Atzerrikoen ahotsa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mar. 2a, 08:59

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, martxoaren 10ean mahai-ingurua ospatuko da Zizurkilgo Atxulondo Kultur Etxean ‘Nola bizi dira atzerritar emakumeak Euskal Herrian?’ izenburupean.

Gai honi buruz jasotzen dugun guztia telebistatik iristen zaigu eta horren arabera irudikatzen dugu nolakoa den emakume musulmana edo nolakoa indigena. Hurbil gaitezen beraiengana eta ikus dezagun  hori ote den benetan transmititzen diguten errealitatea”. Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, atzerritar emakumeari buruzko mahai-ingurua ospatuko da Zizurkilen martxoaren 10ean eta hitz horiekin azaldu du Arantxa Zabalak, antolatzaileak, solasaldiaren helburua. Ondo ezagutzen ditu Zabalak emakume emigranteak, harreman handia baitu beraiekin. “Batzuetan mamuak bailiran ikusten ditugula iruditzen zait; kalean batetik bestera dabiltza baina ez dute traturik bertakoekin. Eta askotan hori ez da gure erruz bakarrik gertatzen, beraiek ere badute hor ardurarik”.

Hizlariak
Jatorri ezberdinetako emakumeengana jo du Arantxa Zabalak mahai-inguru hau antolatzerakoan eta ordezkaritza zabala bildu du. Silvia Carrizo argentinarra izango da hizlarietako bat, Malen Etxea Elkarteko kidea eta emakume emigrantearen gaia gertutik jarraitu duena. Mundu arabiarreko ordezkari bezala Fatima Nciri marokoarra gerturatuko da, SOS Arrazakeriako kolaboratzaile dena. Biltzen Elkarteko kide den Lucie Valentine berindarrak ere parte hartuko du mahai-inguruan, baita Mujeres Del Mundo taldeko lehendakari den Inés Mamani Castro boliviarrak ere. Bilgune Feministaren izenean Oihana Lopetegi etorriko da eta guztien jarduna Maider Eizmendi kazetari zizurkildarrak gidatuko du.

Herritar guztiei zuzendua
Solaskide bakoitzak hamabost minutuko tartea izango du bere errealitatearen inguruan hitz egiteko, alegia, genero ikuspegitik bere komunitatean bizi duten egoera deskribatzeko: emakumearen egoera zer moduz ikusten duten, euskal gizartean sartzeak zer suposatu dien, bizimodu berriak ekarri dizkien alde on eta txarrak…
Arantxa Zabalaren ustez mahai-inguru hau herritar guztien intereseko izan liteke. “Hilaren 10ean solaskide izango ditugun emakumeetako batzuek hitzaldiak eman ohi dituzte baina saio horiek beti foro itxietan izaten dira, emakume taldeetan askotan, baina ez herri osoari begira, eta iruditzen zait jauzi hori eman behar dela. Gero, datorren jende kopurua errealitatearen isla izango da, alegia, kopuru horrek erakutsiko digu emakume emigrantearen egoerak zenbaterainoko interesa pizten duen gure gizartean”. Zabala jabetzen da interes hori ez dela oso handia “baina etortzen direnak ongi etorriak izango dira. Hurbil gaitezen pixka bat beraiengana eta senti dezatela babesa edo, gutxienez, beraiekiko interesa”.

Atzerriko emakumea Euskal Herrian
Egitaraua
Martxoak 9:
    19:00etan
    Atxulondo Kultur Etxean
    Eskulan eta patchworkeko taldeen erakusketaren inaugurazioa.
Martxoak 10:
    19:00etan
    Atxulondo Kultur Etxean
    ‘Atzerritik Euskal Herrira: Nola bizi dira atzerritar emakumeak Euskal Herrian?’ mahai-ingurua.
Martxoak 12:
    Ekain Berrira irteera eta Zumaian bazkaria. Prezioa 28 euro. Izen emateak: Udal bulegoetan eta liburutegian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!