Aiztondo Basherri taldea: baratzetik zuzenean etxera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 2a, 09:43

Joan den udazkenean jarri zen martxan Aiztondo Basherri kontsumo taldea. Hogeita bat familiak baratzetik zuzenean jasotako produktuak kontsumitzen dituzte, elikadura osasungarriago bat lortuz eta aldi berean baserritarrarekin harremanak estutuz.

Aiztondo Basherri kontsumo taldeko kide dira Iyuya Urrutia, Alaitz Mujika eta Lurdes Gorostegi. Joan den udazkenaz geroztik barazkiz betetako otarre bat jasotzen dute hilero Asteasuko Ibargun baserritik, taldeko kide diren beste hemezortzi kontsumitzaileek bezala. “Badakigu zer jaten dugun: bai nork ekoiztu duen, baita nola eta non ekoitzia izan den ere. Horixe da kontsumo taldeko kide izateak duen abantaila nagusietako bat: elikadura osasungarriago bat izateko aukera ematen du”.
Biolurrek eta EHNEk bultzatuta jarri zen abian Aiztondo Basherri taldea. “Hitzaldi bat antolatu zuten kontsumitzaile eta ekoizleentzat eta, hainbat kontsumitzailerekin batera, taldean parte hartzeko prest zeuden bi ekoizle agertu ziren: Asteasuko Ibargun eta Errezilgo Irure baserriak”. Taldea osatuko zuten kontsumitzaileak bi baserri horiek ikustera joan ziren eta, azkenean, Asteasukoaren aldeko hautua egin zuten, “gertutasunagatik batez ere. Irurekoek nekazaritza ekologikoa lantzen zuten, Ibargungoek, ostera, tradizionala; baina azken finean tradizionala ez da ekologikotik asko urruntzen eta gertukoenekin hastea erabaki genuen”.
Aiztondo Basherri taldea osatua zegoen, beraz: hogeita bat kontsumitzaile eta horientzat barazkiak ekoizteaz arduratuko zen ekoizlea, Asteasuko Ibargun baserria. Une hartan, ordea, Ibargungo baratzean ez zegoen astero hogeita bat familientzat otarra prestatzeko adina barazki, ordura arte ez baitzuten ekoizpena kontsumo taldearen eskakizunen arabera planifikatua, eta horregatik, udaberriko produktuak heldu bitartean, hileroko banaketarekin hastea proposatu zieten. Eta hilero otarrea jasoz dihardute joan den azaroaz geroztik; maiatzetik aurrera astero izango dituzte produktu freskoak etxean, baratzetik atera berri-berriak.

Ekoizpen prozesuaren jarraipena
Otarrea jaso eta hamabost egunera ekoizlearekin biltzen dira, jasotakoaren kantitateari, kalitateari eta barietateari buruz hitz egiteko. “Kontsumo taldean sartu aurretik erosten ez genituen barazki batzuk aurkitu ditugu otarrean, txikoria edo borraja, adibidez. Bilera horietan baratzearen egoera zein den azaltzen digu ekoizleak eta, esaterako, azken bileran, udaberrian jasoko ditugun produktuak gutxi gora-behera zein izango diren erabaki genuen”, argitu dute. Ekoizpen prozesuari buruzko azalpenak ere ematen dizkie ekoizleak: “Aurrekoan patatei buruz aritu ginen. Patata mota ezberdinak ekoitz daitezkeela azaldu zigun baina horietako batzuk ez direla beste batzuk bezain ongi etortzen, eta horien kasuan beharbada posible litzatekeela patata gutxiago jasotzea. Berak horri guztiari buruzko informazioa ematen digu eta gero kontsumitzaileok erabakitzen dugu zer jaso nahi dugun”. Ekoizpen prozesuari buruz asko ikasten ari direla nabarmendu dute Alaitzek, Iyuyak eta Lurdesek eta askotan, barazkiak sukaldean nola prestatzen dituen ere azaltzen omen die ekoizleak.
Barazki kantitatearen arabera, otarre handia edo txikia hauta dezake kontsumitzaileak. Une honetan garaiko produktuekin prestatzen den otarre handiak, esaterako, honakoa dakar: txikoria, letxua, patata, aza, brokolia, Bruselako azak, eskarola kizkurra eta lisoa, porruak eta kalabaza. Hori oinarrizko otarrea litzateke eta hortik kanpo produktu osagarriak ere eska daitezke: intxaurra, sagarra, kiwia, babarrunak, esnea…

Baserritarrei babesa
“Oso gustura gaude ekimenarekin”, adierazi dute taldeko kideek. “Jaten duzunarekiko konfiantza ematen dizu. Horrez gain, galduta dagoen kontsumitzeko modu bat berreskuratzen da, bertako gauzak erosteari eta eroslearekin harremana izateari garrantzia ematen zaio. Gainera, baserritarraren lana ziurtatzen da eta soldata duina ematen zaio, baserritarrak baserritik atera behar izan baitu soldata bat lortzeko. Horrez gain, merkatuan bitartekariak kontrolatzen du prezioa baina hemen bitartekaririk ez dagoenez kontsumitzailearen eta ekoizlearen artean adosten da salneurria”. Ekoizleak eta kontsumitzaileek elkarrekin lan egiteko hitzezko ahozko konpromisoa hartzen dute eta horrek ekoizleari lanerako ziurtasuna ematen dio. “Adibidez, azkenean patatak ez direla ateratzen? Guk kuota berdin-berdin ordainduko dugu, konpromiso hori hartu dugulako”.
Elikadura osasungarriarekin eta baserritarrei ematen zaien babesarekin batera, kontsumo taldearen atzean berrerabilpenaren filosofia ere badago: produktuak ekarri eta eramateko kaxak berrerabili egiten dira eta zabor gutxiago sortzen da.

Talde autonomoak
Iyuyak, Alaitzek eta Lurdesek argitu dutenez, kontsumo taldeen ideia hau Japoniatik omen dator. Handik Estatu Batuetara pasa omen zen eta gero Europan zabaldu. “Euskal Herriari dagokionez, Iparraldean eta Bizkaian dute indarrik handiena. Gipuzkoan orain ari zaio bultzada ematen; besteak beste, Orion, Hernanin, Aian, Usurbilen eta Tolosan badaude dagoeneko kontsumo taldeak”.
Talde guztiek filosofia bera dute baina dinamikari dagokionez bakoitzak erabakitzen du nola funtzionatuko duen. “Gure taldean, esaterako, oinarrizko otarretik kanpo produktu osagarriak eskaintzen dizkigu ekoizleak. Beste batzuek etxean egindako ogia jartzen dute aukeran. Zenbait taldetan oinarrizko otarre horretan aldaketak egitea posible izaten da. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, kontsumitzaileen eta ekoizlearen artean adosten direnak”.
Aiztondo Basherri taldean badute aurrera begirako erronkarik. “Etxeko haziak mantentzea litzateke hori. Esan bezala, ekoizpen prozesu guztia ekologikoa da eta Ibargun baserrian erosten dituzten haziak ere ekologikoak dira. Orain, ordea, EHNEtik ikastaroak eskaintzen ari dira etxeko haziak mantentzeko helburuz, bestela beharbada espezie asko galdu egingo bailirateke. Hain zuzen ere, aurreko bileran horretaz aritu ginen: kontsumitzaileoi interesatzen zaigu etxeko haziak mantentzea, kalitate hori bermatzen baita modu horretan, eta ekoizleak esan zigun badagoela horretarako aukerarik”.

Ateak zabalik
Esan bezala, hogeita bat kide ditu Aiztondo Basherri kontsumo taldeak; Larraulgo, Asteasuko, Adunako, Zizurkilgo eta Amasa-Villabonako jendea dago bertan, 30-40 urte inguruko jendea gehiena, familia gazteak. “Jende gehiagok parte hartu nahiko balu beste talde bat osa daiteke; gu prest geundeke talde horrentzat beste ekoizle bat bilatu eta bien arteko harremana bideratzeko”, proposatu dute. Horrez gain, ikastetxeetan elikaduraren eta kontsumo ekologikoaren gaia lantzen ari dira Agenda 21en baitan. “Galderak iritsi zaizkigu kontsumo taldera, erantzun diegu eta, gaia sakondu nahi badute, eskoletara gerturatzeko prest egongo ginatekeela azaldu diegu”.

Iñaki Sorarrain, Aiztondo Basherri taldeko ekoizlea
Aiztondo Basherri taldeko hogeita bat kontsumitzaileek jasotzen dituzten barazkiak Asteasuko Ibargun baserrian ekoizten dira;
Iñaki Sorarrain da bertako ekoizlea.

Dibertsifikatutako nekazaritza landu izan dute beti Asteasuko Ibargun baserrian, ez baratzea bakarrik. “Esne behiak baditugu, txekorrak ere hazten ditugu, sagastiak ere dezente ditugu… Denetik pixka bat egiten dugu, erabat arlo bati heldu gabe. Horixe ikasi dugu gaztetatik, gure etxean beti horrela egin izan da”, azaldu du Iñaki Sorarrainek. Merkatura ere beti joan izan dira sorarraindarrak; azken urteetan Tolosako azokara joaten dira larunbatero. Horrez gain, inguruko jatetxeetara garaiko barazkien banaketa ere egiten dute.
Aiztondo Basherri kontsumo taldea sortu zenean Ibargun baserrira bisita egin zuten kontsumitzaileek. “Gure ekoizpen prozesua ezagutu nahi zuten, herbizidarik erabiltzen ote genuen, lurrari zer botatzen genion… Biolurko eta EHNEko ordezkariekin etorri ziren, haiek ere euren balorazioa egin zezaten. Une hartan udako generoa geneukan eta udazkenekoa ere hasia zegoen: piperrak eta fruta arbolak bete-betean genituen”.

Lurraren erabilpena
Ibargun baserrian nekazaritza tradizionala jarraitu izan dute beti, eta kontsumo taldeak nekazaritza ekologikoaren irizpideak jarraitzeko proposamena egin zienean arazorik gabe onartu zuten, ez baitzien horrek lanerako orduan aldaketa handirik ekarriko. “Lurra nola erabiltzen duzun eta zer botatzen diozun, horixe da garrantzitsuena eta horixe da baserritarraren esku dagoena. Baserritarrak jakin behar du lurra nola erabili, gero hortik ateratakoa jango baitugu. Hasieratik lurra gaizki erabiltzen bada, horrek gero ez du erremediorik: bota diezazkiokezu herbizidak, abonua, nahi duzuna, baina lurra hondatu egiten da eta handik datorren landarea ere bai. Hor ez dago inongo sekreturik”.
Kontsumitzaileek Ibargun baserrira egindako bisita hartan Biolurko ordezkariak esan zuena gogorarazi nahi izan du Iñakik. “Ongarri bezala erabiliko den simaurrak gutxienez lau hilabete egin behar ditu pilatuta, usteltze prozesua ondo gara dadin. Simaur berria erabiliz gero, zomorroak oso erraz sartzen dira; horiek agertuz gero ongarri kimikoak edo abonu artifizialak erabili behar dituzu eta landareak azkenean xurgatu egiten du hori. Lehen esan bezala, lurrari ematen zaion erabilpena da gure esku dagoena. Ondoren, ekoizlearen eta kontsumitzaileen arteko harremana dator: ekoizleak kontsumitzaileek nahi duten produktua landatuko du, garaian garaikoa”.
Aiztondo Basherri kontsumo taldeko ekoizle bihurtu denetik, beraz, taldearen eskaeren arabera planifikatzen du Iñakik baratzean landatuko duena. Ekoizpen prozesuari dagokionez, sartu duten berrikuntzetako bat plastiko zulodunaren erabilera izan da. “Produktu hobea ateratzen da, batik bat udan, barazkiak gutxiago egosten baitira”, azaldu du Iñakik. Izan dira urteak, eguraldi txarraren ondorioz, landatutako letxu guztiak egosi eta usteldu direnak. Plastikoarekin txukunago eta garbiago geratzen da dena eta, esan bezala, lortzen den produktua hobea da”.

Etorkizunerako aukera
Iñakiren ustez, nekazaritzatik bizi nahi dutenentzat kontsumo taldeak oso garrantzitsuak izango dira etorkizunean. “Nekazaritzan sartu nahi duen gazteari ate berriak irekitzen dizkio sistema honek eta, noski, baita lehendik hortik bizi denari ere. Nekazaritzak urteetan izan duen gainbehera izugarria da eta une honetan ere ematen ari da. Baina kontsumo taldeen sorrera egoera horri aurre egiteko bide izan daiteke. Nire ustez, dinamika honek aurrera jarraituko du eta indartu egingo da. Jendea gero eta gehiago arduratzen da ahora daraman hori nondik datorren ezagutzeaz, eta kontzientzia horrek kontsumo taldeak indartuko dituela uste dut”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!