Laida Elizegi Aralar alderdiko Udal hautagaiari elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 10a, 20:10

Laida Elizegi Olazabal gaztea (Andoain, 1983) Iratzarri Aralar alderdiko gazte mugimenduaren koordinatzaile nagusia da. Haur eta hezkuntza magisteritza ikasi zuen, gizarte eta kultura antropologian ere lizentziatua da. Une honetan ardura politikoak eta irakaskuntza uztartzen ditu. Bera izango da alkategaia maiatzaren 22ko Udal hauteskundeetan.

"Andoaingo Udalean lan egiteko asmo sendo eta indartsuarekin sartuko da", horrela aurkeztu zintuen Iñaki Irazabalbeitiak. Erronkak ez zaitu kokiltzen, beraz.
Laida Elizegi.
Ez, eta gainera Andoaingo udaletxean sartzeko gogo biziz nago. Beharrezkoa da norbait berria sartzea, aldaketa gauzatu behar delako. PSE-EEri aurre egin behar zaio, inork ez baitio aurre egiten. Argi daukat horretara noala: PSE-EEri aurre egitea zuzenean, ezkerretik eta abertzaletasunetik.
Sozialistek indar gehiegi dute udaletxean, eta ez dut uste Andoaingo benetako pentsamendu politikoa hori denik.

Zerrendaburu izango zara eta, bigarren, Ramon Urrutia. Aralarrek botoak pilatzen ditu inguru hauetan, baina aurpegia emateko inor gutxi animatzen da. Andoaindar gehiagoren parte hartzea espero al duzue Udal zerrendan?
L.E.
Espero dugu, eta hori nahi dugu. Gure aurkezpena pauso bat izan da, andoaindarrek zerrenda osatzen ari garela jakin dezaten. Gure bileretara etorri edota gurekin parte hartzeko dei egiten diegu andoaindarrei. Haien guztien ekarpenak gogoz hartuko ditugu. Udaletxera sartzen garenean herritarrak entzun nahi ditugu.
Gurea guztiz ekimen irekia da, eta gurekin parte hartzera prest dauden andoaindar guztiei dei egiten diegu. andoain@aralar.net bitartez gurekin harremanetan jar daitezke.

Batzar Nagusietarako Oria eskualdeko zerrendan bigarren izango zara. Bete-betean sartuta zaude alderdiaren dinamikan, beraz.
L.E.
Erabat murgilduta nago, bai. Iratzarri gazte mugimenduaren koordinatzaile nagusia naiz, eta horri esker Aralar alderdi politikoaren buruzagitzarekin harreman zuzena daukat. Iratzarriren ildo politikoa neronek zehazten dut.
Gazteok politikan parte hartu behar dugu, eta ez bakarrik kartelak jartzeko. Guk ere zeresan eta zeregin handia dugu.

Zerk animatu zintuen politikagintzan sartzera? Eta Udalgintzan?
L.E.
Politika deigarria egin zait beti. Ikasten eta lanean ibili naiz beti. Antropologia amaitu nuenean erabaki nuen politikagintzan murgiltzea. Abertzalea, ezkertiarra eta ETA gaitzesten zuen alderdian izan behar zuen. Aukera bakarra nuen: Aralar. Aralarrekin bat netorren. Pixkanaka sartu nintzen Iratzarrin militatzen eta urrian egin genuen kongresuan bertan lan egiteko aukera eskaini zidaten.
Andoainen politikagintzan sartzeko pausoa eman dut ezinbestekoa iruditzen zaidalako. Udal politikagintza oso geldirik dago, PSE-EE oso eroso dago. Oposiziorik ez dago udaletxean, sozialistek nahi dutena egiten dute! Aurrez aurre ipiniko gara, egiten duten guztia esango dugu. Informazio falta handia dago, herriak jakin behar du zer gertatzen den udaletxean. IU-EB ezkerrekoa dela dirudi, baina sozialistekin dago gobernuan. EAJ-PNV beste hainbeste, PSE-EEren gauza asko babesten ditu.
Alkatetza aldatzea ezinbestekoa iruditzen zait.

2007an Aralar-EB koalizioa eratu zen, baina IU-EB hasieratik banandu zen eta Aralarreko Urrutiak ez zuen kargua hartu nahi izan Alderdien Legea dela eta... 2011n bakarrik aurkeztuko zarete. Zein aurreikuspenekin?
L.E.
Ez diogu mugarik ipiniko gure buruari. Premiazkoa da alkatetzan aldaketa gauzatzea. Aldaketa handia eragin behar da, udaletxe guztia aldatu behar da. Egiten ez diren askoz gauza gehiago egin daitezke. Egungo inertziarekin hautsi beharra dago.
Espero dugu ezker abertzalea ere legeztatzea. Haien eta gure parte hartzearekin indar handia har genezake. Andoainen ezkertiar eta abertzale asko dago, eta udaletxean hori defendatzeko ez dago inor.

Ezker abertzalearekin zer nolako harremana duzue? Eta zuk zeuk? Andoainen bi alderdiak lehiatzea zure alderdiarentzat zer litzateke abantaila ala desabantaila?
L.E.
Aralarrek beti defendatu du ezker abertzalearen legeztatzea. Ezker abertzaleak alderdi berria aurkeztu du egun hauetan, eta Alderdiaren Legea eskuetan, legeztatu egin behar dituzte. Argi eta garbi.
Aralarrentzat positiboa da haiek eta gu baldintza berean lehiatzea. Guk, gainera, haiekin lehiatu nahi dugu bakoitzaren benetako indarra zein den ikusteko.
Ezker abertzalea udaletxean egotea beharrezkoa da. Haiek eta guk lortutako zinegotzi kopuruarekin, gainera, PSE-EEk indarra galduko du.
Ramon Urrutia eta ni neu Andoaingo ezker abertzalearekin hitz egiteko prest gaudela adierazi nahi dut. Ateak zabalik ditugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!