Alkatearen agurra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 2a, 09:13

Arantza Aburuza Alkortak Jabier Zabalaren eskutik alkatetzaren aginte makila hartu zuen 2003an. Bi agintaldi oso egin ditu, zortzi urte denera. Uzteko garaia iritsi zaiola dio.
Gauzak horrela, hauexek izan daitezke bere azken egunak alkatetzan.

Aste honetan bertan Udal aurrekontua onartu duzue, aurretik herritarrekin batera batzorde irekietan lantzen aritu zaretena.
Horrela da, bai. Otsailean zehar bi batzar ireki egin genituen, urteko aurrekontuaren aztergaia Udal batzarraldian onartu aurretik. Udaletxearen kudeaketan garrantzitsua da aldagai ekonomikoa, hori oso kontutan hartu behar da urteko lehentasunak zehazteko garaian. Diru-sarrerak nabarmen jaitsi dira, orokorra da herri gehienetan. Gastuak, aldiz, asko izaten dira.
Badira urte batzuk bilera parte hartzaileak deitu ditugula. Bilera horietan inbertsioen zerrenda egin genuen, eta lehentasunen arabera sailkatu.

Egitasmo zehatzak aipa al daitezke?
Aldundiarekin batera ermitatik herrigunerako bidea zabalduko dugu. Jakin badakigu Aldundiak obra osoaren % 60a ordainduko duela, gure esku geratuko da % 40aren ordainketa. Obra kostu handikoa izango da, Udalak 220.000 euro inguru ordaindu beharko ditu. Ordainketa moduak eta epeak negoziatu nahi ditugu Foru Aldundiarekin.
Hori izango da obra garrantzitsuena. Beste hainbat ere aipatu dira herri bilera horietan: Hilerrira doan espaloiaren hobekuntza, adibidez.

2011rako Udal aurrekontu osoa zein izango da?
Milioi eurokoa izango da. Sarrerak 700.000 euro aurreikusi ditugu, eta gastuak berriz 1.000.000 euro inguru. Desoreka hori gainditzeko mailegu bat eskatzea aurreikusten ari gara.
Maileguarena sarrerak eta gastuak orekatzeko aukera bat da. Gerta daiteke urteak aurrera egitea eta maileguaren beharrik ez izatea. Oraingoz ez dugu eskatuko baina behar izanez gero aukera horren alde egingo genuke.
Gastuetan aldagai berriak sartu direlako maileguaren aukera ezin da baztertu. Aurtengo aurrekontuetan eragin handia izango du urak. Etxeko ura Ur Kontsortziotik jasotzen hasi garenetik gastua ikaragarri igo da. Baina gastu hori Udalak hartuko du bere gain. Uraren zerga oso txikia da Adunan, eta horrela izango da aurten ere.

Bilera irekietan herritarren partzea zenbaterainokoa izaten da?
Herritarrek proposamenak egiten dituzte: obrak direla, edota hainbat tokiren mantenimendua dela... Haur parkearen ondoko lurrak txukuntzea proposatu digute eta agintaldia amaitzerako eremu hori txukun uztea espero dugu.

Agintaldia amaitzen ari da, orokorrean nola laburbilduko zenituzke azken lau urteak?
Lan handikoa izan da. Herrigunearen egituraketa 80ko hamarkadan aztertzen hasi ziren eta azken lau urte hauetan bukatu da. Ez da soilik herrigunea oinezkoentzat bideratzea, herrigunearen egituraketa osoa aldatu da.
Beste eremu batzuk ere aipatu beharko genituzte: Lardiren urbanizazioa 2008an amaitu zen. Goiburun oraintxe amaitu da. Elbarrena eremua ere argiztatu dugu.
Ezin ahaztu ere eskolaren handitzea, bi haur parkeak edota Loatzo musika eskolako gela berriak. Udal lanpostu berriak sortu ditugu bestalde; udaltzain laguntzailea eta garbitzailea.

Etorkizun hurbilean egitasmo zehatzak al daude?
Bai, 2009an eraikuntza etxe batekin hitzarmena sinatu genuen guk emandako prezioan salneurri tasatuko etxebizitzak eraikitzeko. Egitasmoa hurrengo 2-3 urteetan burutuko da, ermitatik herrigunerako bidean kokatuko den eremuan. 18 etxebizitza salneurri tasatuan eskainiko dira, eta beste 10 salneurri librean.
Bestalde, Adunako erriberan industrigune indartsua eraikitzeko aukera asko dago, epe ezberdinetan gauzatuko litzatekeena.

Balorazioarekin jarraituz, herritarren aldetik zer esan zenezake?
Jabetzen gara gauzak aurrera ateratzeko pertsona beretsuak gabiltzala lanean, eta gero herritarren parte hartzea oso handia izaten dela.
Kultur Astean, adibidez, jende askok parte hartzen du. Baina edozein ekimen bideratzeko pentsatu eta antolatu behar izaten duen lantaldea behar izaten da. Zoritxarrez, aipatu bezala, jende gutxi dabil antolaketan.

Dagoeneko Herri programa bideratzen ari zarete hurrengo hauteskundeei begira, ezta.
Ezker abertzaletik herriaren diagnostikoa egin zen. Ondoren, herritarrei diagnostiko hori banatu zitzaien, parte hartzea sustatzeko inkestatekin batera.
Inkestaren bidez erantzun asko jaso ditugu, eta ia denen balorazioa positiboa izan da. Jendea orokorrean ados eta gustura dago, nahiz eta faltan bota ditugun herritarren proposamen eta ekarpen gehiago.

2003an Adunako Elkarte Herritarra izenpean aurkeztu zineten eta 2007an, berriz, ANV ezker abertzalearen izena erabili zenuten. Maiatzean zein marka erabiliko duzue?
Lanean ari gara. Ezker abertzalearen aukera aztertzen ari gara, zerrenda independientea erabiltzea baztertu gabe.

Herri ekimena alde batera utzi eta ezker abertzalearen izenpean aurkeztu izan eta gero, herri ekimenaren formulara itzultzeko eskaerak jaso al dituzue herrian?
Bai, eta alde horretatik herri programaren garapenean jaso ditugu eskaera bat baino gehiago. Ez dugu baztertzen aukera hori, baina ideia politikoak ditugun pertsonak gara. Eta gu guztiak ideia politiko berdinekoak izatean, logikoa ere bada ezker abertzalearen ildoari jarraitzea.

Alkatetzarako aurkezteko asmoa al duzu?
Nire asmoa uztea da. Sartu nintzenean zortzi urteko zikloa beteko nuela adostu genuen. Jabier Zabalaren laguntzarekin lehen lau urteetan neurria hartu nion udalgintzari, ikasketa prozesu polita izan zen. Orduan martxan jarritako ekimenak bigarren agintaldian bideratu dira.
Esan bezala, alkatetza uztea pentsatuta daukat. Nahiko nuke beste batek lekukoa hartzea.
Nekatuta nago, eta nire bizitza pertsonalari denbora gehiago eskaini nahi diot. Alkatetzan nago batere liberatu gabe, Anoetako udaletxean lan egiten dut eta horrez gain alkatetzari denbora piloa eskaintzen diot.
Argi daukat kargua utzita ere udalgintzan lanean jarraituko dudala, datozenei laguntza osoa eskainiz. Hurrengo alkateak nire laguntza izango du, behar duenerako.

Zortzi urte hauetako esperientzia ona izan al da?
Bai, gustura egon naiz, nekagarria izan bada ere. Une gogorrak bizitzea ere tokatu zait, niri eta nire inguruari eragin diotenak. Une gogorrak egon dira baina herria nola garatu den ikusita oso gustura nago. Adunako bizi kalitatea ona da, zerbitzu ugari eskaintzen dira. Krisiak gogor kolpatu gaitu baina oso ondo erantzuten ari gara. Hori guztiagatik oso pozik noa.
Gogoan izan nahi ditut nirekin egon diren zinegotziak, laguntza handia eman didatelako.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!