Xabier Mikel Errekondo Usrubilgo alkateak Zubietan eraiki asmo duten errauste plantaren finantziazioarekiko desadostasuna agertu zuen, “Gipuzkoako udalerri guztiok 21 urterako morroitzapean jartzen gaitu, finantza erakundeen eskuetan, zehazki Europako Inbertsio Bankua, Banesto eta La Caixa bankuen eskuetan”. Usurbilgo Udaleko alkateak gogorarazi zuen gainera, “Europako zuzentarauak azken aukeratzat jotzen du erraustegia, eta aldiz, Aldundiak lehenetsi baino ez du egiten”. Gaia Udalekin batera eztabaidatu eta elkarlan horren baitan, erabakiak hartzera dei egin zuten agerraldian bildutako alkateek.
Horretarako, idatzi bat erregistratu zuten astelehenean, Foru Aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan duen egoitza nagusian. Edukia, atarian aurreratu zieten bertaratutako hedabideei.
Bi eskaera nagusi helarazi nahi dizkiote Ahaldun Nagusi Markel Olanori:
- Batetik, epe laburrean berarekin bildu ahal izatea.
- Bestetik, herrialde mailan ordezkaritza politiko osoa ez dagoen artean, “ez dezala erraustegiaren finantziazioari lotutako erabakirik har. Legegintzaldia amaitu arte behintzat”.
Eskariak argiak direla zioten eta Errekondok gaineratu zuenez, bi eskaerak Ahaldun Nagusiak “aintzat hartzea espero dugu”.
Erruste plantaren
finantziazioa
Errauste planta finantzatzeko akordioa gogor kritikatu du Gipuzkoa Zero Zabor elkarteak.
Zubietan eraiki asmo duten errauste-plantaren finantzaketa adostu du Hondakinen Partzuergoak, hedabideek berri eman dutenez. Gipuzkoa Zero Zabor bilgunetik axolagabekeria egotzi diote Aldundiari eta Partzuergoari diru publikoa errauste planta eraikitzera bideratzeagatik.
Egun hauetan hedabideetan argitaratu denez, Zubietako errauste planta finantziatzeko akordioa adostua dago, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren eta Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) artean. 195 milioi euro mailegatuko dizkio EIBk partzuergoari, 68 milioi euro emango dizkiote La Caixak eta Banestok eta Foru Aldundiak beste 125 milioi euro bideratuko ditu.
Datuok aintzakotzat hartuta, Gipuzkoa Zero Zabor bilgunetik prentsa ohar bidez baloratu dutenez, “dirutza izugarria da errauste planta eraikitzen xahutu nahi dutena”.
“Urte luzez hipotekaturik”
Gai honekiko erabateko desadostasuna agertu berri du GZZk Zubietako errauste plantaren finantzaketa zer modutan egingo den argitu berri den honetan. Axolagabetzat eta onartezintzat jotzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Hondakinen Partzuergoaren jokabidea, bilgunearen esanetan, “diru publikoa horrela erabiltzea erabakitzean”. Gaineratzen dutenez, “ez dugu onartzen Gipuzkoa osoa zorretan sartzea; zer eta hondakinen errausketarako”.
Moratoria eskaera
Erabakiok etorkizunean, gipuzkoarren poltsikoan nabarmen baldintzatuko dutela diote, “munduko beste leku askotan erakutsi den bezala errauste planten bideragarritasuna lortzeko, herritarrei kendutako dirua erruz bildu beharko dute, bai biltzen duten hondakinen gaineko tarifak igoz, bai gero eta subentzio zikinagoak asmatuz. Urte askotarako hipotekaturik geratuko gara gipuzkoarrok”.
Hondakinen kudeaketa sistema alternatiboak, Zero Zabor politikak bultzatzeko moratoria eskatzen dute, beste behin, errausketa alboratzearekin batera. “Dominique Belpomme mediku eta kantzerologoak esana du berrikitan: errausketa gizateriaren kontrako krimena da!”, adierazi dute GZZ-tik.