Maider Sierra, minbiziaren aurkako elkartean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 17a, 09:31

Minbiziaren aurkako elkarteak Gipuzkoan duen egoitzan, psikologo gisa egiten du lan Maider Sierra zizurkildarrak. Prebentzio arloko ardura du berak  eta erretzeari uzteko  terapiatan murgilduta dabil buru-belarri.

Zein da zure eginbeharra  minbiziaren aurkako elkartean?
Prebentzio sailean egiten dut lan eta arlo horren barnean, kanpaina ezberdinak egiten ditugu urtean zehar. Otsailaren 4an, esaterako, minbiziaren aurkako eguna ospatu genuen, martxoaren 31n koloneko minbiziaren aurkako eguna izango dugu, maiatzean kerik gabeko eguna… Hainbat hitzordu antolatzen dugu urte guztian zehar. Gure helburua, osasun arloan egiten diren ikerketak kaleratzea da. Gaur egun, badakigu minbizien %40a saihets daitekeela hainbat ohitura osasungarri jarraituta, eta hori, kaleratu egin behar da. Orokorrean, oso barneratuta daukagu minbizia loteria bat dela eta edonori egoki dakiokeela. Hori, ordea, ez da guztiz egia. Egia da zenbait kasutan ezin dugula ezer egin gaixotasuna saihesteko, baina egia da baita ere, gure bizi ohiturak hobetuz, elikadura zainduz, kirola eginez, eguzkiarengatik babestuz, erretzeari utziz…, minbizia izateko aukera gutxiago izango dugula. Beste ideia nagusi bat zabaltzen ere lan handia egiten dugu elkartean: minbizitik atera daitekeela, alegia. Zenbat eta lehenago harrapatu, orduan eta errazagoa izango da aurre egitea eta bizi kalitate ona mantentzea.

Nola gauzatzen da informazio horren gizarteratzea?
Modu ezberdinak erabiltzen ditugu. Batetik, informazio hori fisikoki kalean jarrita. Urtean zehar elkarteak antolatzen dituen kanpaina horien baitan, mahaitxoak kalera atera eta informazio interesgarria biltzen duten esku-orriak banatzen ditugu. Bestetik, botika eta anbulatorioekin ere elkarlana egin izan dugu informazio hori zabaltzeko garaian. Bestalde, tailerrak edota hitzaldiak ere antolatzen ditugu. Herri ezberdinetako talde, elkarte edota ikastetxeetatik deitzen digute eskaera egiteko eta gu beti izaten gara parte hartzeko prest.

Erretzeari uzteko terapiak ere bideratzen dituzu…
Bai, hala da. Urte osoan zehar antolatzen ditugu horrelakoak Donostiako egoitzan, eta Tolosan ere martxan hasita daude. Talde terapian oinarrituta lan egiten dugu eta urtebeteko jarraipena egiten zaio pertsona bakoitzari. Norberak, etxetik ekarri behar du erretzeari uzteko gogoa nahiz borondatea eta hemen, helburu hori lortzeko laguntza ematen diegu. Terapian hasi eta lehen hiru hilabetetan astero biltzen gara haiekin, zortzi edo hamar pertsonako taldeetan. Astez aste, helburu ezberdinak finkatzen ditugu eta talde terapian norberaren bizipenak kontatzen dizkiogu elkarri. Lehen hiru hilabete horiek pasatakoan, tarte handiagoz biltzen hasten gara eta urtebetera iritsitakoan, terapia amaitutzat ematen dugu.

Zein da erretzeari uzteko prozesuaren alderik zailena?
Bi dependentzia sortzen ditu tabakoak. Batetik, dependentzia fisikoa dago, nikotinak eragin eta lehen hiru edo lau asteetan luzatzen dena, eta bestetik, dependentzia edo behar psikologiko eta konduktuala legoke. Hori gainditzea prozesu luzeagoa izaten da. Erretzean zer bilatzen dugun jakin behar dugu lehendabizi: lasaitzea, harreman sozialak erraztea…, bakoitzak bere erabilera ematen dio zigarroari eta horri aurre egiteko beste baliabide batzuk bilatu behar ditugu. Azken finean, zigarroa uzten dugunean dolu prozesua pasa beharra dago. Kontuan izan behar dugu erretzaile gehienek egunean hogei bat zigarro erretzen dituztela. Oso gauza gutxi dago egunean hogei aldiz egiten dugunik; zigarroak ez dizu inoiz ezezkorik esango, beti daukazu eskura eta harreman estu hori eteten duzunean, egoera berriari aurre egiten ikasi behar da. Erretzeari uzteko, nahikoak dira segundu gutxi batzuk; zigarroa itzaltzeko behar ditugunak. Elkartean antolatutako terapietan egiten duguna, hurrengo zigarroa ez pizteko baliabideak ematea da.

Minbiziaren aurkako elkartea
Tolosan, Donostian eta Irunen ditu egoitzak minbiziaren aurkako elkarteak. Minbizia dutenei eta haien senitartekoei beharrezko laguntza eskaintzen die elkarteak; arlo psikologikoan, fisikoan edota besteak beste, zainketarako beharrezko materiala eskura jarriz.

Informazio gehiago:
www.aecc.es
943 457 722 (Donostia)
943 652 143 (Tolosa)

Helbideak:
Donostiako egoitza: Zarautz etorbidea, 58-1. Antiguo auzoa
Tolosako egoitza: Emeterio Arrese, 2-1
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!