Tabakoa, alkohola eta drogak nerabezaroan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 23a, 21:55

Eskualdeko institutuetan drogomenpekotasunaren inguruko lezioak ematera ohituta dago Mari Jose Garcia Montes psikologoa.  Azken hamarkadan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. eta 4. mailako ikasleen artean alkohola, tabakoa eta drogen inguruko orientatzailea dela esan daiteke. Gai korapilatsuaren aurrean argigarriak diren argudioak eskaini ditu elkarrizketa honetan.

Aurreko astean Leitzaran ikastetxean izan zen eta aste honetan Urnietako Salesiar ikastetxean aritu da. Ogibidez psikologoa da, adikzioetan nahiz adikzio tratamenduetan aditua. Ikastetxeetan drogaren aurrean prebentzioa lantzea helburu du, droga sustantzietan edota adin honi dagozkion jokabide okerretan sakonduz.
Haur izatetik gaztetxo izatera igarotzen den adin tarte horretan neska-mutilak asteburuetan ateratzen hasten dira eta, ondorioz, lehen harremanak izaten hasten dira alkoholarekin eta beste sustantziekin.

Zer nolako harrera izaten du ikastaroak ikasleen artean?
Mari Jose Garcia. Oso ona. Ohikoa da ikastetxeko zuzendaria eta arduraduna nigana gerturatzea zer moduz nagoen galdetzera. Eta "oso ondo", izan ohi da nire erantzuna. Adin honetan korapilatsuena matematika edota historia ikastea da. Guk informazioa ematen dugu, ikasleen parte hartzea sustatuz. Ikasleek jolas modura uler dezakete baina azkenean informazio zehatza barneratzen dute.
Ikasleak gustura egoten dira, eta neu ere bai. Ikastaroa oso dinamikoa delako. DBHko
2. mailan, esaterako, aisialdian sakontzen da eta, piskanaka, probatzen dituzten lehen sustantzien inguruan hitz egiten da: alkohola, tabakoa,...

Orientatzaile al zara, orduan?
M.J.G. Bai, horrela ere ikus daiteke. Prebentzioaren lehen pausoa informazioa da. Eta hori da lehen urratsa. Informazioren bitartez orientabidea eskaintzen ari gara. DBHko 4. mailan alkoholaren edota porroen kontsumoarekin arazoak izan ditzaketen pertsona edo taldeei lagungarri egingo zaien informazioa eskaintzen diegu.

Adinean gora doazenen kasuan gela berean aurkituko dituzu drogarekin esperientzia izan duten ikasleak eta sekula probatu ez dutenak. Nola bideratzen da hori?
M.J.G.  Ohikoa da. Batzuei oso urrunekoa zaie eta besteei nik esandakoa gertukoa zaie, esperientzia hori izan dutelako. Alkoholarekin eta drogarekin esperientzia duten ikasleek normalean emaitza kaskarrenak eta parte hartze txikiena izan ohi dute ikasgelan. Ikastaro honetan, ordea, parte hartze handia izaten dute.
Horien parte hartzea oso garrantzitsua da ikastaro honen helburua lortzeko. Izan ere, sustantzien gehiegizko erabileragatik nire kontsultara etorritakoen edota ezagutu ditudan kasuen berri ematen diet. Adibidez, porro gehiegi erretzeak paranoia ekar dezakeela esaten dudanean mundu horretan esperientzia duten ikasleek baieztatu egin ohi dute nik esandakoa, beren gertuko ezagunen esperientziak azalduz. Modu horretan, gainerako ikasleek neronek azaldutakoari garrantzia handiagoa ematen diote.  
Ikasle hauen gurasoen paperean jarrita, adin horretako neska-mutilek drogarekiko zer nolako jokabidea duten adieraziko al zenieke?
M.J.G. Ikasleekin ikastaroa amaitu ondoren, txostena idatzi ohi dut ikastetxeko arduradunei helarazten diedana. Txosten hori entregatu aurretik,  ikasleen gurasoen aurrean agertzeko hitzaldia eskaintzeko ohitura daukat.
Adin honetako gaztetxoen gurasoek kezkaz bizi dute botellon-a delakoa, edota porroak erretzea. Guraso batzuk bere esperientzia azaltzen hasten dira, hala nola, seme-alaba begi gorriak dituela etorri dela etxera, alkohola edanda etorri dela,... Gurasoek zer egin galdezka etortzen dira. Horrelako bilerak baliagarri dira denek elkarrekin gaia aztertu eta bata bestearengandik ikasteko.
Kezka arazo bilakatzen denean, zentroetara bideratzen ditugu edota kontsultara deitzen ditut.

Hamar urtez inguru hauetan ikastaroa eskaintzen ari zara. Joera eta kontsumoari dagokionez, zer nolako aldaketak gauzatu dira azken aldi honetan?
M.J.G. Begira, azken urteetan askoz hobeto gaudela esan genezake. Gazteak askoz hobeto ikusten ditut orain. Urteak atzera eginez, garai hartako egoera okerragoa zen. Bost urte atzera eginez extasis-a, speed-a edo kokaina bezalako drogekin harremana izandako ikasleekin topo egiten genuen.
Urtetik urtera horiek probatutako kopurua nabarmen jaitsi da; kopuruan pertsona gutxiago eta probatutako kantitatean ere gutxiago.
Ohikoa da, gaur egun, alkoholarekin gehiegikeriak izatea. DBH 2. mailako ikasleak lehenago hasi dira kalera ateratzen eta, ondorioz, alkohola kontsumitzen.

Alkoholak, sozialki, kezka gutxiago sortzen du. Zein da, ordea, zure iritzia?
M.J.G. Niretzat drogaren kontsumoa bezain kezkagarria da. Ikasleei lehenik eta behin esaten diet ez dugula droga bigun eta gogorren artean bereizmenik egingo.
Alkoholak eragindako arazo batekin tratamenduan daukadan gazteari ezin esan diezaioket bere arazoa txikiagoa denik. Kokainak bezain besteko kaltea sor dezake alkoholak. Larritasunari dagokionez, adin hauetan arazo berdina izan dezake droga edo alkohol kontsumitzaileak.
Gizartean alkoholak beste onarpen maila bat du. Guraso askok nahiago dute semea mozkortuta ikustea, drogak hartuta baino. Gurasoei ezin diet onari eta txarrari buruz hitz egin; ez da ona eta txarraren arteko kontua. Zerk kontsumitu duten alde batera utzita, 12-14 urteko gazteek ezin dute egoera kaskarrean etxeratu. Hori da funtsezkoena.

Drogak hor daude, kalean eta eskura. Alkohola ere bai. Horren aurrean erabateko ukazioak aurkako efektua sor dezake.
M.J.G. Drogak eta alkohola kultura guztietan egon dira. Ukazioa ez da bidea. Errealitate bat dago, kalean dagoena, eta ikastaro hauek horregatik egiten dira. Gazteek ikusi behar dute uneren batean sustantziak eskura izan ditzaketela, baina horrek ez du esan nahi kontsumitzera jo behar dutenik.
Adikzioaren oinarrian dago probatutakoa gogokoa bilakatzen dela. Probatu eta gogoko izanez gero, berriro kontsumitzeko joera har daiteke. Baina jakin behar dute kontsumitzearen poderioz arazoak sor daitezkeela. Makarroiak jaten baditugu gogoko dugulako izaten da. Eta porroak erretzen jarraitzen badugu ere berdin, gogoko dugulako izaten da. Baina bata eta bestea kontsumitzearen ondorioak oso bestelakoak dira. Gazteei hori ulertarazten saiatzen gara.

Garai bateko gurasoek ez bezala, gaur egungo gurasoek gutxi-asko droga zer den badakite. Zer aholkatuko zenieke gaur egungo gurasoei?
M.J.G. Ikastetxeetan eman ohi den aholku berbera, eta berdin haurra izan edo gaztetxoa izan. Etxean giro ona eta harreman ona izatea behar-beharrezkoa da. Arauak eta mugak ezarri behar zaizkie seme-alabei.
Adibide bat jarriko dizut,  15 urteko ikasle batek esanda. Aipatu zidan bere adin bereko lagun bati bere amak erretzen uzten diola, eta bere lagun guztiak zur eta lur zeudela. Bere lagunak ziren egoerarekin harrituta agertu ziren lehenak! Eskandalua ez da neskak erretzea, baizik eta amak hori onartzea.
Gurasoek ahal dutena egin behar dute, baina ezin dute horrelakorik onartu. Gurasoak ez dira seme-alaba gazteen kolegak. Ikasleen gurasoekin egiten ditugun bileretan hori ulertarazten ahalegintzen naiz: arauak eta mugak jarri behar zaizkie seme-alabei. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!