Emeki-emeki osatuz joan zen emakumezkoen lasterkari taldea Andoainen, eta emeki-emeki sendotzen ari da. Igandero, esan dezagun. Izena ere badute, esanahiez betea: Emeki-emeki. Partaideen kopurua goruntz doa ekimena irekita baitago lagun giroan korrika aritu nahi duen guztiarentzat. Geroz eta gehiago dira, aurreko igandean ateratako taldeko argazkia ikustea besterik ez dago. Hitzordua ere finkoa da: igandero goizeko 08:30etan Trentxikiko iturri inguruan. Kopurua goruntz doala ikusita, larunbatero ateratzeko hitzordua ere ipintzekotan dira. Iturritik abiatuta, ordubete inguruko saioa egiten dute baina igande horretan hasiberririk elkartzen bazaie, hark ahal duen erritmoan eta ahal duen distantziara arte laguntzen diote.
Lagunarteko giroan
Helburua ez baita markak hobetzea. Kirola egitea eta ondo pasatzea baizik. Eta, diotenez, ederki pasatzen omen dute. Eguberrietatik honuntza bereziki taldea sendotuz joan da. Dozenatik gora korrikalari elkartu izan dira Urte Berritik hona. Efektu biderkatzaileari eutsi nahi diote, “gero eta gehiago gara, eta taldea zabaltzen joaten bada askoz hobe. Asko dago bultzadatxoa behar duena korrika egiten hasteko eta taldean askoz ere errazagoa da nagiak astintzea eta aldapak gainditzea”. Ekimenaren abiapuntua Lilathon lasterketan aurkitzen da. Azken urteetan emakume andoaindar koadrilatxoa ateratzen da. Batzuk bere kasa entrenatzen ziren eta binakako taldetan beste batzuk. Iazko lasterketan, kasik nahi gabe, hau eta hura eta beste hori ere ateratzekoak zirela jabetzen joan eta lasterketa prestatzeko koadrilatxoa osatu zuten. Kamisetak ere egin dituzte Emeki-emeki taldekoek. Santakrutzetan, Etxeberrietako krossean edota Villabonako San Silvestre lasterketatan parte hartu dute, besteak beste. Sasoiko daudenak Behobia-Donostian ere ateratzen dira. Emeki-emeki taldeak eskuak zabalik hartuko ditu lagun giroan korrika aritu nahi duten herrikideak. Igandero 08:30etan Trentxikiko iturritik ateratzen dira, eta ez dute baztertzen larunbatero korrika egiteko beste talde bat osatzea.
Lilatoiari begira
Andoaingo Emeki-emeki taldeko kideak bezalaxe, Aiztondoko emakumezko ugari Donostiako lasterketa ezagunari begira daude. Iazkoan parte hartze aldetik igoera ikusgarria izan zen. Aurten ere parte hartze polita espero da.
Lilatoia, 5 km-ko lasterketa
Martxoak 13, igandea. 11:00
22. Lilatoia / 3. Lilarollerra
Irteera: Donostiako Bulebarra.
2009ko partaidetza: 1280.
2010eko partaidetza: 1965.
Info: www.lilaton.com
Oharra: 14 urtetik azpikoek baimena aurkeztu beharko dute.