Euskara, guztiontzako tokia?: Komunitate aniztasuna espazio berean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 2a, 19:21

“Euskara, guztiontzako tokia?” izenburupean Banaiz Bagara elkarteak topaketa antolatu zuen otsailaren 25ean, Andoainen Udalak Anbrosia Olabide eraikinean duen egoitzan.
Atzoko eta gaurko etorkinak eta euskaldunak espazio berean bizi diren komunitate linguistiko desberdinen arteko harremanaz aritu ziren solasean.

ANDOAIN, 2011-02-25
ANE UNDURRAGA

Euskaraz hitz egiteko debekua bizi izan zuen emakumea, ama hizkuntza galdu duen bereber gaztea, euskaldun berri bihurtu den extremeñoa, euskara ikasteko premia ikusten ez duen marokoarra, euskara ikasi duen gazte katalana eta euskarara hurbildu diren amerikarrak eta afrikarrak parte hartu dute, besteak beste. Banaiz Bagara Kultur Elkarteko Petra Elser izan da topaketako moderatzailea eta berekin batera egon dira Manuel Larramendi Kultur Bazkunako Jon Unanue, Andoaingo AEKko Agurtzane Sarasola, Jatorkin Elkarteko Saad Malec eta ASOLEUS Elkarteko Ana María Porcel González.
Toki berean bi hizkuntza, alegia, bi komunitate linguistiko egoteak bizikidetzari lotutako zailtasunak eragiten ditu. Izan ere, Euskal Herrira datorren edonork bi hizkuntzekin egiten du topo eta, horrek, galderak eta kezkak eragiten ditu ze hizkuntza ikasi eta erabili behar den erabakitzerakoan. Fatima marokoarra da eta ez da euskarara hurbildu haur txikiei arabierazko klaseak ematen hasi den arte. “Haurrek euskaraz baino ez dutenez hitz egiten euskaraz hitz egiten hasi naiz eurekin komunikatu ahal izateko”. Derrigortuta sentitu da, baina intregraziorako beharrezkoa ikusten du euskara ikastea. Ildo horri jarraituz, derrigorrezkoa ikusten du bertokoak eta kanpokoak euskara ikastea ama hizkuntza galdu duen Abderrahim El Hasnaoui bereberrak. “Nire aiton-amonek trasmititu zidaten hizkuntza galdu izanak asko tristetzen nau eta hori euskararekin gerta ez dadin nire ahalegina egiten ari naiz euskara ikasiz”.
Euskaldunontzat kanpotar baten ahotan “kaixo”, “zer moduz” edo “eskerrik asko” bezalako hitzak entzutea poztekoa da, gerturatzeko egiten duten ahalegina erakusten baitu. Etorkinarentzat, bere aldetik, euskara ikasteko erabakia hartzea integratzeko pausu handia da. Ana María Porcel González argentinarrarentzat “Euskalduntzea oinarrizkoa eta garrantzitsua da”. Euskarara hurbiltzeko ahalegina, hala ere, ez du bakarrik etorkinaren borondateak baldintzatzen. “Pertsona batek bere jaioterria uzten duenean frakasatua sentitzen da eta badu nahikoa toki berri horretan oinarrizkoaz arduratzen,” dio Saad Malecek eta nekez hasiko dela euskara ikasten. Astean hiru orduko urte beteko ikastaroa 500 euro inguru da eta hori garestiegia dela esan dute guztiek. Juan Carlos Milano uruguaiarra doako euskarazko klaseetara doa, hala ere, “behin aterpea eta lana izanda”. Ideia horri erantzunez, Andoaingo AEKren izenean Agurtzane Sarasolak esan du: “Zailtasunak egon arren indarrak bildu behar dira gizartea euskalduntzeko, zailtasunak daudela aldarrikatuz”.  
Kultura eta hizkuntza batera doazenez bakoitzak erabakitzen du zein komunitate linguistikoren eta kulturaren parte izan nahi duen. Jon Unanuek dudarik ez du: “Euskara jakitea gehigarri bat da etorkinentzat”. Euskara euskaldun egiten duena dela ez du uste Saad Malecek, hizkuntza ikasi gabe kulturako beste ezaugarri batzuk barneratuz integratzea posible delako. Komunitate marokiarraren izenean hitz egin du: “Euskara ez da etorkinen kolektiboaren parte. Ez dugu hizkuntza gutxitu bat ikasteko beharrik”. Euren komunitatea etengabe ari dela mugitzen gogorarazi du. Hizkuntzari lotutakoak ala ez, baina harremanak behar du existitu datorrenaren eta euskaldunaren artean. Interkonexioa da gakoa Jon Unanueren ustez, “etorkinen kolektiboen eta hamarkada luzez hizkuntza berreskuratzen dabilen euskal gizartearen arteko interkonexioa”. Juan Carlos Milano uruguaiarra erabat ados dago: “Elkarbana ditzagun kulturak. Irekiak gara uruguaiarrak, ikasteko eta erakusteko. Hori bai, ikasten eta egokitzen erakutsi egin behar diguzue”. Izan ere, emigrazioa hartu-eman erlazioa da eta, horregatik, Petra Elser moderatzaileak komunitateen elkartrukearen alde egin behar dela esan du. Milano uruguaiarrak dio, “Ni horrelakoa naiz. Eta zuek?”
Itxiak, euskaldunok sarri diogunez; “pistola jartzen ziguten buruan euskaraz ez hitz egiteko”. Traumatizatuta gaudela esan du frankismo garaian euskaraz hitz egitera debekatuta egon zen emakumeak. “Euskara maite dut, baina ez naiz gai hitz egiteko”. Gaztelerak agintzen zuen duela hamarkada batzuk eta oraindik hizkuntza hegemoniko izaten jarraitzen duenez “egoera hori ulertzeko ahalegina” eskatu die Jon Unanuek etorkinei. Kulturen arteko bizikidetzaz hiz egiteko ulermena da behar dena. Jon Unanuek plazaratu duen interkonexioaren ideiari eutsiz, “Bi kolektiboen arteko ulermena da lortu nahi dena”, alegia, euskaldunon eta etorkien arteko entendimentua. Eta entendimentu horretan sartzen da etorkinek egin behar duten gure egoera ulertzeko ahalegina. Gure lana eurak gure kulturako parte izateko ahalegina egitea da, Juan Carlos Milanoren hitzak hartuta “guztiok maduratzeko, guztiok guztia elkarbanatzeko, guztion artean ideia berritzailez beteriko gizartea eraikitzeko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!