Abiadura Handiko Trenaren lanak Andoain-Urnieta eremuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 17a, 14:04

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak eskualde honetan Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lehen harria ipini du. Arriola Sailburua bera gerturatu zen Andoain-Urnieta eta Urnieta-Hernani eremuetan lanei hasiera emateko. Bi zati horietako lanen kostu osoa 222 milioi eurokoa izango da,  2013. urtearen amaieran amaituta egoeta espero dute.

Andoain-Urnieta eta Urnieta-Hernani eremuetatik Abiadura Handiko Trena igaro dadin, eraikuntza lanen lehen harria jartzeko ekitaldia burutu zen aurreko ostiralean. Eusko Jaurlaritzaren erakustaldi berri bilakatu zen, Sailburuak aitortu bezala, “agerian uzten da Euskal Y-a pausoak ematen ari dela Gipuzkoa ipar-mendebaldean, Donostiatik eta Frantziako mugatik hurbilen dagoen zatian”, hain zuzen. Buruntzaldean lanak hasteari, beraz, zentzu sinbolikoa eman nahi izan zioten.

Ekitaldiaren buru Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburua eta Mikel Cabieces Estatuko Gobernuak Euskadin duen ordezkaria izan ziren. Haiekin batera bertan egon ziren Estanis Amutxastegi Andoaingo alkatea, Euskal Trenbide Sareko zuzendaritza taldeko kideak eta eremu horietan eraikitzeko esleipena lortu duten enpresetako ordezkariak.

ANDOAIN–URNIETA

*Eusko Jaurlaritzak emandako datuak.
  • Luzera: 2,8 Km.
  • Epea: 34 hilabete.
  • GASTUA: 75,6 milioi euro.


“Zatiaren hasieran, bide-zubia edo viaducto-a eraikiko da Oria ibaiaren gainean. Egitura garrantzitsu horrek gainetik zeharkatzen ditu ibaia eta A-1 errepidea, eta Andoaingo hirigunetik kilometro batera, iparraldera, egongo da. Diseinua, inguruak dituen baldintza guztietara egokitu da. Erdiko argia 115 metrokoa izango da eta 339,00 metroko luzera izango du.
Ondoren, trenbidearen plataformak, 1.938 metro luze izango den Andoaingo tuneletik jarraituko du. Tunel horrek, ia kilometro bateko larrialdietarako galeria du, loturako igarobideak ditu tunelaren gorputz nagusiarekin eta beharrezkoak diren zabalguneak ere baditu, ibilgailuen arteko gurutzaketak errazteko.
Andoaingo tuneletik irtetean, eraikiko den trenbide ardatzak, 100 metro inguruko luzera duen desmontean jarraitzen du. Haren ondoren, 200 metroko luzera duen bide-zubia egingo da GI-131 errepidearen gainean”.        

URNIETA–HERNANI
*Eusko Jaurlaritzak emandako datuak.

  • Luzera: 5,2 Km.
  • Epea: 33 hilabete.
  • GASTUA: 136,3 milioi euro.


“Proposaturiko trazatuak 5.250 metroko luzera du, Urnietako eta Hernaniko udalerrietan. Hasierako zatian aire zabaleko 25 metro ditu, 498 metro luze den Urnietako tunel faltsua hasi aurretik. Egitura hori, 2.157 metro luze izango den Urnietako tunelaren aurretik dago. Tunel horretan, guztira 1.080 metroko luzera izango duten larrialdietarako bi galeria proiektatu dira.
Tunela gainditu eta lurrazalerara irten ondoren, trazatuak Ubango erretena gurutzatuko du, 163 metro luze izango den bide-zubiaren bitartez, eta Hernaniko udalerrian sartuko da.
Trazatuak trintxeran dagoen zati batekin jarraituko du, 185 metro luze izango den Errotarango tunel faltsuaren hasieraraino. Haren ondoren, Urumea ibaiaren gaineko bide-zubia eraikiko da, 801 metrokoa. Bide-zubi horrek ibaia bera, Ibarluze industrigunea eta Altzuetako sagardotegien inguruak gurutzatuko ditu gainetik.
Urumeako bide-zubiak, 769 metro luze izango den Hernaniko tunelarekin bat egiten du. Haren iparraldeko ertza, Urumeako autobidearen azpitik igarotzeko aukera ematen duen kaxoi egitura batekin lotzen da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!