Andoain, Hernani eta Urnietako lurrekin Lasarte sortu zenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 17a, 14:11

Lasarte-Oria 1986an ofizialki udalerri bezala eratu aurretik, lur haiek bost udalerri ezberdinetan sakabanatuta zeuden. Hauexek: Andoain, Donostia, Hernani, Urnieta eta Usurbil.
Oriatar eta lasartear gizarte mugimenduak Andoain, Hernani eta Urnietako udalerrien oniritzia eskuratu zuen lur horiekin Lasarte-Oria sortzeko. Donostia eta Usurbil, lehen eta orain, aurka agertu dira.

Urnietar askoren eta andoaindar batzuren oroimenean ere badago 1986ko otsailaren 15a. Egun hartan eratu baitzen ofizialki Lasarte-Oria herria, aspaldiko eskakizun bati bide eginez. Egun Lasarte-Oria izenez ezagutzen dugun herria, ordura arte, bost udalerrien agintepean izan zen; Andoain, Donostia, Hernani, Urnieta eta Usurbil herrien esku hain zuzen.
Herri izaera lortu zuen herri mugimendua 70eko hamarkada amaieran pizten hasi zen. Herria sortzeko azken saiakeran, “Gure Udalaren Alde” izeneko lantaldeak heldu zion ofizialki gaiari eta ondoren “Behin-behineko Udalaren” izenpean, Urnieta eta Hernaniko Udaletan, Oria eta Lasarten bizi ziren zinegotziez osatutako erakunde bat sortu zen. Bidea jorratuz joan ahala Lasarterentzat beste hainbat lorpen burutu zituzten; ur horniketa, hilerri berria…
Izaera ez izan arren, garai hartan industriaren altzoan Urnietak herri baten itxura zuen. XX. mendearen erdialdera Bianchi, A.T.C., Abrasivas del Norte eta abarren irekierak neurrigabeko langileen etorrera eragin zuen. Milaka lagun iritsi zen urte gutxian.
Lantokiak langileak behar, langileek etxeak eta familiek zerbitzuak. Gizarte berria eraikitzen ari zen industriaren altzora. 1960tik aurrera haur ugari jaiotzen zenez, hainbat eskola eraiki zen: Zumaburu, Sasoeta, Kaxkarro, Oztaran, Pablo Garaikoetxea... eta, baita ere, jende askoren borondatezko lana eta diruari esker eraikitako Landaberri ikastola.
Autobidea eta Oria ibaiaren ingurutik kanpo, ordea, ez zuen lur gehiagorik. Lur falta, beharra zuen. Urnieta, Hernani eta Andoaingo Udalek aldeko jarrera erakutsi zuten artean, Usurbil eta Donostiako Udalen aldetik, ezezko borobila jaso zuten. Donostiak eta Usurbilek ez zuten onartu Udalerri berria osatzeko lursailak ematea, eta hori, zorigaitz larria izan zen. Urnietan ere, Oria isuria aldera begira zeuden hamar baserri eta hamabi sendiek, haiek nahi zutenaren aurka, Lasarteko lur-eremura igaro zituzten. Urnietakoak izan ziren hainbat baserri,  herri gune berrira igaro ziren; Bide Berri, Elketazabal Aundi (Lauterdi), Elketazabal Txiki (Txokolatenea), Elketazabal Zar, Larzabaleta (bi bizitza), Mirakanpos, Telleri (bi bizitza), Telleri Berri (Kaxkarro), Zaltzate eta Zelai Eder. Aiurrin 2007an eginiko gehigarri berezian agertu zuten bezala, salduta sentitu ziren. Haietako batzurekin hizketan, desanexioa gauzatu arren, bizitza soziala Urnietan egiten jarraitzen dutela adierazi zuten.

HERRI IZAERA ONARTU
AURRETIK, HERRI GALDEKETA
Auzia erreferendum bidez erabaki zen 1985ean. Abstentzioa nagusi izan bazen ere (%62a), Lasarte herri izatearen aldeko 4.750 aldeko boto bildu ziren. Eta aurka, 48 bakarrik.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urnieta, Hernani eta Andoaingo udalbatzarrek onartu ondoren, 1986ko otsailaren 15ean desanexionatu eta Lasarte Oria izenarekin udalerri berria izendatu zen. Ados zeuden herrietako lur sailekin osatu zen egungo Lasarte-Oria. Herri berria osatzeko, beraz, Usurbilgo eta Donostiako lur eremuak ez ziren kontuan hartu.  
Sorrera-ekitaldia Lasarteko Brijiden monasterioan egin zen, jendez gainezka zelarik. Ekitaldi horretan bertan osatu zen udalbatzar berria eta lehendabiziko alkatea: Ana Urtxuegia Asensio anderea. Lehen aldiz, herriko bandera jaso zuten.
Egun historiko hark, eragin zuzena izan zuen inguruko herrietan. Lasarte-Oriak irabazi zuena, inguruko herriek galdu baitzuten: lur sailak eta biztanleak. Urnietaren kasuan, 12.500 biztanletik 4.500 inguru izatera igaro zen. Alderdi politikoei dagokionez, PSE-k zituen zinegotzi gehienak. Behin Lasarte herri bihurtuta, EAJ-k eskuratu zuen nagusitasuna Urnietan.
Udal zerbitzuetan lanean zebiltzanak ere bi herri guneen artean aurrera eta atzera ibiltzeari utzi zioten. Herri bakoitza bere Udal langileak izatera igaro zen.
Andoaingo udalerriak Buruntza mendiko lur sail sorta bat galdu zuen, besterik ez.
2006an, Lasarte-Oriak herri izaera eskuratu zuenetik hogei urte bete zireneko ospakizunetan, herriko alkate Ana Urtxuegiak lur eremua zabaltzeko zuen nahia plazaratu eta asmo hori gauzatzeko konpromisoa hartu zuen herritarren aurrean. “Udalerriaren anpliazioaz hitz egiten hasi behar dugu”, adierazi zuen. Zubietako lur eremuak jokoan izango al dira etorkizunean? Usurbildarren eta donostiarren erantzuna lehen eta orain ezezkoa izan da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!