Donelutxi taldea txapeldun, Donelontxo txapeldunorde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 13a, 17:10

Atzo gauean, Amasa-Villabonako Behar-Zana elkartea lepo beteta zegoela jokatu zen Beterriko IV. bertsolari txapelketaren final handia. Azkenean, hamahiru botoko aldearekin, nesken taldea gailendu zitzaion mutilenari:

Finaleko argazkiak

Urtarrilaren amaieran Andoaingo Ontza eta Asteasuko Aitz-Ondo elkarteetan sailkatu ziren Donelutxi (Onintza Enbeita, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi) eta Donelontxo (Jokin Labayen, Ander Lizarralde eta Unai Muñoa) taldeak lehiatu ziren urtez urte indar eta pisu handiagoa hartzen ari den Beterriko bertsolari txapelketaren laugarren edizioko finalean. Neskek nahiz mutilek indartsu ekin zioten saioari, entzuleak laster batean poltsikoratuz.

Neskek eman zioten hasiera agurren txandari. Andoainera sevillanaz jantzita agertu baziren, urrunagotik etorri ziren oraingoan Amasa-Villabonara: Mexikotik, hain zuzen. Oso sarrera indartsua egin zuten hiru bandidek, famatu izateko edozertarako gai zirela eta mutilei aurre egiteko gogo biziz zetozela argi utziz: ‘Ez gara  alferrik etorri, Tijuanatikan astoz'. Mexikoko azentuarekin batera, hango doinuak ekarri zituzten aurkezpenerako eta pistolak ere aldean zituztela, euren azken kapritxoa Beterriko txapela zela jakinarazi zuten eta, helburu hori lortzeko edozertarako prest zeudela.

Mutilen taldeak ere ez zuen aurkezpen makala eskaini, benetan original eta barregarria izan zen Donelontxo taldeak plazaratu zuen Munduko inprobisatzaileen bigarren Basetxea saioa. Saio horrek bazuen ezaugarri berezi bat, inprobisatzaileak depresibo zeudela. Asteasuko kanporaketan, Jokin Labayen Eugenio txiste kontalari katalanaren paperean ezin hobeto aritu bazen, oraingoan Julian Yantzi aurkezlearen bikoizketa bikaina eskaini zuen. Ander Lizarralde eta Unai Muñoa inprobisatzaile deprimituen paperean aritu ziren, ondo baino hobeto aritu ere. Palestinatik etorritako inprobisatzailea nahiz Jon Sarasua eta Mexikotik etorritako Guillermo Velazquez-en paperean aritu ziren. Ondo merezitako txalo zaparrada beroa jaso zuten entzuleen eskutik.

Agurren ondorengo bigarren ariketa, Juana Bixente Olabe doinuan egin beharrekoa izan ohi da txapelketan, baina bertsolariek hala eskatuta, doinua aldatzea erabaki zuten antolatzaileek eta Iparragirre doinuan abestu zuten Ainhoa eta Jokinek, Amaia Agirrek luzatutako lehen gaiaren inguruan. Amaiak txapelketan zehar nesken aldeko joera nabaritu dela adierazi zien eta afarian ere atera zutela mutilek gai hori mahaiaren gainera. Jokinek, Ainhoaren ondoan egon nahiko lukeela abestu zuen, aldamiotik begira. Ainhoak ahizpa zaharrenaren papera hartu beharrean berak ere borrokatzeko eskatu zion.

Uxuek eta Anderrek jarraitu zuten hamarreko txikian. Anai-arreben paperean jarri zituen Amaiak. Aita, ama ez zen beste norbaitekin zebilela zekiten. Ander ama esnatu nahian ibili zen, "begiak zabaltzeko badauka garaia". Uxuek ez zion amari minik eragin nahi, "amak salbatuko du bere burua".

Unai eta Onintza puntuka aritu ziren segidan, Bilbo eta Donostiaren arteko aldeen artean eztabaidatzen aurrena, saio guztian zehar iraungo zuen ligatze bideari hasiera emanez hurrena. Oso saio umoretsua izan zen, barre algara handiak eragin zituena.

Sei puntuko motzean, Mainontzi doinuan Ainhoa eta Unaik abestu zuten. Laneko bilera berean zeuden bi bertsolariak, elkarri begira: Unairi nazka ematen zion begirada gurutzatutako langileak; Ainhoari, berriz, parekoa jateko gogoa sartu zitzaion. Bertsoaldiaren amaieran, arrazoi ezberdinengandik batak bestea jango luketela nabarmendu zuten.

Uxue eta Jokin primeran moldatu ziren zortziko txikian bizilagunen paperean. Uxuek hainbat mesede eskatu zion Jokin bizilagunari (eraman ziezazkiola erosketa poltsak etxera, besteak beste). Uxue haurdun egonda, eta bera etxeko bizilagunik normelena izanda, eskaera guztiei baiezkoa eman zien Jokinek.

Onintza eta Anderrek puntuka jarduteko abiapuntua "30 urte edade earra omen da..." izan zen. Ordura arte entzuleen artean sortutako zalaparta eta txalo zaparradarik biziena eragin zuten abestutako bertso zirikatzaileek:

Edadea izatea / ez ei da polita / (Onintzak)

zu señora bazera / ta ez señorita / (Anderrek)

hori ezin da esan / gaur hau ikusita (O)

zu re politta zera / begiak itxita (A)

...

Gutxirekin ohituta /orain hau gehiegi (O, titiak erakutsiz)

horrelako printzesak /ezin egon beti (A)

zure lako gizonik /ez ekarri neri (O)

zure aldean gutxigi /genuen Lady Di (A)

...

Adittu zazu Onintza/ printziak esaka (A)

apoa zinela ta / nengoen ai ama! (O)

zu izango zera / nere aste hontako jana (A)

gau batengatik izan / neike zure dama (O)

...

Niretzat earra zaude / oso aproposa (A)

zuretzako prest dago / Bizkaiko larrosa (O)

baino Muñoan ama / jarri da zelosa (A)

igual hartuko du bai / berak orain poza (O)

...

Emakumea zaren / ez daukat dudarik (O)

gatxago sinestea / begiratu barik (A)

esperientzi berriak / nahi ditut oraindik (O)

emakume rasgoak / ederrak dauzkat nik (A)

Gartzelako gai berezia proposatu zuen, betiko legez, Amaia Agirrek. Jokin, Ander eta Unai aritu ziren kopletan aurrena, neskak kanpoan zeuden bitartean. Amaiak nesken logeletatik hainbat objektu ekarri zituen saski batean eta mutilek, objektu bakoitza norena zen eta zertarako erabiltzen zuen asmatu behar izan zuten: Manta elektrikoa, ron botilla, diru puska bat, rodilloa, porruak eta Unai Muñoaren argazkia. Neskek alderantzizko ariketa egin zuten barrura sartutakoan, mutilen logeletako objektuen inguruan abestu. Kasu honetan, gorilaren pelutxea, plantxa txikia, makillaje kaxatxoa, tanga morea, doritos pakete hasigabea eta depilatzeko makina. Nahikoa barre algara sortu zuten bi taldeek.

Gartzelakoarekin jarraituz, bakarkako lanean aritu ziren Uxue eta Ander. Hauxe gaia: Justizia egin nahi duzu, baina badakizu justiziak ez dizula barkatuko. Zalantzaz josita zaude. Bertso ederrak eta landuak entzun ziren bi bertsolarien ahotik.

Dula bi urte bilakatu zen

nire bizitza leizea

nire barrua hutsune eta

nire masaila hezea

gure alabak lanetik irten

ta hartu zuen kotxea

eta tamalez gau ilun hartan

ez zen iritsi etxera,

alkoholemian positibo bat

ta kontra zuen haizea

besteak mozkor egonak niri

barruan malaletxea

orain dena da iluntasuna

bihotzean goraizea

ta nahita ere ez dut asetzen

mendekuaren gosea.

Uxue Alberdi

  

Nere andreai esaten nion

ez zaitez horretaz fio

nere barrutik irteten baitzen

errabi aiña herio

azken batian hainbeste samin

eta hainbat min jario

helduko zaio herio

bizitzai esan adio (bis),

mindu nauela esango diot

kale ertzian serio,

hitza ez den beste armik ez dut ta

mina emango banio (bis).

Ander Lizarralde

Amaieratik gertu, Habanera doinuan puntu erdika aritu ziren Ainhoa eta Jokin: ‘Kanarietan ordutebe gutxiago da, ta...?, Ainhoa hasita.

Galdera bat egin digu

bai, ordulariarena

tik-tak tik-tak tik-tak tik-tak

ta tik-tak tik-tak, hurrena

zer daki horrek denboraz?

denbora erlatiboena

ta zer dira Kanariak

Espainiaren salbamena

bate inporta al zaizu?

Ez, ta ez dit ematen pena

baina hau hara begira

dabil bizitzan barrena

eta gu Sortu esaten

ze zail den sortzearena

denbora halaxe doa

baina iristen da dena.

 

Zuk presarik ba al duzu?

Ez joateko etxera

beraz hementxe geratu

ta dena haizea hartzera

zuk nora joan nahi duzu?

Igual, taberna batera

zuk ba al duzu ezer garbi?

Bai, txapela ospatzera,

hori ez dago hain garbi

airean dago galdera

igual frustratuko zara

ba, goazen frustratutzera

a!, gurea ospazazu

ospatu behar bada aurrera

beno, ospatuko dugu

denok, guztia batera.

Puntu-erdikako saioa amaitutakoan, zortzi oinak emanda, lan bikaina egin zuten Ainhoak eta Jokinek.

Onintzak eta Unaik jendartera egin zuten jauzi saioko azken ariketa puntuagarrian. Oso fin ibili ziren mahaietan eserita zeuden bertsozaleak zirikatu eta aztoratzen.

Donelontxo txapeldunorde

Saioaren amaieran, 127 entzulek eman zuen botoa. Bi taldeak nahiko parekatuta ibiliagatik (13 botoko aldea besterik ez zuten izan), Donelutxi taldeko neskek jantzi zuten txapela, Larramendi Bazkuneko Jon Unanueren eskutik. Emanaldia goizeko ordubiak pasatxo arte luzatu bazen ere, elkartean inork ez zuen mugitzeko asmorik azaldu. Giro ederra eta bertso maila bikaina nagusitu ziren. Agurren txandan, mutilek neskak zoriondu zituzten: Jokinek "zorionak neskak bihotz bihotzez, jarraitu horrela lanean, plazer bat baita hau bizitzea, aldamio berdinean ta irri bat ezpainean", abestu zuen. Unaik, "nahiz irabazi edota galdu, esan ohi da dela antzera; ez da egia zeren gu hirurak, gentozen gaur lehiatzera, eta datorren urtean neskak berriz ikusiko gera", amaitu zuen. Ander azeriago ibili zen: "zorionak neskeri, ilusioz beteta (bis), indar haundiyaz eta egiyak gordeta, lehendikan banittun, nik bi txapelketa, garaia zuen honek emateko buelta, monotoniak asko aspertzen du eta". Dudarik ez, erronka gogorra zegoen bi taldeen artean, baina era bereko harreman ona eta umorea elkarren artean. Neskek eskerrak emanaz amaitu zuten saioa, "taldean elkartu eta hortxe izan dira festak. Elkarri jarri dizkiou, umore dositan estrak, ia-ia inbisibleak bihurtu zaizkigu kezkak, beraz orain zuentzako, ditut nik maitasun extrak, zuekin zita bakoitza, lujo bat izan da neskak", abestu zuen Ainhoak. "Mutilek harrapeu dabe, hemen kriston pikadie, baina jodidu ze neskak, hobeto ibili die, lujo handi bat izan da, benetan gure taldie, baina zeuori eskerrak, josi da gure sarie... Eskerrik asko Beterri, pozik doa solterie...", Onintzak. "Entzule zuri milesker, ohore ta losintsa, zuek zarete Beterrin, lehendabiziko baldintza, baina aipatu nahi nuke, Beterriko agurgintzan, zein pozik geunden uztartzen antzerkia eta hitza... Mila esker Ainhoatxo, ta mila esker Onintza, zurekin gauza bera da jolasa eta bizitza", Uxueren hitzak.

Amaia Agirre, esker onez

Amaia Agirre billabonatarra, txapelketaren koordinatzaile eta finaleko egunean gai-jartzaile aritu zena, oso pozik eta esker oneko azaldu zen Beterriko bertsolari txapelketako kide sentitzeagatik. "Hain ekimen xume eta txikitik halako emaitza onak ateratzen direnean, ondo egin dugula sinesten dugu. Guk ilusio handiarekin egiten dugu lan beti. Besteak beste, Jon Unanue da emaitza honen errudun handi horietako bat", adierazi zuen. Txapelketaren antolatzaileak ez ezik, bidean lagundu dituzten guztiak ere gogoan izan zituen Amaiak; halanola Behar-Zana elkarteko kideak, bertsolariak, gai-jartzaileak, bertso eskolako laguntzaileak edota entzule guztiak...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!