Oreka eta osasuna zaindu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 17a, 09:34

Irunen bizi den Itsaso Sánchezek ia hamabost urte daramatza Zizurkilgo Bulandegi bidean mantentze fisiko nahiz suspertze zentroan lanean. Pilates saioak, masajea eta dietak uztartzen ditu.

Duela hamalau urte Itsasok Bulandegi bideko egoitza hartu aurretik, masajista batek egiten zuen lan bertan, “gerora nik hartu nuen dendako ardura eta berehala bezeroekin dietak lantzen hasi nintzen, masajeak ere hasieratik mantendu nituelarik”. Itsaso ikasketaz dietista bada ere, Pilates ezagutzen ari zen Zizurkilgo denda hartu zuen garaian, “dieta eta masajeekin batera, beraz, berehala hasi nintzen Pilates saioak eskaintzen Zizurkilen. Orduan inork ez zekien zer zen Pilates metodoa, aerobika zegoen modan eta gehiengoak huraxe egiten zuen. Zorionez, pixkanaka jendeak ezagutu egin du Pilates-a eta alde horretara jo du nabarmen. Oso apustu interesgarria iruditzen zait niri”. Taldeak astelehen, asteazken eta ostiraletan biltzen dira goiz, eguerdi edota ilunabarretan. “Zazpi-zortzi laguneko talde murritzak osatzen ahalegintzen naiz, taldea ondo bideratu ahal izateko. Gorputzaren posturak kontrolatzen jakitea da Pilates-aren filosofia; postura, bakoitzaren menpe egotea, alegia. Horretarako gorputzeko muskulu guztiak indartu egin behar dira, abdomen aldea batez ere, gorputzaren grabitate zentroa delako”, azaldu du.

Masajerako eskua
Pilatesarekin batera, masajea edota norbanakoari egokitutako dietak egiten jarraitzen du Itsasok, arlo bakoitzak bere langintzaren herena hartzen diolarik. Kirolariei edota minez datozenei ematen die masajea, “minez dagoena sendatzera etortzen da zentrora baina era berean, baita kirolari ugari ere. Egun ordea, ez dago erlajatzeko masajea hartzeko mentalitatetik. Jendeari denbora galtzea iruditzen zaio”. Masaje saioak laguntzeko laserterapia edota elektroterapia ere baliatzen ditu Itsasok, “hala ere gero eta gutxiago erabiltzen ditut bide horiek. Nobedadea zenean jendeak gehiago eskatzen zituen. Gaur egun, jendeak esku soila nahiago du masajea ematerakoan”.

Elikadura onaren garrantzia
Dietistaren arloa ere oso garrantzitsua da Itsasoren ustez, “dieta oso garrantzitsua da guztiontzat eta gizakiok beti elikatzen garenez, beti gaude dietan. Jaten dugunak, noski, eragin handia dauka gorputzean”. Eragin horren adibide, sendabide asko dietaren arabera bideratzen ditu Itsasok. “Egun, dudarik gabe, gaixotasun asko dieta onaren bidez hobetu eta senda litezke: asma, alergiak, depresioak, zefaleak, hiperaktibitatea umeengan… Alde horretatik lan asko egiten ari naiz eta oso gustura nago emaitzekin. Medikuak ere konturatu dira dietek zer nolako garrantzia duten gaixoak sendatzerakoan”, adierazi du. Bakoitzak dituen helburu eta arazoen arabera egokitzen du dieta Itsasok, “bezeroa dieta eske etortzen denean, bere ohiturak eta osasun egoera aztertzen ditut lehenik; bakoitzari, bere ezaugarrien arabera, elikadura mota ezberdina egokitzen baitzaio”. Itsasoren ustez, egun, jendeak ez du orokorrean elikadura bereziki zaintzen eta gainera, elikagai enpresa nahiz komunikabideengatik ikaragarri manipulatuta gaudela uste du, “jende asko, ustez, bere elikadura zaintzen ari da, baina era berean, bere buruaren kontra ari da. Izan ere, produktu asko gure osasunarentzat oso onak direlakoan saltzen dizkigute, jende askori komeni ez zaizkien bitartean”. Elikadura ona bideratzeko, logika erabiltzea gomendatzen du Itsasok, nahiz eta, oro har, oso gutxitan erabiltzen dela iruditzen zaion, “urte sasoi honetan entsalada (letxuga nahiz tomatea) jatea, niretzat ez da elikadura zaintzea. Jaten ari den askori, ordea, ongi ari dela iruditzen zaio. Garaian garaiko produktuak kontsumitzeak garrantzia handia du nire iritziz”.

Gosariaren garrantzia
Era guztietako dietak egin nahi eta egiten ditu Itsasok Zizurkilen, bere ustez, bakoitzaren dieta egokia bilatu eta bezeroak dagokiona jaten ikastea baita oinarrizkoa. Funtsean, norbera bere buruaren jabe izan dadin lortzea. “Eguna ondo hasteko, esaterako, ondo gosaltzea oso garrantzitsua da. Indartsua eta denetarikoa izan behar du gosariak. Argaldu nahi duenak kontuan hartu behar du oso ondo jatea ezinbestekoa dela, erregaia behar-beharrezkoa dela egungo bizimoduaren erritmoari eusteko. Ni ez nago ados argaltzeko ‘ahoa ixtearen’ esaerarekin. Besterik da ondo elikatzen ikastea”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!