Otsailaren 9an izan zen lehenengo ipuin kontaketa Koruko Zurutuzaren eskutik.
Koruko Zurutuza Andoaingo Urrillondo baserrian bizi da, baina eguneroko bizitza Urnietan egiten du. Ipuin-kontalaria da eta haurrentzako irakurketak eta kontaketak egiten ditu liburutegietan.
Nolakoa izango da Ipuin lapikoa ekimena? Nolako ipuinak kontatu dituzu?
Koruko Zurutuza. 6-9 urte arteko umeei begira antolatu da Ipuin lapikoa ekimen berria.
Nire kontaketa bi ipuinetan oinarritzen da. Lehenengo ipuinean, jendeari gustatzeko egiten ditugunak lantzen dira. Kontaketa honi haurrek etekina ateratzea nahi nuke. Kontura daitezen ez garela besteak zer espero duten pentsatzen egon behar eta norberak bere burua zaintzen ikasi behar duela.
Beste ipuinean antzeko gaia jorratzen da. Askotan, gure gorputzeko gauza batzuetaz lotsatu egiten gara eta hori ez da arazoa, gu berezi egiten gaituen ezaugarria baizik. Lotsatu beharrean pozik egon beharko genuke, ezaugarri horrek besteengandik bereizten gaituelako, ez du zertan arazo bat izan behar. Zerbait ona izan daiteke.
Zein da umeengan lortu nahi duzu eragina?
K.Z. Kontatzen dudanatik zerbait iristea espero dut. Beraien eguneroko bizitzan lagungarri izan daitekeen zerbait, gauzak beste era batera ikusteko baliagarria izatea nahi nuke. Eta bestetik, ipuin-kontaketa umeentzat denbora-pasa gustagarria izatea nahiko nuke.
Zeintzuk dira zure lan proiektu nagusiak?
K.Z. Ipuin-kontaketak egiten ditut liburutegietatik deitzen nautenean. Irakurketak ere izaten dira. Beste batzuetan, Urnietako liburutegian bisita gidatuak egiten ditut: liburutegiak nola erabiltzen diren azaltzeko, gauzak nola kokatzen diren ikus dezaten, ordenagailuekin bilaketak egiten erakusteko… Baina batez ere, ipuinak kontatzen ditut liburutegietan eta deitzen nauten tokietara joaten naiz.