Olga Hernandezek frantsesa irakatsi, eta euskara ikasi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 23a, 21:56

Olga Hernandezek (Madrid, 1967) hizkuntzen irakaskuntza du bizibide. Frantsesa eta gaztelera irakasten ditu eta jardun horretan makina bat arrazoiengatik hizkuntza ikastera jarri diren ikasleak ezagutu ditu urtetan: etorkinak, langabeak, ikasleak, bidaiazaleak, eskubaloiko jokalari atzerritarrak… Ikasle izatea ere egokitu zaio azken aldian, euskara menperatu nahian baitabil.   

Madrilen jaiota nolaz Andoaineratu zinen?
Olga Hernandez. Gurasoak Extremadurakoak ditut baina bizimodua aurrera ateratzeko handik atera behar izan zuten; Madrilen bolada bat egin zuten, eta niri hantxe jaiotzea egokitu zitzaidan. Aurretik gurasoak Alemanian ere izan ziren lanean, eta beti gogoratu izan didate Alemanian sortu nindutela. Andoainera nik bizpahiru urte nituela etorri ginen.

Nola iritsi zinen irakaskuntzara?
O.H. Geografia eta historiako lizentziatura ikasi nuen lehenbizi. Gero frantsesezko titulua lortu nuen hizkuntza eskolan eta, segidan, goi mailako ziurtagiria ere eskuratu nuen Cervantes Institutuaren parekoa den Frantziako erakundearekin. Horretara iritsita, orain hamabi bat urte gaztelerazko eskolak atzerritarrei emateko titulua lortu nuen.

Hizkuntzen irakaspena izan da, beraz, zure betiko lanbidea…
O.H. Bai. Elduaien hizkuntza akademian hasi nintzen, eta geroztik han hemen jardun dut. Cei formación etxean lan egin dut. Une honetan Andoaingo Gonzalo akademian ari naiz frantsesa ematen. Horrez gain, Bidebietako Zubeldia akademian ordu batzuk ematen ditut, eta azkenik, Lasarten Lanbide erakundean izena emanda dauden langabetuekin nabil; etorkinei gaztelera eta hemengoei curriculumak, aurkezpen gutunak… gazteleraz zuzen nola idatzi erakusten diet.

Ez al da pixka bat harritzekoa, Frantziako estatua hor hain gertu eduki arren, zeinen gutxi irakatsi ohi den frantsesa gurean?
O.H. Harritzekoa bada, bai, eta ez dakit zehazten zergatik izan daitekeen. Ondarretako ikastetxean frantsesa ikasi nuen, eta gero Leitzarango institutuan ere berdin jarraitu genuen. Hala ere, gure ondorengoei ingelesa irakasten hasi ziren. Egia da gurea nahiko salbuespena izan zela irakaskuntzan. Ez dakit prestigio kontua den edo zer den. Uler dezaket lana bilatzeko esatea nahiago duela ingelesa, baina Donostiatik Irun alderako eremu horretan askok lana frantsesa ikasita lortzen dute. Bidaiatzeko ere, adibidez, munduko hainbat herrialdeetan zehar ibili zaitezke frantsesa ahoan duzula…
Ez dena normala da hemen frantsesa oso gutxik jakitea. Pasadizu bat kontatuko dizut: lehengo batean Gudarien Etorbideko horretan, frantsesez besterik hitz egiten ez zuen koadrila bat hurbildu zitzaidan; Buruntza auzoko sagardotegi baten bila zebiltzan, galduta. Lasai zetozen han esan omen ziotelako inguru honetan edozeinek erantzungo ziela frantsesez. Neu topatzean izugarrizko zortea izan zutela  erantzun nien.

Frantsesa ikastera joaten diren asko ez dira tituluaren atzetik joango, ezta?
O.H. Denetariko motibazioak dauzkate ikasleek, baina ez dut uste ingelesarekin bezain instrumentalak direnik askotan. Badira lantokiak behartuta joaten direnak, baina hala ere, gehiago dira plazerragatik nahi dutenak, turismoa aisago egiteko, edo erosketak egiteko muga zeharkatzen dutelako…

Tolosako harrera etxean ere gaztelera irakasle izan zinen adin txikiko etorkinentzat…
O.H. Eskarmentu handiko esperientzia izan zen niretzat, denetariko pertsonak topatu nituelako. Etorkinei buruzko topikoak hautsi zitzaizkidan. Hala ere, nahiko bizipen gogorra gertatu zen. Behartuta etortzen ziren lezioetara, ez borondatez. Egin dezagun kontu zein den haien egoera: mundu arrotz batean familiarik gabe, dirurik gabe, hizkuntza menperatu gabe, berez gatazkatsua den adin batekin… Leku askotan ibilitakoak ziren Espainian zehar; horietako bat kamioi baten azpian sartuta iritsi zen Marokotik…
Behin batek lapurreta txiki bat egin zidan, eta beste behin bi elkarrekin borrokan hasita, tartean harrapatu ninduten. Nolanahi ere, anekdotatzat har daitezke gertaera horiek; batzuk behintzat jatorrak eta langileak ziren, dena kontra eduki arren. Beste batzuri, ordea, asko kostatzen zitzaien ulertzea bitartekoak jartzen zitzaizkiela eskura, gizarte honetan pixka bat molda zitezen etorkizunean; arrazistaren salaketa berehala botatzen zizuten edozein agindu emanez gero.

Bera Berako esku baloiko fitxaketen irakasle ere izana zara orain aurretik…
O.H. Bost jokalariri erakutsi diet gaztelera abendura bitarte: Katarina Tomasevic eta Anita Campa (Serbia), Anna Punkho (Errusia), Wendy Obein (Frantzia) eta Melinda Berta (Hungaria) jokalariei hain zuzen. Itzultzaile funtzioa bete zuen Punkhoren bitartez gauzak aisago egin ahal izan ziren; izan ere, Punkho aurreko denboraldian etorritakoa zen, eta bazekiena pittin bat gaztelera; bestalde, serbiarrek ere ulertzen dute errusiera. Zailena Hungariako Bertarekin gertatu zen, tutik ez baitzekien ez errusiera, ez gaztelera. Azkenean mimika, keinu eta marrazkien bidez nola edo hala komunikatzea lortu genuen, eta nik uste denekin ere gazteleraz pittin bat moldatzeko adina ikasi zutela.
Niretzat mundu berri bat zena deskubritu nuen, emakumeen eskubaloiarena, alegia. Ez dut batere ezagutzen kirol hori, baina edonor gonbidatuko nuke Bera Beraren partida bat ikustera joatea: izugarrizko ikuskizuna eskaintzen dute.  

Euskarari dagokionez, ikasle zaitugu azken urtetan…
O.H. Bigarren profila lortu dut orain egun batzuk; EGA baino eskasagoa da, baina pozik txoratzen nago. Bide luzea daramat euskararekin (Maizpiden, AEKn, HABEn…); frantsesa baino gehiago ari zait kostatzen menperatzea (gaztelera delako nire ama hizkuntza agian), baina ez dut etsia hartu inoiz. Tarteka esan izan didate dauzkadan tituluekin estatuko beste norabaitera joanda errazagoa edukiko nukeela irakastea, baina ni pozik bizi nahiz hemen eta euskararekin jarraitu nahi dut.
Elkarrizketa hauxe euskaraz egiteko gauza naizela ikusteak, esaterako, aurrera jarraitzeko animatzen nau.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!