Lan munduan euskara sustatzeko ahalegin berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 17a, 14:11

Buruntzaldeko lan munduan euskararen erabilera sustatzeko eskualdeo sei Udalek “Baietz gurean” egitasmoa aurkeztu zuten aurreko ostiralean, Urnietan.
Buruntzaldeko Udalek diru laguntzak emango dizkiete euskararen erabileran urratsak eman nahi diztuzten enpresei, eta egitasmo horren nondik norakoak jakitera eman zituzten.

Mikel Izagirre Urnietako alkateak egin zituen aurkezpen lanak. Honakoek hartu zuten hitza ekitaldian: Iñaki Mujika Lasarte-Oriako euskara batzordeko lehendakariak, Malores Etxeberria eta Marifer Gorostiza Hernani nahiz Lasarte-Oriako Udaletako euskara zerbitzuetako teknikariek, Iker Urruzola ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak eta Santiago Sarasola TSST enpresako gerenteak.

Mujikak sei udalerrietan egindako inkesta gogora ekarri zuen: “sukaldeko lanak egin dira, eta Buruntzaldeko 350 enpresekin inkesta egin da, beharrak zeintzuk diren zehazteko. %40ak erantzun du, eta atera diren ondoriekin hasiera batean hamabi enpresa aukeratu ditugu”. Ekitaldian zehar ez zen zehaztu zein izango diren aukeratutako enpresa horien izenak. Eskualdeko herribakoitzeko bina enpresa aukeratuko dira.

Gorostizak eta Etxeberriak egitasmoari buruzko xehatasunak eman zituzten. Etxeberriak gogoratu zuenez, “erronka gisa hartu dugu egitasmoa hau. Labur esanda, hamar langiletik gorako enpresei zuzentzen zaie egitasmoa. Lau urterako plana izango da. Puntuaketa sistemaren bidez, enpresak maila gorenera iritsi ahal izango dira. 1000 puntu lortuko ditu euskara lantegian normalizatua daukanak. Garapena ematen diren hamar puntuko tarteetan neurtuko da, eta guk tarte batetik bestera igarotzea sarituko dugu”.
Koloreen bidez jarriko da puntuazioa: beltza (200-400 bitartean dagoena), zilarra (400-700), eta urrezkoa (700-1000).   

Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzaren esku geratuko da enpresetan neurketak egitearen lana; Eusko Jaurlaritzak darabilen marko estandarra hartuko du kontuan horretarako. Beraz, hainbat faktore aztertuko dira: hala nola, enpresaren irudi korporatiboa, hizkuntzaren kudeaketa barne eta kanpo harremanetan…

Gorostizak Jaurlaritzaren “Bikain” ziurtagiriarekin lotu zuen Buruntzaldeko egitasmoa, hain zuzen ere. “Gure egitasmoak ez du ziurtatzen Jaurlaritzaren Bikain ziurtagiria lortzea; hark neurketa sistema konplexuagoa erabiltzen baitu. Gurea lagungarria gertatuko da, erraztu egingo die hara iristea; izan ere, enpresek ziurtagiria eskuratzea zailtasunez beteriko bidea bezalaikusten dute”.

Sindikatuen borondatea
Iker Urruzolak sindikatuek egitasmo honetan zergatik esku hartuko duten azaldu zuen: “Sindikatuok kezkatuta gaude inkesta soziolinguistikoek adierazten digutelako jaisten ari dela euskararen presentzia gizartean. Lan munduan ere ohartzen ari gara gero eta gehiago garela langile euskaldunak, baina gero errealitate hori ez dela harremanetan islatzen”.

Denok euskararen alde gaudela esan arren, gero hori ez dela gauzatzen praktikan, adierazi zuen. Diagnosi ez oso baikorra egin zuen, alde horretatik: “euskara ez da beharrezkotzat jotzen maiz; inbertsio gisa ikusi beharrean kostuetako parametrotan neurtzen da. Eguneroko lan jardunean, ez gutxitan, langileok gara zuzendariei eta insitituziei euskararen erabileraz ohartarazi behar diegunak, euskaraz funtzionatzeko daukagun eskubidea gogorarazi behar diegunak”.

Sindikatuek elkarlanerako hartu duten konpromisoa aipatu zuen azkenik: “Euskara guztiok lotzeko behar luke izan, elkarlanerako lanabesa, eta horretarako ezinbestekoa da guztiok esku hartzea honelako egitasmoetan. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok ahal duten guztia jarriko dugu”.

TSST-ren eskarmentua
TSST Tolosa-Donostia ibilbideko autobus konpainiaren gerentea den Santiago Sarasolak ere hitz egin zuen. Lantegia aitzindaria da euskara enpresetan normalizazio bidean jartzeko prozesuan. Sarasolak bere enpresaren eskarmentua kontatu zuen, horrenbestez: “Gizartea etengabe ari da aldatzen, eta enpresa batek jakin behar du aldaketa horietara moldatzen. Guri eskarmentuak esaten digu enpresa batek gizartearen eskakizunekin arduratsu jokatzen badu, bere bezeroek ere arreta hobea eskainiko diotela”.
Orain bi urte lantegian abian jarri zuten normalizazio lana hartu zuen hizpide segidan: “Hasieran zalantzak izan genituen, baina oso ondo erantzun zuten langileek. Ez zekitenek ere aldeko jarrera agertu zuten; plana inork ez zuen ikusi inposizioa balitz bezala. Are gehiago, etorkinek integrazio aukeratzat jo zuten. Gustura hartu zuten, adibidez, esaldi errazak bilduz prestatu genuen liburuxka; egun asko aritzen dira bezeroekin euskaraz egitera”.
Euskararen aldeko jarrera horrek bezeroengan izan duen eragina ere azpimarratu zuen: “gure jarrera nolakoa den ikusita, ugaritu egin dira bezeroek enpresarekin izan ohi dituzten euskarazko komunikazioak (gidariekin harremanak, iradokizunak, kexak…)”.
Horrenbestez, balorazio baikorra egin zuen bi urtetan enpresak eman dituen urratsak kontuan hartuta: “Oso esperientzia interesgarria izan da, eta Buruntzaldeko edozein enpresa animatuko nuke halako plan batean sar dadin”.
Kritikarako tartea ere izan zuen, hala ere. “Jaurlaritzaren Bikaian ziurtasuna enpresa handientzat pentsatuta dago, ez hainbeste gureak bezalako enpresa txikientzat”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!