Zakur kakak biltzeko deia, dendarien ikuspegia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 17a, 14:07

Herritar ugari bezalaxe, dendariak ere nahiko haserre daude hainbat zakur jaberen jokaerarekin. Aurreko asteko Aiurrin Andoaingo guraso talde batek haur parkeen inguruan zakur kaken aurka egindako protestak zeresana ematen jarraitzen du oraindik ere. Dendariek, esaterako, goizero merkatalgunearen atariak edota ingurua zikin-zikin agertzen direla diote. Aiurri astekariak Kale Nagusiko hiru dendarien iritzia jaso du.

Mila Garralde,
Kuttun denda

“Dendariek egunero garbitu behar izaten dugu denda aurre guztia. Pixak beti  topatzen ditugu, eta gorotzak tarteka. Eta ez pentsa zakurrek beren eginbeharrak denda itxita dagoenean bakarrik egiten dituztenik… Egunez ere lasai-lasai aritzen dira hainbat zakur, haien jabeak oso urrun ez daudenean.
Askoz gehiago dira kakak uzten dituzten jabeak, jasotzen dituztenak baino. Badira, noski, zintzo jokatzen dutenak; behin, neska batek bere zakurrak egindako kaka nola jasotzen zuen ikusi nuen. Zoriondu egin nuen, eta berari ez zaiola gustatzen kakarik zapaltzea erantzun zidan, eta horrexegatik ez lukeela nahi beste inori antzekorik gertatzerik. Filosofia egokia iruditzen zait horixe.
Udaletxera joan nintzen behin, arazoa konpontzeko neurriak eskatuz, eta eskaera gogoan hartuko zutela erantzun zidaten udaltzainek”.

Eli Lasa,
Li bitxidenda

“Goizero, denda ireki bezain pronto, dendariei produktu bereziekin kale bazterrak ondo desinfektatzea egokitzen zaigu. Txisa lehenbailehen garbitzea komeni da, atzetik beste hamar zakur etorriko dira eta gainerakoan. Ez da batere higienikoa; ez dendariontzat, ez bezeroentzat, eta ezta, adibidez, koskan eserita egoten diren gazteentzat ere. Kakak tarteka agertzen dira kale honetan; nire dendaren aurrean ez bada ondokoarenean edo haruntzagokoan. Esate batera, egunero ikusten dugu kaleko bizilagun batek zakurrari etxeko atea nola irekitzen dion libre ibili dadin; ordu erdira jasotzen du zakurra, baina egindako tokian uzten ditu kakak. Badago Udal arautegi bat isunak jartzeko, baina ez zait iruditzen salatzen hasi behar dugunik; gehiago sinisten dut jendearen kontzientzian.
Zakurren kaka arazotzat jotzen dugunok kontu txiki batekin obsesionatuta gaudela leporatuko zaigu beharbada, baina gizakion errespetuzko jokabideei ez ezik, osasunari lotuta ere badago”.

Natalia Garcia,
Tejidos CISNEROS

“Ni Lasarten bizi naiz, eta irudipena dut arazo hau Lasarten Andoainen baino egokiago konpontzen ari direla; kaleak garbiago ikusten dira, behintzat. Udalak serioski hartu zuen gaia, eta idatzia jarri zuen herriko eskaratz guztietan; baliteke jokabide horrek bere eragina eduki izana.
Ikusi egin behar da goizero nire denda inguruko bazterrak zein zikin egoten diren! Behin hiru kartel jarri nituen zakurren jabeei zuzenduta, beren zakurren ekintzen ardura har zezaten; biharamunerako desagertu egin ziren, eta erakusleihoaren barrualdean beste bi jarri behar izan nituen, ezin kentzeko moduan.
Argi dago zakurrek kaka zein txisa jabeek uzten dieten lekuan egin dezaketela, lokarriarekin lotuta badoaz behintzat. Zerbaitengatik izango da ez dutela egiten jabeen etxeko atarian…”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!