Andoain izango du abiapuntu Kilkerren sokaren bigarren faseak. Otsailaren 23an Ur Apalategi bertako liburutegian izango dugu Fikzioaren izterrak ipuin bilduma aurkezten, Iban Zaldua bidaide duela. Gogora dezagun 111 Akademiak euskal literatura eta irakurzaletasuna sustatu eta bultzatzeko asmoz prestaturiko egitarauaren baitan garatutako egitasmoa dela Kilkerren soka, urteko sorkuntza ezagutzera eman eta idazleei sorkuntza hori irakurleekin partekatzeko aukera eskaintzea helburu duena. Egitasmo honen lehen fasea 2010eko urri-azaroan burutu genuen; Euskal Herriko sei herri eta hiritan izan ginen eta horietako batean, Baionan hain zuzen ere, Apalategi eta Zaldua izan genituen protagonista, paperak trukatuta ordea: Zalduak aurkeztu zuen bere ipuin bilduma Apalategi lagun zuela. Bigarren fase honetan interesgarria iruditu zaigu egitekoak txandatzea. Gauzak horrela, oraingoan Ibanek lagunduko dio Urri aurkezpen lanetan. Saioa arratsaldeko 19.00etan izango da, esan bezala, Andoaingo udal liburutegian.
Hurrengo geldialdia Abanto-Zierbenan egingo du Kilkerren sokak martxoaren 1ean. Bigarren saio honetan Arantxa Urretabizkaiak 3 Mariak eleberria aurkeztuko du, Goizalde Landabaso idazlea lagun duela. Hitzordua arratsaldeko 19.30etan izango da Las Karreraseko udal aretoan. Saio hau Meatzaldeko Irakurzale Klubaren laguntzarekin antolatu da.
Martxoaren 14an Iruñera eramango gaitu Kilkerren sokak. Bertan Patxi Zubizarreta aurkituko dugu bere azken eleberria aurkezten, Joan, Angel Erro idazlea lagun duela. Aurkezpena Civican-en izango da arratsaldeko 19.00etan. Eta Iruñekoa bukatu bezain laster Azkoitirantz egingo du Kilkerren sokak, biharamunean hantxe izango baitu hurrengo hitzordua: Jokin Ansorenak Ordu bietan Frontoian eleberria aurkeztuko du eta lan horretan Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editorea izango du bidelagun. Saioa Elkarguneko erakustokian egingo da iluntzeko 19.00etan.
Astebete geroago, hilaren 22an, Zarautzen geldituko da Kilkerren soka. Bertan Jon Benitok Bulkada poesia liburua aurkeztuko du eta Gari Berasaluze idazleak gidatuko du arratsaldeko 19.00etan Azken Portuko kristau biltoki zaharrean egingo den saioa. Eta martxoaren 29an Urruñako Pausun izango du amaiera Kilkerren sokaren bigarren fase honek. Pantzo Hirigaraik Poto eleberria aurkeztuko du Odei Barroso eta Aimar Karrika bertsolariak bidaide dituela. Saioa Xaia ostatuan egingo da arratsaldeko 19.00etan.
Datorren astean abian jarriko den Kilkerren sokaren bigarren fase honekin egitasmoa sendotu eta finkatu nahi du 111 Akademiak.
EGITARAUA
Otsailaren 23an Andoainen
Fikzioaren izterrak. Ur Apalategi
Bidaide: Iban Zaldua
19.00etan udal liburutegian
Martxoaren 1ean Abanto-Zierbenan
3 Mariak. Arantxa Urretabizkaia
Bidaide: Goizalde Landabaso
19.30ean Las Karreraseko udal aretoan
Martxoaren 14an Iruñean
Joan. Patxi Zubizarreta
Bidaide: Angel Erro
19.00etan Civican-en
Martxoaren 15ean Azkoitin
Ordu bietan Frontoian. Jokin Ansorena
Bidaide: Xabier Mendiguren Elizegi
19.00etan Elkarguneko erakustokian
Martxoaren 22an Zarautzen
Bulkada. Jon Benito
Bidaide: Gari Berasaluze
19.00etan Azken Portuko kristau biltoki zaharrean
Martxoaren 29an Urruñan (Pausun)
Poto. Pantzo Hirigarai
Bidaide: Odei Barroso eta Aimar Karrika
19.00etan Xaia ostatuan