G.A.Z.T.A gazte ekimen berria Andoainen, elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 10a, 20:12

G.A.Z.T.A gazte asanbladak adin ezberdinetako andoaindar gazteak bildu nahi ditu. Andoainen gazte kolektibo berria sortu da, Gazte Andoaindar Zoro Ta Abertzaleak izendapenean. Otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, arratsaldeko bostetan bildu ziren Goikoplazan galtzen ari den ohiturari eutsi eta gazteak parte hartzera gonbidatzako asmoarekin.

[Elkarrizketa...]

Nolatan sortu duzue G.A.Z.T.A taldea? Zein da taldearen jatorria?
Koldo Leunda.
Andoaingo ikasleek elkarte bat sortzeko beharra zegoela ikusi genuen. Abenduaren hasieran deialdi bat egin genuen, ahoz aho gazte guztiengana zuzendu ginen talde hau sortzeko borondatea zuten pertsonen bila. Pixkanaka-pixkanaka hazten doan mugimendua da gurea eta momentu honetan esan genezake proiektu honetan hogei gazte inguru gaudela inplikatuta.

Zein adin tarteko gazteak biltzen zarete? Zein da taldearen asmo edo helburu nagusia?
Koldo Leunda.
15 eta 23 urte bitarteko gazteak biltzen gara talde honetan.
Asmoa koadrila ezberdinetako pertsonak eta adin ezberdinetakoak biltzea da. Antolatutako ekimenetan zenbat eta jende gehiago bildu, orduan eta gauza hobeak lortuko ditugula uste dugu.

Zein ekimen mota prestatzeko asmoa duzue?
Koldo Leunda.
Eguberrietan ekimen bat antolatu genuen. Euskal Selekzioak San Mamesen jolasten zuen partida aprobetxatuz, Andoainen emanaldia prestatu genuen gaztetxean pantaila handian. Horren harira, Urigain Kultur Etxean aurkezpen ekitaldia egin genuen eta ondoren, giroa berotzeko trikitixarekin kalejira tabernaz taberna. Lanbroa, Irunberri eta Gaztelutxo tabernetan zehazki. Ondoren, gaztetxera joan ginen. Han afari-merienda egin eta futbol partida ikusi genuen. Gainera, Euskal Herriko Selekzioak irabazi zuen.
Ihauterietan ateratzeko asmoa ere badugu. Ez dugu desfilearen izena emango ez daukagulako hainbesteko indarrik, diru indarrik hain zuzen. Baina zerbait antolatu nahi dugu eta horretan gabiltza.

Jon Arizmendi. Momentuz ekimenak euskal kulturaren ingurukoak dira.

G.A.Z.T.A taldekoek politikarekin zerikusirik ba al duzue?
Jon Arizmendi.
Euskal kulturaren alde egin nahi dugu, baina ez dugu definizio politikorik. Azken finean, adin ezberdineko gazteak biltzea da taldearen helburu nagusia eta giroa sortzea; hau da, denak elkarrekin ibiltzea, besterik ez.

Zergatik erabaki duzue Santa Ageda bezperan ateratzea?
Axel Garcia.
Ohitura suspertu nahi dugu eta atxikimendu txiki bat eman nahi diogu emakume elkarte bati. Martxoaren 8a, Emakume Langilearen Eguna da eta emakumeak oso garrantzitsuak direla uste dugu. Andoainen elkarte bat dago emakumeari erreferentzia egiten diona eta lagundu egin nahi diogu gazte bezala gure partaidetza emanez.
Argi utzi nahi dugu ez dugula bakarrik guregatik borroka egingo, inguruan dauden
pertsonengatik ere egingo dugula.

G.A.Z.T.A kolektibotik andoaindar guztiak animatu nahi ditugu gurekin parte hartzeko, ilusio handiarekin ari baikara lanean.

Gazta Andoaingo asanblada:
gaztasanblada@hotmail.com

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!