Basteron eskaintza berezia zinemazaleentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 23a, 21:58

Hirutek Zerbitzuak enpresa Juan Carlos Oianluze, Rikardo Intxausti eta Joxi Alonso kideek osatzen dute. Urte batzuk dira Andoaingo Bastero zine aretoaren programazioaren ardura hartu zutenetik. Tolosako Leidor aretoan ere egiten dute lan, nahiz eta han zerbitzu teknikoa eskaini soilik. Tolosako Udalak antolatutako bonoek herritarren artean lortutako arrakasta ikusita, Andoainen ere bono sistema ezartzeko saiakera egin dute. Sistema horri esker film bakoitza 2,5 euroko prezioan ikusi ahal izango dute andoaingo zinezaleek. Argi dago eskaintza interesgarria dela. Hauxe sustatzaileen ikuspegia:



Zergatik erabaki duzue Andoainen bonoen sistema ezartzea?
Hirutek Zerbitzuak. Tolosako Leidor aretoan lan egiten dugunez, lehenengo pertsonan bizi izan dugu bonoen salmentari esker Tolosako Leidor zineak lortutako bultzada. Andoainen antzeko zerbait egin genezakeela pentsatu genuen, ikuslego kopurua igotzeko bultzada txiki bat emateko. Oraingoz froga bat da.

Zer espero dituzue?
H.Z. Ez dugu ezer berezirik espero. Emaitzak ikusteko froga egin nahi dugu. Ikusleen kopuruan igoera espero dugu, noski.
Beste herrietako zinemekin alderatuz, Basterora zinemara oso jende gutxi joaten da. Urbil merkatalgunea bertatik bertara dago eta hori izan daiteke arrazoi nagusia. Kontua da oso jende gutxi gerturatzen dela filmak ikustera eta egoera honi aurre egin nahi diogu.
Azken finean, herriak zinemarako zaletasuna izatea nahi dugu. Zinemara joatea bultzatu eta betidanik joan direnak saritu nahi ditugu. Bastero film emanaldietan beteta ikustea gustatuko litzaiguke, pelikulak onak dira eta.

Tolosa eta Andoainen artean ezberdintasun handirik al dago herritarrek zinearekiko duten jarreran?
H.Z. Tolosa beti izan da zinemarekiko ohitura handia duen herria. Andoainen orain dela hiru edo lau urte hasi ginen lanean eta berehala konturatu ginen Andoain ezberdina dela. Tolosako Udalak ezarritako esperientzia ikusi eta gero, Andoainen ere bonoekin frogatzea erabaki genuen.

Andoainen bonoen sistema ezartzeko Tolosan bezainbeste aukera izan dituzue?
H.Z. Andoainen guk antolatzen dugu programazioa, gurea enpresa pribatu txikia da; beraz, ezin dugu Tolosan bezainbeste arriskatu, bertan Udalak antolatzen duelako. Andoaingo egoera ezagututa, ahal dugun neurrian bonoak ezarri nahi ditugu ahalik eta emaitza hoberenak lortzeko.

Asko kostatu zaizue bonoen ekimena martxan jartzea?
H.Z. Andoaingo Udal Kultura Batzordearekin harreman ona dugu eta beraiek proposamen batzuk egiten dizkigute. Gu ere zinearen alde saiatzen ari garela erakutsi nahi diegu.  Lehenago ere beste proposamen batzuk aurkeztu genituen baina ez ziren gauzatzera iritsi. Oraingo honetan kosta zaigu baino bonoak martxan jartzea lortu dugu.

Bonoei esker lortutako emaitzak onak badira proiektu berririk abian jarriko al duzue?
H.Z.  Bonoei esker lortutako emaitzak onak badira, Tolosan bezala asteburuero bi pelikula jartzen has gaitezke. Edota ostiralean ere zinema eskaintzen hasi. Basteron arazo txiki bat dugu, aretoak duen programazioa dela eta, ezin dugula nahi dugun guztietan pelikularik eskaini. Egoera ezagututa ahal dugun guztia egiten saiatzen gara.

Zeintzuk dira hurrengo asteetan Basteron proiektatuko dituzuen filmak?
H.Z. Asteburu honetan También la lluvia eta Enredados eskainiko ditugu. Hurrengo asteetan, berriz, Primos, El Santuario, El discurso del rey,  Valor de ley… Eskaintzen dugun programazioa ona da. Beraz, bonoei esker jendea zinemara joaten animatzen bada film gehiago jarriko ditugu, baina horretarako herriaren erantzuna zein den jakin beharra dugu.

Bonoez gain, ba al duzue beste ekimenik buruan?
H.Z.  Udal Kultura Batzordearekin batera saiatzen ari gara pauso bat gehiago ematen: proiektore digitala ezarri nahi dugu Basterora. Aukera paregabea litzateke 3D sistema ezartzeko ere. Hori lortuko bagenu, proiektore digitala duen Gipuzkoako lehenengo Udal zinema izango litzateke.
Gu zinemaren mundutik gatoz eta mundu hori maite dugu. Zinemaren merkatua nola dagoen ikusita, zinemak aurre egin dezan lagundu nahi dugula argi daukagu, ezin dugu galtzen utzi. Enpresa txiki bat gara baina ahal duguna egiten saiatzen gara. Gogo handiz ari gara, gainera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!