Aiztondoko Klasika, martxoaren 13an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 17a, 09:30

Berrehun txirrindulari gazteren jarduna bertatik bertara jarraitzeko aukera eskainiko du Aiztondoko Klasikak martxoaren 13an. Adunan hasi eta Amasa-Villabonan amaituko da aurtengo lasterketa.

Hogeita hiru uztez azpiko eta elite mailako txirrindulariek parte hartzen dute Aiztondoko Klasikan eta estatu mailako koparako puntuagarria da. Ramon Aiertza asteasuarra antolaketa taldeko kidea da eta hark eman ditu lasterketaren inguruko azalpenak: “Duela bi hilabete pasatxo hasi ginen lehendabiziko lanak egiten. Amasa-Villabonako Irrintzi, Zizurkilgo Urkamendi, Adunako Txulobi eta Asteasuko Aitz-Ondo elkarteetako zenbait kideren artean banatzen ditugu ardurak. Aurtengoa zortzigarren edizioa izango denez, bakoitzaren ardurak ondo finkatuta daude eta geroz eta errazago egiten ditugu lanak”, azaldu du.

Aurten, astebete geroago
Martxoko lehen igandean antolatu ohi da Aiztondoko Klasika, baina aurten, bigarren igandera atzeratu dute: “Lasarteko lasterketa desagertu zenean, haren hutsunea betetzeko sortu zen Aiztondoko Klasika eta hura bezala, martxoko lehen igandean egiten hasi ginen. Aurten, ordea, Tolosako Inauteriekin batera egokitzen zen eta horrek arazoak ekar zitzakeen antolaketarako. Lasterketa Tolosatik pasatzen da eta iñauteriak izanik, ez genekien posible izango zen edo ez. Federaziora deitu eta Madrilgo beste lasterketa batekin data aldatzea lortu genuen. Haiek astebete aurreratu dute eta guk martxoaren 13ra atzeratu”, adierazi du Ramonek.

Ibilbide gogorra
Goizeko 10:00etan abiatuko dira txirrindulariak Adunatik eta Amasa-Villabonan izango dute helmuga, 140 kilometroko ibilbidea bete ondoren: “Ibilbide gogorra da, igoera asko dituena. Adunatik atera eta Ordiziara joango dira lehendabizi txirrindulariak. Anoetatik Alkizara igo eta ondoren, bost itzuli emango dizkiote ibilbide finko bati: Amasa-Villabona, Asteasu, Zizurkil Goia eta Aduna. Azken itzulian Anoetara joan eta Sarasola sagardotegiko errepidean barrena etorriko dira. Berriro ere Zizurkil Goia eta Adunara igo ondoren, Amasa-Villabonako helmugan amaituko dute lasterketa”. Helmuga eta sprint bereziak ere izango ditu lasterketak. “Asteasun jarriko dugu helmuga berezia eta Zizurkil Goian sprint berezia. Mendiko sari berezirako berriz, Adunako gaina, Alkiza eta Sarasolarko gaina izango dira puntuagarri”, gaineratu du Ramonek.

Aurten, Sarasolara berriro
Sarasolarako igoera berreskuratzea erabaki dute aurten: “Duela bi urte egin genuen lehendabiziko aldiz. Iazko klasikan ez egitea erabaki zen eta aurten, igoera hori berreskuratzeko eskaera jaso genuen. Txirrindularitza gustuko dutenentzat oso puntu ikusgarria da eta duela bi urte bezala, jende asko bilduko dela uste dugu. Lehendabiziko aldiz antolatu genuenean, zenbait talderen kexua jaso genuen, gogorregia ote zen esanez, baina lasterketa amaitu ondoren, guztiak ere gustura zeudela sumatu genuen; horregatik erabaki dugu berreskuratzea”.
Ikuskizun ederra eskaini ohi du Aiztondoko Klasikak. “Maila altuko txirrindulariak gerturatzen dira. Estatuko koparako baliagarria denez, iazko talderik onenak gonbidatzea derrigorrezkoa da; ia hutsik egin gabe, urtero izan ditugu Caja Rural, Seguros Bilbao, Super Froiz, Comunidad Valenciana, Andalucia...  Hortik aurrera, bertako taldeei aukera ematen saiatzen gara. Guretzat, oso pozgarria da Aiztondoko Klasikan maila ona ematen duten txirrindulariek profesionaletarako pausoa ematen dutela ikustea. Hala gertatu da hemen garaipena lortu duten txirrindulari guztiekin”, azpimarratu du Ramon Aierzak.
Aiztondo bailarako Udalen dirulaguntzaz antolatzen da Aiztondoko Klasika: “Beraien gain geratzen da aurrekontuaren %75a eta gainerako %25a lortzea gure esku izaten da. Lasterketa lehendabiziko aldiz antolatzeko lanetan hasi ginenean sei Udalen konpromisoa lotu genuen, sei urterako. Sei urteak pasata, Udal guztiekin berritzea lortu genuen eta horrek, aurrera jarraitzeko aukera eman digu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!