilakatzen dira, eta proiektu horiek errealitatean. Udal Gobernu taldetik uste dugu plan ona landu dugula, herritarrak harro sentitu eta ilusioz betetzeko modukoa”.
Hirigintza planak herriari bultzada handia emango diola esanez amaitu zuen azalpena, esaldi honekin amaituz: “Hiri Antolamendurako Plan Orokorra denena eta denentzat da”.

Etxeberrietako eta Sorabillako auzotarrak kexu

Udal batzarraldian nahiz Hirigintza batzordean Plan Orokorraren aztergaiak adi-adi jarraitu zituzten Etxeberrietas Existe plataformako eta Sorabilla-Errotagain auzo elkarteko ordezkariek. Udal batzarraldian hizlari aritu ziren Etxeberrietako Anahi Lopez eta Sorabillako Julian Lopez nahiz Xabier Laka. Baina eserlekuetan askoz gehiago zeuden. Bereziki etxeberrietarrak. Ez da gutxiagorako, onartu duten planaren arabera 77 familiaren etxebizitzak ordenazioz kanpo geratuko baitira.

Batzarraldiaren aurretik Etxeberrietako blogean zera idatzi zuten: “dagoeneko badakigu Aita Larramendi kaleko 5-19 zenbakien arteko atariak eta kalearen atzekaldeko 2-8 zenbakien arteko atariak araudiz kanpo utziko gaituztela. Gure oniritzia izan gabe, ez baitira guregana zuzendu”.

Plataformako arduradunek plana onartu eta hurrengo egunean bizilagunei mobilizatzeko deia luzatu zieten, “otsailaren 24an behin betiko izaeraz onartu zen hirigintza plan berria. Bertan bizi edota bertako etxebizitzen jabe garen aldetik, behar bezala ezagutzen al ditugu ezarri nahi dizkiguten betekizunak eta guri dagozkigun eskubideak? Behin betiko onartu dutenez, alegazioak aurkezteko epea zabaldu da”. Alegazioa hurrengo hilabetean aurkezteko asmoa agertu dute, “alegazio berdinak indar handiagoa du denok elkarrekin aurkezten badugu. Era berean kostua ere merkeagoa izango da. Horregatik sortu dugu Etxeberrietas Existe, juridikoki indar gehiago izan dezagun eta, bide batez, kostuak merketzeko. Urtebete daramagu plana aztertzen eta orain alegazioak aurkezteko prest gaude. Hauxe da unea”.

BATZARRALDIAN ESANDAKOAK
Etxeberrietas Existe, Anahi Lopez: "Estanis, onartu duzuen Hirigintza Plana denena eta denentzat dela adierazi duzu. Ez da hori gure ustea, guregana ez da inor gerturatu. Inork ez gaitu kontutan hartzen. Are gehiago, plana gure bizkarrera garatzen ari zaretela iruditzen zaigu. Ba al dakizue benetan zer esan nahi duen gure etxebizitzak ordenazioz kanpo geratzea? Iaz bilera batera deitu zeniguten eta lasai egoteko esan zeniguten. Lasai egoteko. Baina plana onartu duzue.

Etxeberrietas Existe izena du gure ekimenak, bizirik gaudelako. Hor gaudelako. Zuen aldetik ez dugu parte hartzea sustatzeko edota auzotarrak informatzeko inolako borondaterik ikusten".

Alkateak erantzun zion ez zela inor etxerik gabe geratuko, beste etxebizitza bat ziurtatuta izango zutela. Lopezek zalantza egin zuen, Alkateak zioena ez zelako besterik gabe muxutruk egingo.

Sorabilla-Errotagain, Xabier Laka: "Udal korporazio hau herritarrekiko tratuan eta informazioan ez da historiara pasako. Demokrazia txar baten adierazgarri da hori. Parte hartu nahi duten herri ekimenak badaude, Udal ordezkariek pozarren egon behar lukete. Herri ekimenak edo auzo elkarteak ez dira eragozpen modura ulertu behar, eragile lagungarri modura baizik. Estanis, korporazio batek ez du agintzen. Kudeatu baizik, eta kudeaketa horren berri ematen du. Parte hartzeko bidea eskaini behar du".
Beste auzotar batek traizioa hitza erabili zuen udal gobernuaren jokabidea epaitzeko, Sorabillan auzotarrentzat gune izan behar zuena etxebizitzarako bideratuko dutelako. Alkateak erantzun zion etxea bota behar dieten bizilagunei auzoan bertan ziurtatu behar zaiela etxebizitza.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!