Trikiti errealzaleen talde berria Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 23a, 21:58

Trikiti errealzaleen talde berria osatu da Urnietan. Lehen pausuak besterik ez dituzte eman, baina gogotsu dabiltzala dirudi. Urnietar gehiagori ateak irekitzeko prest daude, gainera. Baldintzak oso argiak dira: errealzalea izatea eta une atseginak igarotzeko gogoz egotea. Hauexek ordezkarien adierazpenak:

Zergatik sortu duzue Trikiti taldea eta zein da zuen helburu nagusia?
Trikiti.
Guk taldea sortu arte Urnietako herrian ez zegoen errealzaleen talde aktiborik eta hau izan da Trikiti sortzera bultzatu gaituen arrazoi nagusia. Hilabete luze batzuk eta gero, taldearen ofizialtasuna lortu dugu behingoz.
Taldearen helburu nagusia, Urnieta eta inguruko herrietako ahalik eta Errealaren jarraitzaile kopuru handiena biltzea da. Behin hori lortuta, Errealarekin harremana duten hainbat jardueratan parte hartzea gustatuko litzaiguke: partidak, batzarrak...

Zenbatek eta zein adin tartekoak osatzen duzue Trikiti?
Gaur egun taldea 28 pertsonak osatzen dugu. Mota guztietako jendea biltzen gara bertan; gizonezkoak, emakumezkoak... Adin tartea 20 eta 46 urte bitartekoa da. Jarri dugun baldintza bakarra adin nagusikoa izatea da, 18 urte baino gehiago izatea alegia. Ondo pasatzeko gogoa izatea ere ezinbestekoa da, noski.

Zein jarduera antolatu duzue urte honetara begira?
Maiatzaren 15erako Sevillara irteera bat aurreikusi dugu. Trikiti taldekoa ez izan arren, edonork izena eman dezake bidaian joateko.
Gure asmoa urtean zehar bost bidai egitea da eta denborarekin Anoetako estadioan taldekide guztiak bateratzea nahiko genuke.

Zergatik Trikiti izena?
Oso istorio luzea da, baina izena erakargarria eta atsegina iruditzen zaigu.
Edozein errealzale ongi  etorria izango da Trikiti taldera! Animatu zaitezte!


Trikiti taldearekin
kontaktuan jartzeko:

Egoitza nagusia: MOVIE taberna
Helbidea: Idiazabal kalea, 10.
658 756 155
barmovie@hotmail.com
Facebook-en: “Trikiti taldea” orria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!