Oso aberasgarria, zalantzarik gabe. Emakume talde hauetan adin ezberdinetako emakumeak elkartzen dira eta oso interesgarria izaten da, esaterako, 30 urte dituen neska gazteak 65 urteko emakumearen esperientzia entzutea, eta baita alderantziz ere, guztiz ezberdina baita batak eta besteak ezagutu duten egoera. Garapen pertsonala lantzea da gure helburua eta taldeko dinamika egokia da hori burutzeko.
Zein gai lantzen dituzue talde horietan?
Taldeekin adosten ditugu landuko ditugun gaiak, beraiei galdetzen diegu zeri buruz aritzea interesatzen zaien. Seme-alabekiko harremanari buruz askotan aritzen gara, autoestimuaren gaia ere ia talde guztietan ateratzen da, emozioen kudeaketa, komunikazioa, berdintasuna, genero heziketa, familia egiturak, gizarteak dakartzan aldaketak eta horietara egokitzeko moduak…
Genero heziketa aipatu duzu…
Beharrezkoa da hainbat kontzeptu garbi izatea, eta horietako bat generoarena da. Generoa gizarteak, kulturak sortzen duen eraikuntza bat da, ez da biologiarekin datorren zerbait. Bat neska edo mutila jaiotzen da eta sexu horren arabera gizarteak portaera batzuk, sentimenduak garatzeko aukera batzuk eta psikologikoki gauzak ulertzeko modu batzuk emango dizkio; mutila bada modu maskulino batean jokatu behar du eta neska bada, era femeninoan. Haurrak 2-3 urte betetzen dituenean maskulinotasunarekin edo femeninotasunarekin identifikatzen hasten da, eta horri dagokion papera betetzen. Eta paper hori betetzen ez badu, arraroa izango da.
Baina generoarekin identifikatze hori modu erabat inkontzientean egiten dugu, ezta?
Erabat. Denok kultura jakin batean hezten gara eta esfortzu bat egin behar dugu generoak duen esanahiaz eta eraginaz konturatzeko. Emakumea horretaz jabetzea, ordea, oso garrantzitsua da, sozialki izugarrizko eraginak baititu. Politika mailan, esaterako, proiektuak aztertu behar direnean, egiten al da ikerketarik genero ikuspegitik? Ez, noski, baina egin beharko lirateke, gizonek eta emakumeek edozein proiektu ikuspegi ezberdinetatik ikusten baitugu. Genero ikuspegia kontuan izanda garatu beharko lirateke proiektuak: hirien antolaketan, esaterako, argitasuna, arrisku eremuak… emakume batek eta gizon batek ezberdin ikusten dituzte. Badaude generoari loturiko zenbait eskakizun ase beharko genituzkeenak baina planteatu ere egiten ez direnak.
Berdintasunaren kontzeptua ere askotan ez da ondo ulertzen…
Ez, emakumeok ere gaizki ulertu dugu urte askotan zehar. Berdintasuna gizonen portaerak imitatzearekin identifikatu dugu eta hori okerra da; bakoitzak bere izaera mantenduz gizarte mailan aukera berdinak izatean datza berdintasuna, eta hori lortzeko gauza asko aldatu behar dira. Urte gutxitan gauza asko lortu dira, eta hori esan egin behar da, oso garrantzitsua izan baita. Baina egin den horrekin guztiarekin berdintasunera iritsi al gara? Ez dut uste. Gainera, nire ustez, berdintasuna baino egokiagoa da ekitate kontzeptua kasu honetarako. Formak aldatu ditugu, baina muina? Muina aldatzea lortu bagenu emakumeen kontrako biolentzia izango al genukeen gaur egun?
Eta zer egin muinera iristeko?
XXI. mendean hainbat erronka ditugu. Batetik, emakumeen kontrako biolentzia desagerraraztea, eta horretan estatuak inplikatu beharko du. Gizartearen arazo bezala ikusi behar dugu gai hori, ez emakume bati tokatu zaion zorte txar bezala. Bestetik, etxeko lanen banaketa dago, askok uste baino garrantzitsuagoa dena. Zenbait ikerketek diotenez, etxean benetako berdintasunean jokatzen duten gizonezkoak %7 besterik ez dira; ikerketa etxean laguntzen duten gizonezkoen kopurura zabalduko bagenu, portzentajea %51ra igoko litzateke. Baina berdintasunaz ari gara, ez laguntzaz. Hirugarrenik, botereari lotutako postuak lortzeak ere gure erronken artean egon beharko luke. Emakumeok lan merkatuan sartu gara baina benetako botere postuetan oso emakume gutxi dago.
Emakumearen eguna Asteasun
- Martxoak 5, larunbata: 11:30etan emakumeen ibilaldia bidegorritik.
- Martxoak 8, asteartea: 19:00tan: Baginaren bakarrizketak antzerki emanldia, udaletxean.
- Martxoak 12, larunbata:
15:30ean: ‘La maleta roja’.
18:00etan: ‘Nola uztartu bizitza pertsonala eta laborala’’ hitzaldia. Hizlaria: Jone Miren Hernandez, EHUko irakaslea. Ondoren merienda eta omenaldia.
21:00etan afaria eta dantzaldia Olentzon.