Alkategaiak gogoan Kaldereroen diskurtsoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 2a, 19:19

Ohikoa bilakatu da Udaletxeko balkoitik Kaldereroetako bi erreginek eskaintzen duten diskurtsoa. Irri eginaraztea izan ohi da haien helburua, nahiz eta ez beti hori lortu.
Hauxe, aurten bi erreginek botatako hitzaldia:

“Andoaindar maiteak,

Aurten ere Hungariako kaldereroak herri polit honetara itzuli gara Momo jainkoak argituta, inauteri alaiaren iragarle gisa. Gure zilarrezko ezteiak dira eta urtero bezala hemen gara gogoz eta ilusioz beterik. Gure artean hainbat arrazoirengatik ez daudenak gogoan ditugu. Potorrinak laguntzen nau, nire dama leial, fin eta lirainak. Beheran nire tribukideak ditugu, pertsona zintzo, jator, zuzen eta langileak. Arduradun gisa nire lehengusua, Iñigo Baterias.
Urtarrilean Errege Magoak etorri ohi dira: Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Maiatzean [Udal hauteskundeetan] berriz, beste hiru pertsonai iritsiko dira Andoainera. Gure Meltxor, lehendabizikoa iristen, Gabino [Agudo, H1!] izena du. Badirudi bide onetik doala baina gomendio bat eman nahi diogu: helmugara iristen jakin behar da; ez baita nahikoa lehenengo iristea.
Bigarrena Baltasar [Andoni Baltasar, EAJ] dugu eta berak ondo daki; irribarre polita eta pintura beltza. Horrela herri guztiari ziria sartu eta dirua sakelean gordetzen du.
Hirugarrena orain dela gutxi iritsi da gurera. Baina Estanis [Alkatea, PSE-EE], zer nahi duzu nik esatea?
Ikusitakoak eta gero benetakoak etortzea nahiago genukela. Haiek urrea, intsentsua eta mirra ekarri zuten. Hauek lana eta ilusioa ekartzen dituzte baina denok dakigu gezurra dela. Haiek ume bat gurtzen zuten Belenen eta hauek berriz, dirua eta boterea jauresten dute.
Baina neska gazte bat agertu da, Laida [Elizegi, Aralar] eta guztiontzat pozgarri izango litzake bere aitona [Joxe Mari Olazabal Iñurrita] bezain ona izatea.
Andoain ospetsua izan da. Batetik, Ama Kandida santifikatua izan delako eta bestetik, Kirol Galarengatik. Eta nire ustez eskubaloiko Leizaran eskubaloi taldeak merezitako saria jaso zuen bertan.
Alkateak hitzaldi landua eskaini zuen Andoainen, Kaletxikin eta baita Basteron edota herriko etxean ere. Estanis, ez nuen uste hain txaketeroa zinenik. Agian “pepero” bihurtuko zara. Eta beharbada hurrengo urtean ez dugu balkoi honetan topo egingo, horregatik nire herriak, nire damak eta nik opari bat egin nahi dizugu. Zu lasai egon, ez dela markes tituluaren izendapena, oparitxo bat baizik. Utzi iezaiozu nire damatxoari zuri bufanda hau ezartzen, azkenaldian kalean gehiegi ikusten zaitugu eta.
Bukatzeko, guretzat omenalditxo bat. Aurten bidaia ugari egingo ditugu, gora Huelva eta bere tabako-etxeak, gora Kanaria Handia eta tabako landareak eta aupa Sara Montiel, maite zuen gizonaren zain purua erretzen zuelako.
Bazkari eta afari onak beti kafe, kopa eta puru batekin bukatzen direlako. Agur tabakoaren aurkako legeari, agur presidente, senatari, diputatu eta ministroei. Eta guztion omenez, nire damatxoak eta nik Montekristo pare bat piztuko ditugu.
Goza ezazue Kaldereroetan eta gure Inauterietan!”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!