Udal musika eskolatik Euskadiko Ikasle Orkestrara, ikasleei elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 10a, 20:13

Uxue Sanchez, Goretti Otegi eta Maddi Etxeberria Euskal Herriko Orkestran jotzeko aukeratuak izan dira maila handiko hautapen froga gainditu eta gero.
Elena Gorrotxategi zeharkako txirulako irakaslea hautapen froga prestatzeko alboan izan dute. Aukeratuak izan eta gero, dagoeneko lehen entseguak egin dituzte.

Euskal Herriko Ikasle Orkestrako kide berria den Uxue Sanchez, dagoeneko Barrian izan da asteburu intentsiboa eginez. Maddi Etxeberriak eta Goretti Sanchezek berriz, Bilboko kontserbatorioan egin zuten estreinaldia.

Nolakoak izan dira lehenengo entseguak?
Goretti Otegi. Ez nago ohituta egun guztian zehar entseatzen, eta han besterik ez genuen egin. Neka-neka eginda bukatu nuen.
Gainera, jotzerakoan ez nuen nire burua entzuten. Soka pila nituen inguruan eta sokak bakarrik entzuten nituen.

Uxue Sanchez. Euskal Herriko Ikasleen Orkestrakoak urtarrilaren 22 eta 23an bildu ginen Barrian eta entsegu luzeak egin genituen, goizeko 10:15etan hasi eta  gaueko 20:30ak arte. Hasieran musika-tresna bakoitzekoak elkarrekin jo genuen eta, gero, Orkestra guztia batera aritu ginen.

Ezberdintasun handirik nabaritu al duzue musika eskolatik Orkestra Sinfonikora?
Goretti O. Musika eskolan gutxiago gara, hogei pertsona inguru. Hara joan eta 125 pertsona izanda… Intentsitatean ere ezberdintasun handia nabaritu dut, lan gehiago egin behar da.

Elena Gorrotxategi. Musika eskolan lantzen dugun dinamikak ez du zerikusirik. Orkestran jotzea serioagoa da, eta maila handiko kontua.

Noiz izango dira emanaldiak?
Goretti O. Euskal Herriko Orkestra Gaztearekin maiatzean joko dugu zuzenean, Gasteizeko Musikaldian.

Elena G. Euskal Herriko Orkestra Gaztea sortu berria da eta oraindik ez dakite nola funtzionatuko duen. Horregatik ez dute konpromiso handirik hartu nahi, baina entseguak ondo badoaz musikaldi gehiago izango dituzte.

Uxue S. Euskal Herriko Ikasleen Orkestrakoek martxoaren 12an Kursaalean egingo dugu lehen emanaldia. Bilbo, Gasteiz eta Zaragozako kontserbatorioetan ere izango gara.

Hautatuak izatea espero al zenuten?
Maddi E. Ez. Orkestran sartu nahi nuen, baina badaezpada ere ez nuen baiezkoarekin pentsatu nahi.

Uxue S. Abenduaren 18an egin nuen proba. Bakoitzari praktikatzeko gela bat utzi ziguten eta nire gelatik biolinak entzuten nituen nire erritmora baino askoz azkarrago jotzen. Momentu horretan oso zaila neukala iruditu zitzaidan, ezberdintasun handia nabaritu bainuen nire soinuaren eta beraien soinuaren artean. Ez nuen espero, ezusteko handia izan zen niretzat.

Nola prestatu zineten hautapen frogarako? Lan handia hartu al zenuten?
Goretti O. Asko praktikatu nuen, bai etxean eta baita irakaslearekin ere.

Elena G.  Normalean baino klase gehiago egin ditugu. Gutxienez astean bitan etorri dira.

Maddi E. Azken bi egunetan etxera joan eta jo egiten nuen, praktikatzen ez banuen gaizki aterako zitzaidala uste nuelako.

Uxue S. Niretzat egoera berria zen, azkar-azkar jo behar nuen eta teknika landu behar nuen. Ordu osagarri asko egin nituen, eta irakaslearekin musika eskolatik kanpo geratu behar izan nuen.

Egunero ordu asko eskaintzen al diozue entseatzeari?
Uxue S. Orkestrarako eta musika eskolarako praktikatzen dugunaren artean alde handia dago. Orkestran dagoen jendearekin hitz egin dut eta gehienak kontserbatoriokoak dira. Kontserbatorioan astero ordu asko egiten dute lan: armonia, orkestran beste ordu bat eta bakarkakoa. Guk astean ordu eta erdi jarduten dugu bakarrik, konboa ordubete eta bakarka ordu erdi. Beraz, alde izugarria dago. Beraiek orandik solfeoa ikasten dute.

Goretti O. Hango lagun batek esan zidan astero bost ordu egiten dituztela entseguetan.

Ikasketa osagarriak egin beharko al dituzue?
Uxue S. Ez. Partiturak ikasteko ordu asko egingo dut lan, baina ez naiz solfeoan hasiko.
 
Elena G. Helburua programa ondo ikastea da.

Zein musika mota gustatzen zaizue?
Uxue S. Orkestra batean jo nahi nuen eta lortu dut, baina berez ez dut musika klasikorik entzuten. Gurasoen garaiko musika entzuten dut, gaur egungo musika euskalduna: Berri Txarrak, Su ta Gar…

Maddi E. Nire etxean musika klasiko asko entzuten da, baina ez nik jartzen dudalako. Gaur egungo musika entzuten dut nik ere.
Euskal Herriko Ikasleen Orkestrakoek asteburu intentsiboa egin zenuten, bertan zure adineko jendearekin topatu zinen. Zer nolako giroa sumatu zenuen?
Uxue S. Gehienak urte batzuk daramatzate orkestran, jende berria badago baina gazteagoak dira. Taldeak nahiko itxiak dira, musika-tresnaren arabera osatzen dira eta kontserbatorioen arabera elkartzen dira. Ni ordea, musika eskolako bakarra nintzen eta ez nuen inor ezagutzen.
 
Irakaslearen ikuspuntutik, zer nolako esfortzua ekarri du ikasleentzat froga hau prestatzeak?
Elena G. Aldaketa nahiko handia izan da beraientzat. Musika zaletasun modura lantzen dugu eskolan. Ez dago azterketarik, ez da kurtsorik edo mailarik gainditu behar… Maila ez da oso altua, ikasleen beharretara egokitzen gara. Baina horrelako froga batera aurkezten direnean lan munduari begira daude, profesionalak dira. Orduan, ez du zerikusirik. Beraz, txip aldaketa sakona da bai iraskaleentzat eta baita ikasleentzat ere.
Frogak ere pentsamendu aldaketa eskatzen du. Hiru epaimahai daude zu entzuten eta musika eskolan ez gaude horretara ohituta. Nortasun eta desio handia behar da horrelako froga batera aurkezteko.

Zeintzuk izan daitezke Orkestra Sinfoniko batean jo ahal izateko eduki beharreko gaitasunak?
Uxue S. Eginez lortzen da. Zerbaitengatik borrokatzen duzunean, orduan lortzen duzu. Jotzea gustuko izan behar duzu. Orkestra batean bakarrik ez zaudela kontuan eduki behar duzu, gainera.

Elena G. Talde baten parte zarela argi izan, eta besteei entzuten jakin behar duzu. Han zure partituraz arduratu behar duzu baina baita inguruan gertatzen ari denaz ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!