I. Larraul- Ernio-Larraul mendi lasterketa

Estreinako aldiz mendi lasterketa antolatu du Erniozaleak Kultur Elkarteak. Martxoaren 20an ospatuko da eta parte hartzaileek 15,5 kilometroko ibilbidea burutu beharko dute.

Larraul eta haren inguruak ezagutzeko aukera eskaini asmoz, I. Larraul-Ernio-Larraul mendi lasterketa antolatu du Erniozaleak Kultur Elkarteak. Martxoaren 20an ospatuko da proba. Parte hartzaileek 15,5 kilometroko ibilbidea burutu beharko dute eta punturik garaiena Ernioko tontorra izango da (1.075 m.).

Proba gogorra
Edonork eman dezake izena mendi lasterketa honetan baina, Xabier Mujika Larraulgo alkateak azaldu duenez, “nahiko proba gogorra da, prestakuntza fisiko pixka bat eskatzen duena”. Korrikalariak Larrauldik abiatuko dira (239 m.) eta Ernioko tontorrera iritsi aurretik Lizarzelaitik (445 m.), Irumugarrietatik (771 m.) eta Zelatundik (850 m.) igaro beharko dute, tontorrera iritsi ondoren berriz ere Larraulera itzultzeko.
Izen emate eta sariak
Lasterketa goizeko 10.30ean abiatuko da Larrauldik. Izena eman nahi dutenek www.erniozaleak.com web orrian izango dute horretarako aukera; aurretik egiten dutenek zortzi euro ordaindu beharko dute eta egunean bertan, berriz, hamabost euro kostako da. Antolatzaileek jakinarazi dute masajeak doan izango direla parte hartzaile guztientzat.
Sariei dagokienez, bai gizonezkoen bai emakumezkoen atalean, irabazleak 110 euro jasoko ditu, bigarrenak 80 euro eta hirugarrenak 60 euro.

Hamalau urtez lanean
Erniozaleak Kultur Ellkartea 1997an sortu zen Ernio inguratzen duten zortzi herrietako biztanleen ekimenez. Elkarteak burutu zuen lehen ekintza Ernioko gurutze handiaren 50. urteurrenaren inguruko ospakizunen antolaketa izan zen: batetik, gurutzea eraiki zutenei omenaldi bat antolatu zitzaien eta, bestetik, uztai sendagarriak dituen lehen gurutzearen ondoan zegoen borda berreraiki zuten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!