Estanis Amutxastegi PSE alderdiko Udal hautagaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 23a, 21:55

Aurreko astean Iñaki Arriola PSEko buruzagietakoa alboan zuela, Udal hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu zuen.



Bi urte beteko dira Santakrutzetan alkatetza hartu zenuenetik eta orain lehen aldiz alkategai gisa lehiatuko zara Udal hauteskundeetan. Alkatetzan egotearena zer nolako esperientzia izan da?
Estanis Amutxastegi. Alkate-orde izan nintzen ia sei urtez, eta hainbat ardura neregain nituen. Alkatea laguntzen aritu nintzen beharrezko zen gai guztietan. Diferentzia badago, orain neu naiz alkatea. Erantzukizun osoa orain nirea da.
Ondo daramat. Nire bizitza osoan, politikan edo lantokian, ardurazko postuetan egon naiz. Hainbat kasuretan oso bakarrik sentitzen naiz eta hainbat erabaki bakarrik hartu behar dira. Krisi garai honetan, herritar batzuren egoera oso zaila da. Hainbatetan arazoa konpontzen ahalegintzen gara eta besteetan ezinezkoa zaigu. Horrelakoetan oso zaila da ezezkoa esatea.

Kargua hartzean adierazi zenuen herritarrek bere garaian baloratuko luketela zuk egindako lana. Udal hauteskundeetan neurtuko dutela, alegia. Zuk zeuk nola baloratzen duzu egindako lana?
E.A. Gogo biziz jardun dut alkatetzan. Gauzak ondo egiten ahalegindu naiz, umiltasunez jokatu behar da eta seguru nago dena ez dudala ondo egin. Baina ahalegindu naiz. Andoaindar guztientzat lan egin dut, bereziki hori nabarmendu nahi dut. Herritarren zerbitzura lan egitea, horixe izan da nire izpiritua. Ikuspegi horrek gidatu nau bi urte hauetan.

Oposizioaren lana baloratuko al zenuke, banan bana?
E.A. Alkatetzan eman ditudan bi urteetan denok egin dugu lan. Beste tokietan egon daitekeen zalaparta ez da hemen sortu. Oposiziokoek ere lana gogotik egin dute. EAJ-PNV alderdiarekin akordioetara iritsi gara, Udal aurrekontuak erabakitzeko esaterako. Hamaikabat ere lanean aritu da. Oposizioa lehen lerroan egon da, azalpenak eskatuz hainbatetan. Eta elkarlana eskainiz beste zenbaitetan.
Oposizioaren lana fiskaltzaren parekoa da, bere betebeharra hori dutelako. Hori bakarrik ez, gai garrantzitsuenetan ere lanean aritu dira. Horregatik ezin dut oposizioa gutxietsi.

Azken zortzi urteetan ia oposiziorik ez duzue izan. Ezker abertzalea aurkeztu edo ez, eragin handia izan dezake horrek gehiengo osoa osatzeko garaian...
E.A. Horrela da, bai. Gehiengoak osatzeko garaian eragin nabarmena izan dezake. Azken Udal hauteskundeei erreparatuz gero, abstentzioaren igoera ezker abertzaleak parte hartu ezin izanaren eragina da. 1999an haien eta gure artean 60 botoko aldea egon zen. Gaur egun ez nuke jakingo zein den bi alderdien arteko diferentzia.
Alderdi sozialistak, hala ere, alor guztietan gobernatu du eta herritar guztientzat gainera. PSE-EEk egindakoa hor dago, eta laster ikusiko dugu kudeaketa horren emaitza zein den.

EAJ eta Aralar alderdiek aurpegi berriak aurkeztu dituzte maiatzaren 22ra begira. Zuen zerrendan aurpegi berriak izango al dira?
E.A. Bai, gurean ere aldaketak egongo dira. Eta tartean aurpegi berriak, partaide gazteak. Dagoeneko zerrenda osoa prest daukagu. Hurrengo hilabetean aditzera emango dugu zerrenda osoa eta haien artean gazteak aurki daitezke, gizonezko nahiz emakumezkoak. Afiliatuek dagoeneko botoa eman dute, Andoaingo alderdi sozialistak prest du beraz zerrenda osoa.
Alkatetzan zaudenez etorkizunera begira jartzeko toki pribilejiatuan zaude. Zeintzuk izan behar lukete Udalaren erronka nagusiak 2011-2015 agintaldirako?
E.A. Erronka nagusiena onartzear dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra da, hurrengo hamarkadarako ezinbestekoa izango dena. Hori garatzea garrantzitsua da. Gogorra eta zaila izango da, krisiak gogor kolpatu gaituelako. Horrez gain, azpiegituratan eta ongizatean sakontzen jarraituko dugu.
Beste batzuren artean, erronka handi bat dugu: Udaletxea. Zaharkitua dago: adinekoentzat nahiz ezinduentzat bertara sartzea ia ezinezkoa da. Irisgarritasun aldetik oso egoera txarrean dago. Eraldaketa gauzatu behar da hurrengo agintaldian.  
Bada beste erronka bat: Irigoienazpikoa. Tamaina ertaineko hizkuntzen gune bilakatuko da, Europan bakarrenetakoa. Pertsonalki oso gogoko dudan erronka da. Alkate izan aurretik ere oso gogoko nuen egitasmoa zen. Beti pentsatu dudalako Andoain herriak euskararen alde lanean lehen lerroan egon behar duela.

Hiru agintaldietan jarraian zuen alderdia alkatetzan egotea posible ikusten al duzu?
E.A. Gure programa politikoa ia bere osotasunean bete dugula esan dezaket. Ikustea besterik ez dago Andoainek izan duen eraldaketa irisgarritasunean, kultur eskaintzan, euskararen aldeko egitasmoetan,... Lanean ari gara, lan asko egin dugu zortzi urte hauetan. Andoain modernizatu egin da denbora tarte horretan. Guk berrikuntzaren bidetik jarraituko dugu. Eta hortik aurrera herritarrek erabaki beharko dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!