Barrondo pilotaren sustatzaile ezaguna izan zen Andoainen. Bera palako pilotaria izan zen, eta pilotari afizionatuentzat Goikoplazan eta Arraten egiten ziren txapelketen antolaketan parte hartu zuen urtetan, Joxe Ramon Etxeberria, Fermin Altuna eta beste zenbaitekin batera.
Arrate ireki bezain pronto, bertan zesta puntako eskola sortzeko berebiziko ahaleginak egin zituen. Baita lortu ere; Rafael Elizondo pilotari ohia irakasle zelarik, Euskal Herri mailan sona handia hartu zuen pilota eskola jarri zen martxan. Bertan ikasita, hainbat gaztek profesionaletarako jauzia eman zuten, eta Ameriketara joan ziren jokatzera. Bere bi semeek ere bide hori hartu zuten. Horietako batek, Jonek, iaz utzi zion profesional izateari, lesio bat zela medio. Leizaur txirrinduzale elkartearen sorreran ere ibili zen, makina bat irteeratan parte hartuz.
Goian bego, Juanito.