Udalbatzetako dokumentuak digitalizatzen

Lurdes Aranburu eta Leire Saizar adunarrak urtarrilaren 31n hasi ziren Adunako udaletxeko dokumentu berriak nahiz zaharrak digitalizatzen. Euren langintzaren berri azaldu dute.

Eusko Jaurlaritzak krisialdi ekonomikoari aurre egiteko emandako diru-laguntzari esker, hiru hilabetez arituko dira lanean Lurdes eta Leire herritarrak Adunako udaletxean. Euren eginbeharra udaletxean gordeta dauden dokumentuak digitalizatzea da, –udalbatzetako aktak nagusiki–, edonork gairen baten inguruko informazioa beharko balu, modu errazean aurki dezan. “Gaur egungo aktetatik hasi eta iraganekoetara joko dugu pixkanaka; egungo dokumentuak gehiago erabiltzen direnez, horiek digitalizatzeak presa handiagoa baitu antzinakoetara jotzeak baino. Azken urteetako aktek gai-zerrenda zehaztuta badute ere, aurreragokoek ez dute halakorik eta, udalbatzetako aktak irakurrita, aurkibidea osatzen diogu bakoitzari. Modu horretan, herritarren bati edo udaletxeko idazkariari kontsultaren bat egitea egokitzen zaionean, bila dabilen datu hori errazago aurkituko du”. Gainerako Udal gehienetan bezala, Adunako udaletxean gordetzen diren dokumentu gehienak gaztelania hutsean idatzita daude. 1990eko hamarkadan hasi ziren aktetan euskara tartekatzen. “1994tik 1998 urtera batzarren aztergaiak gaztelania nahiz euskaraz idazteari ekin zioten, gero akta gaztelania hutsez jasotzen bazen ere. 1998 urteaz geroztik, aztergaiak bezala, ondorengo akta ere euskaraz jasotzen da”. Bi lankide berriak euskaraz ari dira gordetzen datu guztiak, herritarrei bilaketa lanak errazte aldera.

Idazkera jasoa
Haatik, akta berriekin batera, dokumentu zaharrak ere digitalizatuko dituzte epe laburrean. “Adunako udaletxean 1826 urteaz geroztiko dokumentuak daude gordeta. Dokumentu horiek digitalizatu ondoren, datu historiko moduan gorde nahi dira aurrera begira”, azaldu du Lurdesek. Dokumentu zaharrak gal ez daitezen, digitalizatuta gordetzea ohikoa eta ezinbestekoa da garaiotan, “antzinako dokumentuak jasotzen dituzten liburuxkak oso zaharrak dira eta hainbatetan papera puskatuta ere ageri da. Kasu horietan, bereziki, oso garrantzitsua da idatzi horiek eskaneatuta gordetzea; historialariei zuzenduta, batik bat”. Eskuartean izan duten dokumentuen artean, bereziki begia jo diena, udaletxean gordetzen den aktarik zaharrena da: 1826 urtekoa. “Erabiltzen zuten kaligrafia eta adierazteko modua bitxiak dira egun. Idazkera oso polita izanagatik, kosta egiten da askotan ziotena ulertzea eta horrek ez du gure lana askorik errazten”, Lurdesen esanetan. Leirek berriz, antzina, oso hizkera jasoan eta errespetuzkoan idazten zutela aipatu du. Kontu arruntenak esateko, izugarrizko apaindurak erabiltzen zituztela esatean bat etorri dira biak, “Dios nos guarde moduko aipamen ugari ageri da garai hartako idatzietan”. Aktekin batera, antzinako hainbat eskutitz ere topatu dituzte, “Donostiako alkateari nahiz adunarrei bidalitako eskutitz bat baino gehiago aurkitu dugu dokumentuen artean. Arrazoi ezberdinengatik, eskerrak emateko eskutitzak dira gehienak, oso dotore idatzitakoak”.

Ahalik eta urrunen
Lurdes, administraria izanik, antzeko lanetan aritua da lehenago ere. Egun egiten ari diren lanari dagokionez, errepikakorra baina gustukoa dela diote, “egiten dugun lana nahikoa monotonoa da, dokumentu asko eskaneatu behar izaten baitugu. Gaztelania hutsez idatzitako akten aztergaiak itzultzen ere aritzen gara, gaiak puntuz puntu hartuta”. Gustura ari direla aipatu dute biek eta bata bestearen babesean aritzeak erraztu egiten duela euren egitekoa, “ahal duguna egingo dugu guk”, azaldu dute. “Hiru hilabeteko epean dena amaitzea zaila izango den arren, ahalik eta urrunen iristea da gure helburua”.
Azaldu dutenez, lanpostuaren deialdian Udaleko webgunea eguneratzea ere eskatzen zen, “oraingoz, alde batera utzita daukagu webgunearen atala, aktak eguneratzeak nahikoa lan ematen baitigu. Pixkanaka eutsiko diegu gainerako eginbeharrei”, aipatu dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!