Agerraldian adierazi bezala, Andoaingo Udalak 2011. urtean zehar euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin hamar arlotan egingo du lan. Planaren helburu nagusia oso zehatza da: alde batetik, Andoaingo gizarte-bizitzan euskara erabiltzeko aukerak sortzea eta, bestetik, euskararen erabilera aktiboki sustatzea.
EBPN egitasmo berritzailea izateko bokazioarekin jaio da, gazteen artean eragiteko bereziki. Hori dela eta herrigunean hainbat graffitti aurki daitezke, “AndoINDARRA euskaraz” esaldia paretean idatzita dagoelarik. Txistoki pasealekuan egindako graffittiaren parean Petri Romero Euskararen Normalkuntzarako Batzordeko zinegotzi-ahaldunak eta Patxi Baztarrika euskara teknikariak EBPNren kudeaketa planaren berri eman zuten. Agerraldian alboan zituzten Gurutz Irigoras eta Gabino Agudo zinegotziak.
Kudeaketa planaren laburpenarekin liburuxka aurkeztu zuten, herri osoan banatuko dutena. Badira, gainera, ekimen berritzaile gehiago. 18 urte bete behar dituzten gazteei Udalarekiko izango duten komunikazioan zein hizkuntza erabili galdetu ohi die Udalak. Euskararen alde egiten dutenek 2 gigako USBa eskuratuko dute opari gisa. USB memoria horretan, gainera, andoaindar gazteek euskaraz bizitzeko Udalak eskura jartzen dituen baliabideak aurkituko dituzte PDF euskarrian.
Euskararen
Aholku Batzordea
Andoaingo gizarte, kultur eta kirol mailako eragile ugari bilduta daude planaren aholku batzordean. Hurrengo urteetan planaren jarraipena egitea izango da haien zeregin nagusia. Oraingoz, hauexek dira kideak: Alkatea, Euskararen Normalizaziorako zinegotzi-ahalduna, ENBAko zinegotziak, Udal Euskara Zerbitzuaren teknikari arduraduna, Kultura, Hezkuntza, Gazteria, Enplegua eta Sustapen ekonomikoa sailetako ordezkariak, Kirol Patronatuaren ordezkaria, Aita Larramendi, La Salle-Berrozpe, Leitzaran eta Ondarreta ikastetxeetako ordezkari bana, Galardi, Bihurri, Ludoteka, Manuel Larramendi Kultur Bazkuna, AEK, Banaiz Bagara, Euskalduna K.E., Txirrindulari Eskola, Pilota eskola, Eliza, Salkin, Bertxin, Santakruz Jubilatuen Elkartea, Batzoki elkartea eta Santa Krutz Peña.
Hamar arloetan eragin:
- Euskararen transmisioa familian.
- Helduen euskalduntzea.
- Lanbide heziketan euskarazko irakaskuntza bultzatu.
- Udalaren beraren jardun propioa.
- Lan-mundua eta merkataritza.
- Aisialdia.
- Kirola.
- Kulturgintza.
- Komunikabideak.
- Teknologia berriak.
Hamaika jarduera zehatz:
- Kudeaketa planak ekimen berriak bildu ditu, horien guztien artean nabarmenena Mintzalaguna egitasmoa.
- Eta, bestetik, orain arte landu diren beste hainbat ekimen indartu egingo dira. Hala nola, euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko ekimenak, lan munduan euskararen erabilera bultzatzeko aholkularitza eta diru-laguntzak, gida-baimena euskaraz prestatu eta eskuratzeko ekimena, etab.