Azpikolako harrobia irekitzeko azken aurreko pausoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 3a, 17:55

Estanis Amutxastegi alkatea izan zen Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren azalpena egin zuena. Azpikolako harrobia berriro irekitzeko proposamena horrela argudiatu zuen:

 “Plan Orokorraren erredakzioaren azken fasean sartuta geundela, Azpikolako harrobia berriro martxan jartzeko bi errealitate sortu dira: Lehena, AHTaren Zizurkil-Urnieta arteko egitasmoaren ezagutza zeinak harrobiko lurrak zeharkatzea aurreikusten duen.
Bigarrena, Andoaingo saihesbideko errotonda edo biribilgunea eraikitzeko eremu berean 30.000 m2 beharko dituztela jakitea.

Bi azpiegitua handi horiek amaitu eta gero, erraza da eremu hori zein egoeratan geratuko den imajinatzea. Azpikolako lur eremu horri etorkizuneko irtenbidea ematea aztertu beharrean gaude, beraz. Gobernu taldeak, errealitate berriaren aurrean, Azpikolako lurrak Plan Orokorraren baitan txertatzea beharrezko dela erabaki du. Udalak Abiadura Handiko Trenari edota Andoaingo Saihesbideari ezin die bizkarra eman. Azpikolako harrobian jarduteak herriari onura ekarriko diola uste dugu Gobernu taldeko kideok, Alderdi Popularraren babesarekin batera.

Harrobiaren ustiakuntzatik sortuko den lur eremuaren %50a Udalaren jabetzakoa izateko konpromisoa lortu du Gobernu taldeak. AHTa eraikitzeko lanak 6 urtez luzatuko dira, eta Azpikolaren ustiakuntzaren amaiera 12 urte barru iritsiko da. Epe horiek gaindituta, Andoaingo herriak 70.000 m2-ko lur eremua izango du; aberastasuna eta lana sortzeko kokapen ezin hobea. Ordurako, definituta eta onartuta izango da lur horren erabilera. Gure herriaren interesen mesedetan denbora irabaziko dugu horrela.

Andoaingo Plan Orokorra idazteaz arduratu den taldeak datu osagarriak txertatu ondoren, zeinean Azpikolako eremuaren kalifikazioa berrikusiko den, eta goian agertutako argudioak adierazi eta gero, martxoan ez ohiko batzarraldia deituko dugu proposamen honi onespena emateko. Esaten ari garen moduan, kudeaketa on bati erantzuten dio berrikuspena izango da. Eta berriro aipatu nahi dugu harrobiko jarduera 12 urteko epean gauzatuko dela”.

 

EAJ, H1! eta EB alderdiak harrobia
berriro irekitzearen aurka daude

Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren dokumentazio osoarekin gutxi-asko ados egon litezke Udal ordezkari guztiak. Baina Azpikolako harrobiaren irekierak hautsak harrotu ditu oposizioko alderdien artean. Jeltzaleak izan dira indar gehien egin dutenak, uztailaz geroztik argibideak eskatuz.

IÑAKI EGIBAR
EAJ-PNV

“Hiri Antolamendua probisionalki onartua izan zenean Oria ibaiako ezker aldea eta Azpikolako harrobia zeuden bezala geratzearen akordioa hartu zen.
Duela hilabete batzuk, ordea, PSEren gobernuak Azpikolako harrobia erauzketa lanetarako berriro irekitzeko asmoa agertu du. Enpresa pribatu bat da Udalarengana zuzendu dena Hiri Antolamendua ondo egina dagoen ala ez esatera, Hiri Antolamenduan industriarako nahiko lur eremu aurreikusi den ala ez esatera. Abiadura Handiko Trenaren aitzakipean, enpresa berbera  harrobia irekitzeko Udala konbentzitzen ahalegindu da.
Erauzketa lanetarako 12 urte aurreikusi dituzte. Urte horiek igarota lur eremuak Udalari emango dizkiote industrigune bezala erabiltzeko. Andoainen hirugarren harrobia irekitzearen  kontra gaude. Ez delako serioa kanpoko enpresa bat hona etortzea gure lanak nola egin behar ditugun esatera. Horregatik gure bozka kontrakoa izango da”.

GABINO AGUDO
HAMAIKABAT!

“Gure ustez, etxebizitzari dagokionez, plan orokorrak ez du ondo zehazten zer nolako eskaria dagoen. Plan berria egin aurretik etxe zaharren eta galbidean dauden auzuneen erreabilitazioa planifikatu beharko litzateke.
Herria handitzea eta zabaltzeak behar berriak ekarriko dituela esaten ari gara. Besteak beste, garraioan, osasun arloan, kirol instalakuntzatan, hezkuntzan eta abar. Guzti horri ondo agertu beharko luke planean. Premiak ondo zehaztu gabe, gainera, herrigunetik aparteko bizigune berriak proposatu eta eraikitzea bidegabekeria da.
Gaur onartuko den planak, gainera, herritarren parte hartze handiago baten premia duela uste dugu. Azpikolako harrobiarekiko PSEk hartu duen jarrera salatu nahi dut. Eta kritika hori PPri ere helarazi nahi diot. Gaurko egunean, txosten teknikoak ez dira harrobia irekitzearen aldekoak”.

SERGIO BARREIRO
IU-EB

“Planaren egitasmo ugari onargarri izan daitezke. Harrobia berriro irekitzearen aurka gaude, ordea. Superportua, AHTa eta antzeko egitasmo zalantzagarrietarako baliatuko da gainera. Aurka bozkatuko dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!