Hiru urtetako lana ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 2a, 09:37

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira Hutsuneak Betez  emakume taldeak Aljibean argazki erakusketa antolatu du.

Martxoaren 8tik 12ra luzatuko da Hutsuneak Betez emakume taldeak Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira antolatu duen egitaraua. Maxux Albarez elkarteko lehendakariak azaldu duenez, “aurtengo martxoko astea sentimenduz betea izan dadin nahi dugu eta, horregatik, hiru urte hauetan egindakoaren erakusle izango den argazki erakusketa antolatu dugu”. Aljibean egongo da ikusgai martxoaren 9tik 20ra bitartean. “Hasi ginenetik orain arte egin dugunari buruzko oroitzapenak bildu nahi izan ditugu argazkitan. 3.000tik gora ditugu gordeta baina 400 ingururekin osatu dugu erakusketa”. Aljibeara inguratzen denak Hutsuneak Betez taldeak landu dituen gaiak ezagutuko ditu, besteak beste, tratu txarrak, enpoderamendua edo autoestimua, baita urte hauetan zehar egin dituzten omenaldi eta beste hainbat ekintza ere.

Hilaren 11n jaialdia
Emakumearen Nazioarteko Egunerako deitu duten kontzentrazioarekin jarriko dute abian egitaraua. Orain arte arratsaldez egin izan dute kontzentrazio hori baina aurten martxoaren 8a Ihauterietako asteartea dela kontuan izanda egokiagoa iruditu zaie bilkura eguerdira aurreratzea, “arratsaldean dendak itxita egongo baitira eta geu bakarrik geldituko baikinateke”. Hilaren 11n jaialdia ospatuko dute Gurea Antzokian. “Gurekin izango ditugu Aukeran dantza taldeko bi dantzari, Idoia Sanchez ipuin kontalaria eta Beasaingo Asmube emakumeen elkarteko abesbatza, eta amaieran ezustekoren bat ere izango da”, aurreratu du Maxuxek.

Baliabide gutxirekin lan asko
Hiru urte hauetan lan asko egin du Hutsuneak Betez elkarteak baina lan hori egiteko eskura izan dituzten baliabideak urriak izan dira. “Ez daukagu biltzeko lokalik ere, gutxienekoekin etxetik egiten dugu lan. Udalari zerbait konkretua egiteko tokia eskatu diogunean beti utzi digu baina ez digu lokalik eman”, adierazi dute. Eta baldintza horietan lan egitea oso zaila dela diote, ideia interesgarriak dituzten arren lan baldintzek ideia horiek garatzeko aukerarik ez dietelako ematen. Ziur daude toki egoki batekin eta gauzak eskura edukita askoz denbora gutxiago pasako luketela egiten dutena egiten eta horrek gauza gehiago egitea ahalbidetuko liekeela. “Hala ere, emakume bezala ditugun ideiak eta pentsaerak gauzatzen ari garela uste dut. Niri ez dit balio kide bat pankarta batekin kalera ateratzeak gero behar dudanean kide hori nirekin hitz egiteko hor ez badago; etxea zimenduetatik eraiki behar dela uste dut. Eta lehendakari bezala elkarte honetan hitz egiteko espazio hori sortzen ahalegindu naiz, gure kabuz lan egiten eta gure kabuz gauzak lortzen. Zertarako balio du nik ez dakit zer aldarrikatzera Bruselaraino joateak gero ez badugu elkar entzuten eta elkar laguntzen?”, dio Maxuxek.

Emakumeen astea
Martxoak 8, asteartea
    Bilkura Malkar Plazan, 12:00etan.
Martxoak 9, asteazkena
    Argazki erakusketaren zabalpena 18:00etan Aljibean. Ordutegia: Astelehenetik ostiralera: 17:00-20:00. Asteburuetan: 11:00-14:00
Martxoak 10, osteguna
    ‘Recuerdo y Olvido, una clave para la felicidad’ hitzaldi-tailerra Ibon de la Cruz psikologoarekin 18:00etan udaletxeko balio anitzeko gelan
Martxoak 11, ostirala
‘Ikusi, entzun eta... bizi’ emanaldia 20:00etan Gurea Antzokian:
    Nahikari eta Ioritz Galarraga, Aukeran dantza taldeko partaideen erakustaldia.
    Asmube abesbatza.
    Idoia Sanchez ipuin kontalaria: emakumeentzako ipuinak.
Martxoak 12, larunbata
    Bazkaria Olentzon 14:00etan (18 euro).
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!