Lurdes Ansa, Elhuyar Fundazioko edizio arduraduna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 17a, 09:42

1972an sortu zen Elhuyar Fundazioa, zientzia eta euskara uztartzeko helburuz. Kultur elkarte gisa eman zituen lehen pausoak eta gaur egun, laurogei langile inguru hartzen ditu. Lurdes Ansa andoaindarra, Elhuyar Fundazioko edizio saileko arduraduna da.

Zein da Elhuyar Fundazioaren helburu nagusia?
Hiru helburu nagusi dituela esan dezakegu: zientzia, euskara eta teknologia berriak. Hiru ardatz horiek elkargurutzatuz egiten dugu lan. Zientzia euskaraz dibulgatzea edo zabaltzea da gure ardura, eta horretarako, teknologia berriak baliatzen ditugu. Zientzia gizarteratzeko ildoari jarraituz, zenbait produktu lantzen dugu: prentsa idatzian Elhuyar aldizkaria, telebistan Teknopolis saioa, irratian Norteko ferrokarrila, internet sarean zientzia.net gunea… Beti ere, zientzia euskaraz eskainiz. Hizkuntzaren arlo horren inguruan, berriz, baditugu, besteak beste hiztegiak edota itzulpengintza zerbitzua. Eta teknologia berriak euskararekin uztartzeko, I+G saila ere badugu Elhuyarren barnean.

1972an sortu zenetik, aldaketa handiak bizituko zituen Elhuyarrek…
Hasiera hartan irlatxo moduko bat zen, zientziaren inguruan eta euskaraz lan egiten zuen elkarte bakarra zen. Dena zegoen erabakitzeko. Erabili beharreko terminologia ere zehazteko zegoen. Bide luzea egin du Elhuyarrek arlo horretan.
Bere egituran ere asko aldatu da Elhuyar. Kultur elkarte modura sortu zen, kide gutxi batzuen lanarekin, eta gaur egun, laurogei langile hartzen dituen Fundazioa da. 1991n, ni elkartera sartu nintzen urtean, 14 lagun ginen eta hogei urteotan, laurogei izatera iritsi gara, langile kopurua laukoiztuz. Pixkanaka, taldea zabaltzen joan zen eta kultur elkarte izaera motz geratu zen. 2002an Fundazio bilakatu zen Elhuyar, jarduera horri guztiari eutsi ahal izateko.

Noiz eta nola hasi zinen lanean Elhuyarren?
Hiztegi enziklopedikoan lan egiteko sartu nintzen Elhuyarren, 1991n. 1993an kaleratu genuen enziklopedia hura, euskarazko lehendabizikoa izan zena. Izugarrizko berrikuntza izan zen enziklopedia hura, lan handia eskatu ziguna. Lehendabiziko aldiz datu base bat erabili genuen hiztegi hura egiteko eta aurrerapen izugarria zela iruditzen zitzaigun. Lanerako modua asko aldatu da geroztik: eskulan asko egiten zen garai hartan. Testuak prestatzeko modua, argazkien zein irudien trataera, lan horiek inprentara eramateko modua, han egindako frogak jaso eta errepasatzea… Orain posta elektroniko bidez bidaltzen dugu materiala eta eduki asko sarean jartzen ditugu zuzenean. Teknologiak bilakaera handia izan du eta etorkizunera begira aldaketa gehiago iritsiko dela ematen du. Datorrenari oso adi begiratzera behartzen gaitu horrek. Telefono mugikorrak, sare sozialak, liburu elektronikoak…, bizitza pertsonalean ez ezik, gure lanean ere barneratu egin behar ditugu eta horrek etengabeko berrikuntza eskatzen digu.

Kaleratutako produktuek ere bilakaera handia izango zuten, noski…
Hasiera hartan, paperezko liburuak egiten genituen; ez zegoen bestelako euskarririk. 1997an kaleratu genuen lehendabiziko CD roma, “Ezagutu Gipuzkoa” izenekoa. Gero internet sarea iritsi zen eta orain e-booka datorrela ematen du. Arlo horretan zer egin dezakegun aztertzen ari gara. Horretarako, produktua ondo ezagutu beharra dago: zein aukera eskaintzen duen, nolakoa den… Lan horretan dihardugu oraintxe bertan. Gizarteari ezin zaio bizkarra eman eta bezeroari, eskatzen duena eman behar zaio. Are gehiago esango nuke; batzuetan, bezeroari beharra sortu behar diozu.

Zientziaren dibulgazioan lan egitea erronka zaila al da?
Zientzia egitea, eta gainera euskaraz eskaintzea…, nahiko eremu murritza da. Horrek zailtasunak ekartzen ditu, bai produktuen finantziazioa bilatzeko, baita salmentarako ere. Elhuyarren, dibulgazio lana egiteko garaian, zuzentasuna bilatzen dugu bereziki. Lanean ari garenon artean, erdiak zientzialariak dira eta beste erdiak komunikatzaileak. Argi daukatu gizarteratzen dugun informazioa zientzia aldetik zuzena dela. Kazetaritza edo prentsa orokorrean zientziaren inguruko berriak kaleratzen direnean, titular deigarriak bilatzen dira eta batzuetan, ez dira guztiz zuzenak izaten. Hemen oso harreman zuzena dago zientzialarien eta kazetarien artean eta horrek, zuzentasuna bermatzen du.

Edizio lanetan aritzen zara. Nolako bidea betetzen du lan batek bere sorkuntzatik kaleratzen den arte?
Eduki batzuk Elhuyarren bertan sortzen dira eta beste batzuk kanpotik etortzen dira. Lan horiek sortzen direnetik eta kaleratzen diren arte, bide luzea egiten dute Elhuyarren. Lehendabizi, jendearengana iristeko diseinu egokia eman behar zaie. Hori oso modu berezian zaindu behar da, esaterako, hezkuntzara bideratu beharreko lanetan. Kasu horietan irakasleen parte hartzea ere izaten dugu. Hasierako diseinu nagusi hori egilearekin zehaztu ondoren, forma jakin bat eman behar zaio: karaktere kopuru zehatza bilatu, irudi edota ilustrazio egokiak lortu, marrazkiak egin, maketazio txukuna egin, euskarri egokiena zein izango den adostu… Emaitza ahalik eta atseginena izatea lortu behar dugu eta hori guztia egilearen parte hartzearekin, noski. Hark buruan daukana eta azkenean kaleratuko denak, bat etorri behar du. Batez beste, urte eta erdi edo bi urteko bidea egiten dute Elhuyarrek kaleratutako lanek.
Sorkuntza lanez gain, duela gutxi sail berria zabaldu dugu; zientziaren dibulgaziorako liburu interesgarriak itzultzen ditugu. Irakurketa interesgarriko liburuak bilatu eta euskarara itzultzen ditugu, jendeak zientziaren inguruko ideia orokorra jasotzeko modua izan dezan. Sail honek, ardura bat gehiago gehitu digu edizio saileko langileoi, izan ere, itzulpen lanetan hasi aurretik lizentziak kudeatu behar baitira.

Zure eskuetatik pasatako lan horiek, merkaturatu egin behar dira gero. Horrek ere erronka handia suposatuko du Elhuyarrentzat…

Badakigu gure produktuetako askok ez dutela errentagarritasun ekonomikorik izango. Bereziki, errentagarritasun soziala bilatuz egiten dugu lan, gizarteari ekarpen bat egiteko asmoz. Horregatik, zenbait produkturen diru iturri nagusia diru publikoa izaten da. Teknopolis bezalako telebista saio bat egiteko, adibidez, beharrezko da dirulaguntzetara jotzea. Proiektuetarako finantziazioa lortzea ez da beti erraza eta krisialdi momentu hau, gainera, ez da egokiena.

Zer esaten dizu jendeak Elhuyarren lan egiten duzula jakitean?
Ia denek dute Elhuyarren inguruko ideiaren bat; batzuek aldizkariarekin lotzen dute, beste batzuk telebista edota irrati saioarekin, eta askok, hiztegiarekin egiten dute lotura. Neurri batean, harritu egiten dira Elhuyarren berri ematen hasten zarenean.

Andoaindarra zara. Nolako lotura daukazu jaioterriarekin?
Andoainen jaio eta bizi naiz. Lotura sendoa dut jaioterriarekin, baina azken urteotako lan erritmoak ez dit uzten herriko ekimenetan parte hartze handirik izaten. Ez nuke nahi adinako jarraikortasuna mantentzerik izango eta hori horrela izanik, nahiago dut konpromisorik ez hartzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!