“Ze goxua!”, “Eraman nazazu zurekin”…, antzeko esaldiak dituzten banderatxoak ikus daitezke egunotan zakurren gorotzetan. Deigarri egiten da egun hauetan Doktor Huitziko kaleko eta Lopez de la Calle parkeko belazeei erreparatzea. Ekimena zenbait guraso eta euren seme-alaben eskutik heldu da. Adierazi dutenez, “nazkatuta gaude gure seme-alabek ia egunero oinetakoak kakaztuta dituztela ikusteaz. Arreta deitu nahi izan dugu horrela, neurriak jarri daitezen”. Horien haserreak gainezka egin du, beraz, eta zerbait deigarria egitea erabaki dute, irudimena erabiliz horretarako.
Banderatxoak soilik bi parkeetan jarri dituzte, “egunero haurrekin mugitzen garen lekuetara mugatu gara, nahiz eta jakin arazoa Andoain osora zabaltzen dela”. Astelehenean hasi ziren jartzen etxean egindako banderatxoak, eta berehala agortu zitzaizkien. Belazeetan itxura batean zirudiena baino gorotz gehiago dagoelako.