Kalitatea Fundazioak, Zertifikaziorako Entitate Kreditatu den aldetik, inspekzio eta kontrolak egingo ditu sagastian, instalazioetan eta elaborazio prozesuan, araudiak jartzen duenaren haritik.
Ondoren, Kalitatea Fundazioa berak analisi fisiko-kimikoak egingo ditu laborategi batean, sagardoak araudiak biltzen dituen kalitate parametroak betetzen dituela ziurtatzeko. Bukatzeko, Kalifikazio Komiteak, adierazi beharko du aztertutako sagardo horiek Eusko Labelerako onartuak diren ala ez. Prozesua horren ondoren emango dizkio Fundazioak Eusko Label etiketak onartutako sagardo botilei. Aurtengoa izango da, beraz, Eusko Labeldun sagardoaren lehen urtea. Egun hauetan hasiko dira zeregin horretan, martxoaren 2an hain zuzen. Kalifikazio Komitearen sagardoaren munduko jende ugari dago: enologoak, teknikariak, sumelierak, sagardogileak.
Eusko labelean interesa azaldu duten kupeltegiak 27 izan dira, horietatik 19 gipuzkoarrak. Hauexek: Aburuza (Aduna), Aginaga (Usurbil), Añota (Azpeitia), Astarbe (Astigarraga), Baleio (Oiartzun), Bereziartua (Astigarraga), Calonge (Donostia-Igeldo), Etxeberria (Astigarraga), Eula (Urnieta), Iparragirre (Hernani), Itsas Buru (Hernani), Larrarte (Astigarraga), Lizeaga (Astigarraga), Ola (Irun), Petritegi (Astigarraga), Rezola (Astigarraga), Saizar (Usurbil), Urbitarte (Ataun) eta Urkiola (Donostia).
Aurten 800.000 litro inguru sagardo atera litezke merkatura, %100 bertako sagarrarekin eginak eta Eusko Label zigiluarekin.