Jakina den bezala, etorkizuneko Andoain herriaren diseinua biltzen da Plan Orokorrean. Horren arabera, eraiki beharreko etxebizitza kopurua edota industrigune berrien kokapena zehazten dira. Horiek eta beste egitasmo asko martxan jartzeko Plan Orokorra ezinbesteko erreferentzia da.
Planaren xehetasunak aztertzeko garaian aurkako erreakzioak sortu dira oposizioaren eta auzotar batzuren artean.
EAJ-PNV alderdia aurka
Aurkako botoa emango duela iragarri dute, plan horretan Azpikolako harrobia berriro irekitzea aurreikusten delako. Iazko uztaileko batzarraldian adierazitakoa berretsiko dute, "herriak ezin ditu hiru harrobi izan. Dagoeneko bi baditugu, ez dugu hirugarrena ireki behar".
Auzotarren aldetik, Sorabillako eta Etxeberrietako hainbat herritar ere egitasmoen aurka agertu dira. Etxeberrietako Aita Larramendi kalekoek, adibidez, zera adierazi dute: “dagoeneko badakigu kaleko 5-19 zenbakien arteko atariak eta kalearen atzekaldeko 2-8 zenbakien arteko atariak araudiz kanpo utziko gaituztela. Gure oniritzia izan gabe, ez baitira guregana zuzendu. Denera, 77 familia gara”.