Korrika 17, bi hilbete barru Andoaindik barrena igaroko da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 17a, 14:06

Euskararen ekimen garrantzitsuenetarikoen artean bat izendatu beharko balitz, hori AEKren eskutik antolatzen den Korrika litzateke. Hainbat egunez milaka eta milaka dira korrika eginez euskararen aldeko adierazpena egiten duten euskaldunak eta euskaltzaleak. Data seinalatua iristeko bi hilabete falta direnean, lanean hasi da Andoaingo Korrika batzordea.

Andoaingo Korrika 17 batzordea osatu berri da. Zeintzuk dira hasiera bateko animoak euskararen aldeko lasterketa Andoainera iristeko bi hilabete geratzen direnean?
Agurtzane Sarasola.
Lehenengo batzordea osatu dugu eta hurrengoa hemendik hiru bat astera edo egiteko asmoa dago. Gerora, ikusiko da, hamabostean behin egingo dugun, edo astero beharbada.
Korrika antolatzea gauza polita izan ohi da, ilusioz egiten dugu beti eta ilusio hori transmititzea da gure nahia. Hala ere, badakigu zenbat kostatzen den jendea lanera erakartzea eta, egia esan, Andoain ez da herri erraza horretarako. Gainera, bi urtez behin egiten den ekimena izanik, kosta egiten da iraunkortasuna mantetzea, beti zerotik hastea bezala da. Hala ere badago beti talde iraunkor bat, batez ere ikastetxeetako ordezkariekin osatua.
Batzordeetara etortzea garrantzitsua da, bertan erabakitzen baita guztia, bileretara helarazten baita informazio orokorra. Baina badago, gauza bat edo bestea dela, batzordetara etorri ezin duen jendea; kasu horretan, hainbat euskaltzale beti gai jakinetan laguntzeko prest azaltzen da. Besteak beste, Korrika lagun egiteko, kilometroen jarraipena egiteko, egunean bertan antolakuntzan laguntzeko, materiala saltzeko... Horien laguntza ere ezinbestekoa da.

Korrika laguntzailea zer den azalduko al zeniguke?
A.S.
Korrikari laguntzeko modu bat baino gehiago dago: Korrikan bertan parte hartzea, Korrikako antolaketan laguntzea, kilometroa diruz laguntzea..., eta tartean dago Korrika laguntzaile egitea ere.
Korrika laguntzaile izatea korrikari ekarpen ekonomiko pertsonala egitea da, hau da, norberak 12 euroren truke Korrikari laguntza ematea. Laguntzaile egiten denak gainera, trukean eta esker modura, Euskal Herriko hainbat merkatalgunetan beherapenak lortzeko aukera eskaintzen dion txartela eskuratuko du. Andoainen adibidez, beherapenak egiten dituzten bi merkatalgune ditugu: Xixori belardenda eta Eroski bidaiak.

Korrikako materiala, Korrikalaria... Dagoeneko eskuratu nahi duenak zer egin behar du?
A.S.
Eguberrien inguruan euskaltegian izan dugu materiala salgai, baina une honetan ez dugu. Momentu honetan arropa Donostian eskura daiteke, Aldamar kalean dugun dendan. Denda ostegunero eta ostiralero arratsaldez irekita egoten da, eta larunbatero egun osoz.
Hurrengo hilabeteetan Andoainen ere izango dugu salgai, arropa Kale Nagusian dagoen LI dendan jartzeko asmoa baitugu. Eta baita euskaltegian bertan ere. Horrez gain, orain bi urteko edizioan egin bezala, hainbat egunetan ikastetxeetako jolastokian jartzeko proposamena egin da.
Bien bitartean, Internet bidez ere erosteko aukera ere badago www.korrika.org atarian klik eginez.
 
Apirilaren 13an Andoaindik igaroko da. Hori iritsi aurretik ekitaldirik izango al da Andoainen?
A.S.
Korrika batzordean erabakiko da. Hala ere, lehen deialdian Korrika batzordean esandakoaren arabera, dokumental bat prestatzen ari dira Korrikako laguntzaileak. Herritarren artean zabaltzeko dokumentala eskaintzekotan gara.

Mezu berezirik zabaldu nahi al diezue andoaindarrei?
A.S.
Euskal Herria euskalduntzeko eta euskararen egoeraren normalizazioaren alde egiten den ekimen garrantzitsuenetako bat izanik, bertan parte hartzeko gonbidapena egiten diegu. Parte hartzeko bide asko daudela gogorarazi nahi dugu: antolaketa lanetan parte hartuz, norberak ekonomikoki lagunduz, talde modura ekonomikoki lagunduz, Korrikaren inguruko informazioa euren ingurunean zabalduz eta noski, Korrika lasterketan parte hartuz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!