Postontzia: Bertso saioa Sahara herriaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 17a, 14:10

“Hurria Sahara elkarteak andoaindar guztiei jakinarazi nahi die otsailaren 27an Errepublika Arabiar Saharar Demokratikoaren aldarrikapenaren XXXV. urteurrena ospatuko dela. 1976ko otsailaren 27an gertatu zen. Egun horretan, Fronte Polisarioko Idazkari Nagusiak, herri sahararraren interesen eta helburuen ordezkari legitimo eta bakarrak, Errepublika Arabiar Saharar Demokratikoa (RASD) aldarrikatu zuen Tifaritiko lurralde liberatuan.
Ordutik, herri sahararrak justifikatu ezin den egoera humanitarioa bizi du; izan ere, sahararren gehiengoa basamortu aljeriarrean erbesteratuta bizitzeaz gain, Marokok okupatutako lurraldeetan bizi diren saharar horiek jazarpena, errepresioa eta Giza Eskubideen etengabeko urraketak jasaten dituzte.  Horregatik, 2011ko otsailaren 27an, Hurria Sahara elkarteak bertso-jaialdia antolatu du. Gurekin izango dira Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Andoni Egaña, Iker Alustiza, Jokin Sorozabal eta Sustrai Colina. Joxemari Oiartzabal ariko da gai-jartzaile lanetan. Sarrerak 6 eurotan salduko dira, Stop, Ernaitza eta Delgado liburu-dendetan.
Espero dugu andoaindar gehienek bat egitea herri sahararrarekin eta, horrela, berrestea herri sahararrarekiko elkartasuna, bat eginez, oihu eta aldarri eginez: Gora Sahara librea!
Errepublika Arabiar Saharar Demokratikoa aitortzearen eta erreferenduma egitearen alde”.

ANDOAINGO HURRIA-SAHARA
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!