Denda Berri aurrera begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 10a, 20:03

Lupe Martiarena Denda Berri elkarteko lehendakariak aurreko larunbateko batzar nagusia martxa onean igaro zela adierazi dio Aiurriri. Egoera ekonomikoa nabarmen hobetu dela dio. Batzarrean, hain zuzen, urtebetean egindako ahaleginaren fruituak aurkeztu zituzten; "elkartearen egoera ekonomikoa hobetzen saiatu gara, gastuak arintzeko lanak hartu ditugu. Besteak beste, gestoriak egiten zituen hainbat lan orain bertatik egiten ditugu. Lehen hainbat zerbitzuren inguruan diru kopuru bat ordaintzen zen eta gastu horiek murriztu egin ditugu.

Sarrerei dagokionez, bestalde, elkartea martxan jarri denetik dirutxo bat ematen ari da". Sarrerak eta gastuak zerrendatu ondoren, iazko balantze ekonomikoa gehiengo osoz onartu zen.

Berrikuntzaren bidetik
Elkartearen martxa kide berriek hartu dutenetik, joera berritzaileei ekin diete. 1981etik indarrean zegoen elkartearen araudia ere eguneratu egin dute, "eta hurrengo asteetan bazkide bakoitzak araudi bana jasoko du, idatziz". Bertan bazkideen betebeharrak eta eskubideak zehaztu dituzte. Bide batez, bazkideen zerrenda eguneratu egin da. Egungo zuzendaritza taldearen arabera, gaurko egunez 550 pertsona dira Denda Berri elkarteko kideak.
Lehendakari postuan urteko balantzea egiteko eskatu dio Aiurrik eta hauxe Lupe Mariarenaren erantzuna, "balantzea positiboa da. Lan asko egin behar izan dugu. Agiritegia berritu eta bazkideen txartelak berritu ditugu. Ez zegoen jakiterik urteroko kuota zeinek ordaintzen zuen, eta zeinek ez. Sistema berria ezarri dugu ordainketa zorrotz kontrolatzeko.
Gu sartu ginenean 700 bazkide zeudela adierazi ziguten. Baina jabetu gara kopuru horretan hildakoak eta guzti kontuan hartzen zirela, gauzak diren bezala. Egin dugun garbiketa lanari esker, gaur egun 550 bazkide ditugula esan genezake. Horietatik 66 bazkide berriak dira".

Elkarte gastronomikoa
eta egoitzaren etorkizuna
Egoitzaren goiko solairuan elkarte gastronomikoa egokitu dute eta hartu duen martxarekin pozik daude. Izan ere, ia egunero izaten da bazkariren bat edota meriendaren bat.
Anbulatorio berria egingo dutela eta, Denda Berrik eraikin osoa beretzat eskuratu nahiko luke. Eta horren inguruan, etorkizuneko eraikinak zer nola izan beharko lukeen proiektu batean landu nahiko lukete.

2011rako EKITALDIAK
Ikastaro berriak jarri dituzte martxan urte hasieran, besteak beste, antzerkia eta jostungintza.
Urnieta, eskualdeko eta Gipuzkoako jubilatuen bilgune bilakatuko da apirilean. Eskualde mailako urteroko irteera aurten Urnietan izango baita. Apirilaren 8an izango da eta dagoeneko ibilbidea aztertzen hasi dira. Bi orduko ibilbidea osatu nahi dute, ziurrenik, Urnieta-Hernani artean.
Astebete geroago, apirilaren 15ean, Gipuzkoa mailako karta jokoak antolatuko dituzte Urnietan bertan.

elkartearen urteurrena
Urtearen amaiera ere garrantzitsua izango da, jubilatu eta pentsiodunen elkartearen XXX. urteurrena beteko delako. Data seinalatuaren harira ospakizunak antolatuko dituztela iragarri du Lupe Martiarena lehendakariak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!