Amasa-Villabonako ezker abertzalearen agerraldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 19a, 21:42

Amasa-Villabonako ezker abertzaleak datozen hilabeteetarako euren asmoan berri azaldu du gaur eguerdian Errebote plazako arkupeetan eskainitako prentsaurrekoan. 'Zure ahotsa, gure hitza' idatzia aurkeztu dute komunikabideen aurrean eta, besteak beste, herritarren ahotsa jaso ahal izateko bitartekoak jarriko dituztela aurreratu dute. Hemen idatzi osoa:

Zure ahotsa, gure HITZA

Eguneroko albistegietan entzuten ditugu langileriaren aurkako "ajusteak", elite politiko ekonomikoaren "amigismo" eta "entxufismoa"..., bezalako neurriak baita emakumeen eskubideei, gazteei, euskarari, etorkinei, ama-lurrari, hezkuntza sistemari..., eginiko erasoak ere.

Salaketa eta kexu hauek herritar guztion ahotan daude, baina eguneroko kexu hauek iraganeko kontuak izan daitezke.

Egoera larri hau guztia ez da txiripaz sortu, baditu bere arduradunak. Krisi gordin honetara eraman gaituzten sortzaileek, neurri eta errezeta berdinekin krisitik aterako gaituztela sinestarazi nahi digute.

PSE, PNV eta UPN dira krisira eraman gaituen sistema neoliberal honen bultzatzaile eta defendatzaileak.

Garaia da beraz, Euskal Herrian orain arteko jarduera politikoaren ardatzak errotik aldatzea. Zure esku dago praktika zaharkitu hori aldatzea. Zure esku dago errealitate hori iraultzea. Izan aldaketaren gidaria. Oraingoan bai.

Zure ahotsa, gure HITZA!

Guk ez ditugu interes pertsonalak, ez gaude gure patrikak betetzeko. Jazarpena, espetxea, tortura, erbestea, are gehiago heriotza ere ezagutu izan ditugu gure ardurak betetzeagatik, baina gure konpromisoa haratago doa. Euskal Herriaren alde, gatazka politikoa gainditzearen alde, aldaketa politiko eta sozialaren alde eta herritarren ongizatearen alde lan egingo dugunaren irmotasuna dugu.

Izan aldaketa. Zurea da ahotsa. Abian den eraldaketaren parte izan zaitez. Ez zaitez kanpo geratu. Hau ez dago geldituko duenik, izan zaitez aldaketaren motore eta gidaria.

Herritarren ahotsa jaso ahal izateko bitartekoak jarriko ditugu, zure ahotsa entzuteko, udaletan herritarren partehartzea bultzatu dugulako eta bultzatu nahi dugulako, Euskal Herria eta herritarrak direlako gure helburu.

Horregatik, gure helburu estrategikoak lortzeari begira, HERRI PROGRAMAren osaketarako, abertzale, ezkertiar eta independentisten partehartzea bilatzen dugu, herrietan eta auzoetan.

-Krisiak herrietan sortzen dituen arazoak ukituko duen HERRI PROGRAMA.

-Euskal Herrian irekitzen ari den prozesu demokratikoa dastatuko duen HERRI PROGRAMA.

-Haize freskoa arnastuko duen eta udal mailan ere benetako aldaketa politiko eta soziala ekarriko duen HERRI PROGRAMA.

-Euskaraz mintzatuko den HERRI PROGRAMA.

-Emakumeen ahotsaz entzungo den HERRI PROGRAMA.

-Amalurra babestuz urratsez urrats ibiliko den HERRI PROGRAMA.

-Nagusiekin hitz egitera eseriko den eta gazteenen musika eta hitza izango duen HERRI PROGRAMA.

-Eskuz idatzitako eta sarean zabalduko den HERRI PROGRAMA.

-Beraientzat, berarentzat, zuretzat, guretzat, denontzat, HERRI PROGRAMA.

Denon artean osatuko dugu HERRI PROGRAMA. Partehartzeko deia luzatu nahi dizuegu eta bide horretan zure ahotsa gure HITZA izango da.

Ez gara besteak bezalakoak, HITZEZKOAK gara, gure HITZA betetzen dugu eta berriro ere hori frogatzera gatoz.

Gure hitza betetzen dugunaren seinale da herri programa osatzeko jarri eta jarriko ditugun bitartekoak.

-Dagoeneko herri diagnosia egin dugu eta hamarnaka herri eragilerekin konpartitu dugu hau, Billabonako ikuspegi ahalik eta zabalena lortzeko helburuarekin.

-Hilaren 22an herri programa definitzen hasiko gara batzar ireki baten bidez. Hemendik apirilaren 29ra arte astero bilduko gara ahalik eta Herri Programa zabal eta definituena egiteko asmoz.  Etor zaitezte, eman zuen iritzia, eztabaidatu eta Amasa Billabona hobeago bat egiten lagundu iezaguzu.

-Hilaren 21etik martxoaren 12ra herriaren inguruko zuen hausnarketak helarazteko inkesta bat pasako zaizue, inkesta hauen erantzunak jasotzeko postontziak ipiniko ditugu BM, Eroski, Olaederra Kiroldegia, Anbulatorioa, Haur Eskola, Zinema, Xaldu eta Amasako Kultur Etxe inguruan. Eman zure iritzia!

-Herri programarekin amaitzeko apirilaren 9an udal jardunaldiak egingo ditugu programa behin betiko definitzeko.

-Azkenik gogoratu www.herriprograma2011/billabona webgunean diagnosia, programa, batzar..., buruzko informazio guztia izango duzula.

Amasa-Villabona, 2011ko otsailaren 19an

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!