Edurne Ustaritz, hamarkada oso bat Txilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 2a, 09:40

1999ko urriaren 18an iritsi zen Edurne Ustaritz Txilera. Atacamako desertuan egin zituen lehenengo hiru urteak eta Santiagon gainontzekoak. Hamaika urteren ostean
etxera itzuli da, gelditzeko asmoz.

Zerk bultzatuta hartu zenuen kanpora joateko erabakia?
Gauza askoren topaketa izan zela esango nuke, ez zela arrazoi bakar bat egon. Indar handia izan zuen faktoreetako bat fedetik etorri zitzaidan, alegia, misiolari mundu horretan boluntario gisa banuela zer eskainia; nire bizitzako etapa hartan zerbait gehiago eskain nezakeela iruditu zitzaidan.

Ez zinen, ordea, zuzenean Txilera joan…
Panaman egin nituen hiruzpalau hilabete proba gisa. Handik etorri eta bi urte egin nituen hemen, eta denbora horretan zerbait serioagoa egitea erabaki nuen. Familia, lagunak, lana… dena utzi behar duzu; erabakia hartzeak berak erabaki hori aurrera eramateko indarra ematen dizu baina badakizu gauza asko uzten dituzula atzean eta horrek tristura puntu bat ere badakar, poza nagusi den arren.

Atacamako desertua izan zenuen Txileko lehen helmuga…
Bertan dagoen Mejillones herrira joan nintzen. Ez zegoen, ordea, desertuaren erdi-erdian eta itsasoak salbatu ninduen neurri batean. Paisaia aldetik oso polita da, turista bezala joateko, baina hasieran oso gogorra egin zitzaidan. Etortzerakoan egin dudan bezalaxe egin nuen negar iritsi nintzenean ere. Bat-batean kode guztiak aldatu zaizkizula konturatzen zara; gazteleraz ari dira baina ez diezu tutik ulertzen. Horrez gain, beraiek gu baino azalekoagoak dira; gu, euskaldunak, beti arrazoia aurretik dugula… eta bat-batean sentimenduak eta izpiritua jartzen dizkizute arrazoiaren gainetik. Egokitze fasea gogorra izan zen.

Mejillonesera iritsi zinenean espero al zenuen etxetik kanpo hainbeste urte egingo zenuenik?
Inondik ere ez. Karitateko Mertzedariekin hiru urteko hitzarmena sinatu nuen hara joan nintzenean. Azkenean, ordea, bertan ezagutzen duzun jendeak eta egiten duzun lanak indar handia dute. Mejillonesko institutu batean eskolak ematen nituen, bertako parrokian gazte taldeekin biltzen nintzen, Udalarekin HIESari buruzko programak abian jarri genituen, irrati saio bat ere banuen… Bertako jendeak hitz egiteko behar handia dauka; arazo asko dituzte eta etengabe dabiltza zure bila. Hamar kilo galdu nituen bertan baina oso esperientzia aberasgarria izan zen.

Eta Mejillonesko hiru urte horien ondoren?
Euskal Herrira itzuli nintzen hiruzpalau hilabeterako. Fisikoki ukitua etorri nintzen, oso esperientzia gogorra izan baitzen eta geldialdi baten beharra neukan. Baina Txilen nengoela Santiagon egindako harremanei esker Fundación Cerro Navia Joven gobernuz kanpoko erakundea ezagutu nuen. Txilera itzuli nahi izatera lana banuela esan zidaten eta hara itzultzeko erabakia hartu nuen. Santiagok bederatzi ‘comuna’ edo udal ditu eta horietako behartsuenetariko bat da Cerro Navia. Jende asko dago langabezian, alkoholismoak indar handia du eta azken urteetan drogak ere oso indartsu sartu dira. Horrez gain, lurraldea markatzen duten gazte tribuak sortu dira eta azken urteetan tiroketak ere oso maiz izaten genituen inguruan.

Zer lan egin zenuen Cerro Navian?
Andoaingo Udalak diruz laguntzen duen Maternidad Adolescente programan aritu nintzen lanean. Bertan lan egingo zuten hezitzaileak heztea zen nire zeregina. Astean behin elkartzen ginen beraiekin eta gazteekin lantzeko gaiak nola planteatu zitezkeen aztertzen genuen, gazteek zituzten arazoak aurretik hezitzaileekin aztertzen genituen gero beraiek gazteekin nola jokatu jakin zezaten. Azken batean, gazte horiekin zuzenean lan egingo zuen bertako jendea heztea zen programaren helburua, gazte horien begirale edo hezitzaile zirenei horretarako prestakuntza eskaintzea. Astean behin edo bi aldiz elkartzen ziren neska gazte hauekin eta bizi zuten egoerari aurre egiten laguntzen zieten: besteak beste, amatasuna onartzen lagundu eta neskek eskola utz ez zezaten ahalegin izugarria egin, haurdun geratu eta eskola uzten baitute berehala. Gure helburua eskolara itzul zitezen lortzea zen, ikasketak buka zitzaten; ez zitezela etxean geratu haur bat izan zutelako. Neska bakoitzarekin bizitza proiektu bat lantzen zen, helburu batzuk jarriz. Batzuekin lortzen zen baina beste batzuekin ez, kulturalki gauza asko aldatu behar baitira; Txilen ikasketek ez dute lanak duen karga.

Azkenaldian hainbat berri iritsi zaigu hona Txiletik, meategian harrapatuta gelditu ziren meatzariena, esaterako. Nola bizi izan zen gai hura herrialdean bertan?
Meatzarien irudia indartsu atera da kanpora baina inork ez du jakin hura gertatu baino berrogei egun lehenagotik hogeita hamalau maputxe gose greban zeudela, euren eskubideak aldarrikatzeko. Hango komunikabideetan maputxeen kontu hau ez zein ia aipatu ere egin. Zoritxarrez, herri bezala oso autoestimu baxua dute txiletarrek, asko kostatzen zaie nondik datozen aitortzea, euren sustraiek ez dute ia batere lekurik. Konstituzioko artikulu batean aitortu dute indigenen egoera, izaera, lekua…, baina kito,diskurtsoan daude, ez errealitatean. Eta herri mailan ere ez da indarrik egon, esaterako, maputxeengatik kalera ateratzeko. Aldiz, meatzarien gaiarekin jendea erabat inplikatu zen, hunkiturik igaro zituzten egunak telebistaren aurrean. Meatzariekin bai, maputxeekin ez, nahiz eta azken hauek laurogeita hiru egun egin zituzten gose greban. Azkenean gobernuak mugitu egin behar izan zuen hiltzeko zorian zeudelako baina ikusi egin behar da zenbat kosta zitzaien ministroren bat Araucaniara bidaltzea, bertakoekin eseri eta hitz egiteko.

Beraz, Asel Luzarraga euskal idazlearen kasuak ere ez zuen oihartzun handirik izango…
Ezta batere. Andoaingo pertsona batekin hitz egin nuelako izan nuen horren berri, pentsa. Albistea ezagutu nuenean begira hasi nintzen baina hedabideren batean azaldu bazen atal txiki-txikiren batean izan zen, bazter batean eta kito. Ez dago gai horren aipamenik, ez dago jarraipenik. Harrigarria da. Eta berriro diot, uste dut identitate kontua dela, autoestimu kontua.

Hamarkada pasatxo Txilen igaro ostean, itzultzeko erabakia hartu duzu orain…
Joaterakoan gertatu bezala, orain ere arrazoi bat baino gehiago daude erabaki horren atzean. Nagusiena familia izan daiteke, gurasoak, haiengandik gertuago egoteko gogoa. Bestetik, desgaste handiko lana da, lehen esan bezala oso aberasgarria den arren. Nekea ere tartean izango nuen seguru asko. Eta iazko lurrikara ere oso gogorra izan zen…

Nola bizi izan zenuten une hura?
Oso zaila da hitzez azaltzea, hain izan zen gogorra… Momentu horretan ezin zaitezke zutik mantendu, ama lurraren indarra sentitzen duzu eta ez dizu ez etxeak ez ezerk balio; une horretan ez zara ezer eta “izan dadila izan behar duena” besterik ez duzu pentsatzen. Lurraren ahots hori, zarata hori sekulakoa da. Gero hamar egun pasa genituen lepoko minez, gerriko minez, eta orduan konturatzen zara zer nolako tentsioan egon zinen eta zer nolako ahalegina egin behar izan zenuen. Eskerrak lurrikara goizeko 3:30ean gertatu zen; egunez izan balitz Santiagon bertan hildako asko egongo zatekeen. Hiru minutu luze iraun zuen lurrikarak; minutu erdi bat gehiagoz luzatu balitz ez dakit gure eraikinak jasango zukeen. 8.3 gradukoa izan zen, erraz esaten da hori.

Kulturen Arragoa
Larramendi Bazkunak abian jarri nahi duen Kulturen Arragoa egitasmoaren inguruan ere aritu da lanean Edurne Ustaritz Txilen egon den bitartean. 2000. urtearen inguruan sorturiko egitasmoa da Kulturen Arragoa. Bi erakunde edo elkarteren arteko trukaketa du helburu, euskal kultura kanpoan ezagutarazteko eta euskaldunok kanpoko kulturen berri izateko. “Egitasmoa hainbat tokitan aurkeztu nuen. Rapa Nui proiektuan parte hartzeko prest agertu zen eta hitzarmenaren zirriborro bat ere egin genuen baina gobernu eta udal aldaketak etorri ziren, honi krisia gehitu zitzaion eta une honetan geldirik dago kontua. Argentinako San Salvador de Jujuyk ere zerbait egitekoa asmoa erakutsi du baina oraingoz ez dago hitzarmenik. Ikusi egin behar zer gertatzen den”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!