Kolore guztiak, gazte etorkinak gure artean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 17a, 09:39

Kolore Guztiak elkarte interkulturala 2008 urtean sortu zen. 18 urtetik gorako gazte etorkinei laguntza emateko helburuarekin ekin zion bere bideari.

Elkartearen abiapuntua gazte etorkinak adinez nagusi bihurtu eta adin txikikoen zentroetatik ateratzean, haiei erantzuteko errekurtso gutxi sumatzea izan zen. Gazte horiek helduen bizimodurako prestatzea da elkartearen helburu nagusia eta helburu horiek gauzatze aldera, bide ezberdinak lantzen dituzte: Batetik 18 urtetik gorako gazteei zuzendutako etxebizitzak leudeke; etxe horietan hainbat gazte bizi da, euren kabuz bizitzera joateko aukera izan aurretik. Eta bestetik, Donostian kokatzen den lokala edo biltzeko gunea. Gune horretara, beste txokorik ez eta kalean lo egiten duen jendea gerturatzen da. Orientazioa eta formazioa bideratzen da han eta, era berean, elkartu eta lasai egoteko lekua ere bada. Bai biltzeko gunea nahiz gazte etorkinei zuzendutako etxebizitzak Foru Aldundiaren konbeniopean atera dira aurrera.
Edurne Arozena eta Ainhoa Azkue, Kolore Guztiak elkarteko kide dira. Amasa-Villabonan gazte etorkinentzat daukaten etxebizitzako gazteekin egiten dute lan.

Kolore Guztiak elkarteak Amasa-Villabonan gazte etorkinentzat zabaldutako etxebizitza lehenengotakoa izan zen Gipuzkoan…
Edurne:
Etxebizitzei dagokienez, 2008ko maiatzean Usurbilen zabaldu zen gazte etorkinei zuzendutako lehen etxebizitza. Jarraian, 2008ko uztailean, Amasa-Villabonako Oriamendi auzoan jarri zen martxan bigarrena. Hortik aurrera, beste lau etxebizitza ere bideratu dira Gipuzkoan. Guztira, sei etxebizitza abian dira, beraz, une honetan. Aipatutakoez gain, beste bina Donostian eta Hernanin.

Noiztik ari zarete zuok biok Amasa-Villabonako etxebizitzan hezitzaile lanetan?
E.:
2008 urtean hasi nintzen, etxebizitza zabaldu zenean.
Ainhoa: Iaztik ari naiz ni, Edurnerekin batera.

Zenbat gazte bizi da Amasa-Villabonako etxebizitzan? Zein jatorritakoak dira? Zer moduzko erantzuna izan duzue herrian?
E.:
Marokoko bost gazte bizi dira Amasa-Villabonako etxean. Ainhoa eta biok aste egunak igarotzen ditugu beraiekin. Gaua eurek bakarrik igarotzen dute eta baita asteburuak ere. Adinez nagusi direnez, ez dute 24 orduko jarraipenik behar. Egia esan, ez dugu inolako arazorik izan. Hasieran beldur pixka bat bagenuen arren, oso ondo moldatu gara bizilagunekin eta gazteak oso ondo hartu dituzte hasieratik.

Zein dira egunerokotasuneko zuen eginbeharrak etxebizitzan?
A.:
Paperak arautzen lagundu, CIPeko tutoreekin bilerak egin, praktikak nahiz lana bilatu, medikutara lagundu… Gazteei alor guztietan laguntzen saiatzen gara. Era berean, etxeko lanak egiten ere erakusten diegu: josten, txukunketetan, sukaldean… Aisialdiko ekintzatan ere parte hartzen dugu eta noizean behin, patinatzera, bizikletan ibiltzera, zinemara edota afaltzera ere joaten gara.

Paperak arautzeko zailtasunik izaten al duzue?
E.:
Pauso asko eman behar da paperak lortzeko eta oso zorrotzak  izaten dira askotan. Maiz dokumentu orijinalak eskatzen dizkigutenez, jatorrizko lurraldera eskatu behar izaten ditugu eta ondorioz, asko luzatzen da egin beharreko tramitea. Paperak legeztatzearekin batera, lan baimena lortzea izaten da zailena. Etxebizitzetan badira independenteki bizitzeko prestatuta dauden gazteak, baina lanik gabe ezin dute pauso hori eman. Atez ate joaten gara askotan lan bila, guri ez baitigu inork zuzenean eskaintza egiteko deitzen. Lerro hauen bidez, etorkinen baten curriculuma iristen den lantegietan, kanpoko izena izanagatik, proposamen hori ere kontuan hartzeko eskatu eta gazte etorkinei aukera emateko deia luzatuko genuke.

Ba al duzue harremanik herriko talde nahiz herritarrekin?
E.:  Jendeari, oro har, kosta egiten zaio etorkinengana gerturatzea. Egia esan, ez dugu herritarrekin harreman handirik izan.
A.: Iaz, festa batzordeko bileraren batean hartu genuen parte eta tarteka, bilerak izaten ditugu talde ezberdinekin. Gure lanaren zati ere bada harreman hori sendotzea, baina ez da erraza izaten.
E.: Herriko taldeen deiak jasotzen ditugu eta guk ekimenetan parte hartu nahi izaten dugu. Baina, hizkuntza oztopo zaigu askotan; gazte hauek oraindik ez baitute euskaraz hitz egiten ikasi. Herritarrekin baino gehiago, euren artean erlazionatzen dira. Herri mailan, euren adineko gazteak ezagutzeko dinamikak martxan jartzea egokia litzateke.

Zuen lanaren zer nolako irakurketa egiten duzue?
E.:
Baikorra, dudarik gabe. Gazteek etxebizitzetan igaro beharreko denbora tartea urtebetetik beherakoa izango zela pentsatzen genuen hasieran, baina denbora igaro ahala, helburu hori utopikoa zela jabetu gara. Euren kabuz bizitzera joan aurretik, elkarteko etxebizitzan urtebete baino gehiago igarotzen dute kasurik gehienetan.
A.: Pauso guztiak ondo joaten diren kasuetan ere (lana nahiz etxebizitza aurkitu…), luzatu egiten da eurei zuzendutako etxebizitzetan igaro beharreko epea.
E.: Luzatze horren eraginez, hainbat gazte etorkin lekurik gabe dago eta itxaron zerrendak egoten dira. Kolore Guztiak elkarteak bezala, beste hainbat elkartek ere baditu antzeko ekimenak: Gurutze Gorriak-ek, esaterako. Baina, guztion artean ere, ez da denei erantzuteko modurik izaten.

POZIK GAZTEEN JARRERAREKIN
Azken urteotan gazte etorkinen perfila asko aldatu dela adierazi dute hezitzaileek: “Hasierako urteak nahiko konplexuak izan ziren, gazteak adin nagusikoen etxeetara etorritakoan, askatasun osoa zutela pentsatzen baitzuten. Edozein etxetan bezala, ordea, gurean ere bete beharreko arauak izan dira betidanik. Denbora tarte laburrean onartu dituzte gazteek arau horiek eta oso pozik gaude euren jarrerarekin”. Atzerritik etortzen diren gazte gehienak mutilak dira. Edurne eta Ainhoari oraindik ez zaie neska etorkinekin lan egiterik egokitu. Batez ere jatorri afrikarreko gazteekin egiten dute lan: marokoar, senegaldar edo Argeliatik etorritakoekin.

BILAL, MAROKOTIK AMASA-VILLABONARA

Algeciras eta Madrilen egonaldi laburrak egin ostean, duela bi urte etorri zen Bilal Marokotik Euskal Herrira. Azken urtebete pasatxoan Amasa-Villabonako gazte etorkinei zuzendutako etxebizitzan bizitu denak, bere ibilbidearen berri azaldu du.


19 urte ditu Bilal gazteak. Tangerren jaio zen, Marokoko iparraldean. Bere lurraldea utzi eta Euskal Herrira etorri zenean, Gipuzkoako hainbat adin txikiko zentrotan bizitu zen lehenengo, gazte etorkinei zuzendutako Amasa-Villabonako etxebizitzara igaro aurretik. “Lana aurkitu dut eta epe laburrean nire kabuz bizitzera joango naiz. Amasa-Villabonako etxebizitzan oso gustura bizitu naiz, oso giro ona izan dugu etxeko bost kideon artean eta baita hezitzaileekin ere. Ez da erraza izan, baina behin lana aurkituta, bide berriak bilatzeko gogoa daukat orain”, adierazi du gazteak. Sukaldaria da Bilal eta jatetxe bateko sukaldean aritzen da lanean, “oso gustura ari naiz lanean, pozik sukaldean, giro onean”. Gazte euskaldun asko kanpotik etorri direnak baino lanerako gogo gutxiagorekin sumatzen ditu, “gazte asko festarako gogoz egoten da, lanerako baino gehiago. Nik ez dut alkoholik edaten eta parrandarik ere apenas egiten dudan”, adierazi du..
Lana aurkitzea zen Bilal-en helburua Marokotik alde egitea erabaki zuenean, “anai-arreba ugari gara eta aitak lanik ez duenez, zer edo zer egin beharra zegoen. Nik ez nuen etorkizunean Marokon lanik egin gabe bizitu nahi eta lurraldez aldatzea erabaki nuen. Oso gogorra da erabaki hori hartzea, are gehiago adinez txiki zarenean eta poltsikoan zentimorik ez duzunean. Beste hiru lagunekin batera etorri nintzen arren, oso gogorra izan zen hasiera”. Egun baina, Bilal oso pozik dago hartu zuen erabakiarekin, “orain pozik bizi naiz hemen; ez naiz etorri izanaz damutzen eta, dudarik gabe, berriz ere gauza bera egingo nuke”. Hori bai, ez du bere herria ahaztu eta ezta etxekoak ere: “lana eta aukera izandakoan, Marokora bisitan itzultzea gustatzen zaigu gehienoi. Bizitza aurrera joaten da eta guk ikusten ez badugu ere, gure etxeetan ere aldatu egiten da egoera. Hara itzulitakoan, ezagutzen ez genituen anai-arrebak edo izugarri hazi den lehengusuarekin egiten dugu topo, esaterako”.

Dena ezberdina
Amasa-Villabonan bizituagatik, herritarrekin harreman handirik izan ez duela aipatu du, Legorretako lagunartera joaten dela gehiago, “Legorretan dut lagunik gehien eta hara joaten naiz denbora dudanean. Oso harrera ona egin digute Legorretan eta herritarrekin batera, hainbat ekintzatan hartzen dugu parte. Egia esan, gure kasuan ez da erraza hemengo jendea ezagutzea, atzerritarrekin aurreiritziak dituzte batzuek oraindik”. Marokoko eta hemengo ohiturak oso ezberdinak direla azaldu du eta zer edo zer nabarmentzekotan, emakume eta gizonak euren aisialdian batera ikusteak sortutako harridurari egin dio aipamena: “hona iritsi nintzenean dena ezberdina iruditu zitzaidan. Esaterako, hemen, edozein tabernatan, emakumeak eta gizonak batera ikusteak izugarri harritu ninduen, Marokon oraindik ez baita antzeko egoerarik ikusten. Era berean, hondartzan neskak eta mutilak elkarrekin bainujantzian egotea ere harrigarria egin zitzaidan, beste gauza askoren artean”.
Aurrera begirako asmoen inguruan galdetuta, “gida-baimena ateratzea gustatuko litzaidake. Ez dut neska-lagunik, baina oraindik ez dut horretarako presarik”, erantzun du Bilalek. Hitz batzuk ulertu arren, ez daki oraindik euskaraz hitz egiten, “aurrera begira euskaraz hitz egiten ikastea gustatuko litzaidake, noski”, azaldu du.
Zorte on, mutil, ibilbide berrian!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!