Postontzia: AHTarekin bueltaka, eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 9a, 17:55

Zein da egoera?
Andoain-Urnieta, Urnieta-Hernani zatiak lizitatuta daude, hau da, obraren tramoaren eraikuntza egiteko eskaintza publikatuta dago Estatuko BOE Boletin Ofizialean. Oinarrizko aurrekontua hauxe da: 80.000.000 eurokoa Andoain-Urnieta tartean eta beste 145.000.000 euro gehiago Urnieta-Hernani tartean. Lizitazioaren bidez, enpresa batek bere gain hartuko ditu zati bakoitzaren eraikuntza lanak.

[jarraitzen du...]

AHTaren Urnieta-Hernani zatiari dagokion Nahitaezko Desjabetze tramitearen espedientearen Informazio Publikoa egin da. Tolosaldeko, Andoaingo eta Hernaniko zatiei 1200 alegazio egin dizkiete herritarrek. Joan den azaroan Gobernuaren Donostiako ordezkaritzan aurkeztu zituen herritar talde batek.

Honek zer esan nahi du?
Laister, hurrengo pausoa, AHTa eraikitzeko prozesuan Nahitaezko Desjabetze akten altxamendua izango dela.

Zein aukera daude?
AHTaren proiektuaren trazaketak harrapatzen dituen lursailen jabeak akta altxamenduak egiteko deitzen badituzte:

  1. Lursailaren jabeak, desjabetu nahi dioten sailean bertan egitea eska dezake (dokumentuetan datorrena egiaztatzeko). Legeak berak ematen dituen aukerak erabiliz, desjabetze akta altxamendua atzera daiteke; prozesua luzatu egiten da eta honek AHTaren proiektuari kalte egiten dio, atzerapenak obra bera are gehiago kuestionatzen du eta.
  2. Adi egon. Akta altxamenduen aurkako mobilizazioak deituko dira: Tokian tokiko protesta ekintzetan parte hartu, ez gaudela konforme adierazteko. Ez dugulako nahi, eta ez dugulako behar!
Otsailak 15, asteartea. 08:30.
Andoaingo udaletxearen
aurrean.

AHT-aren ondorioak:
Proiektuan 482.994 m3ko bi hondakin gune aurreikusi dituzte, zati bat Azpikolan (Belkoaingo magalean) eta bestea Urnieta aldeko Goiburu auzoan.

AHTren eraikuntzak akuifero eta ur emari askori kalte egiten die: mendien barrunbeek biltzen dituzten lurrazpiko urak eta iturburuak galdu egiten dira tunelen zulaketaren ondorioz. Andoainen adibidez, bi tunel daude proiektuan: Belkoaingoa (4678 m.) eta Buruntzakoa (1938,56 m.) eta biak lotzeko biaduktoa (339m-ko luzeraeta 50m-ko altuera) Oria ibaiaren gainean. Lur mugimenduen ondorioz, besteak beste, ibaietan eta errekatan gai kutsakorren isurketak etengabe gertatzen dira; erreken desbideratzeak eta ubideratzeak inguruneari kalte latza egiten dio.

Trenbideak gure inguruarekiko harremana eten egingo luke, harresia izango balitz bezala. Urrun zegoena gero eta gertuago dugu, baina gertu zegoena gero eta urrunago dugu. Proiektu honek herriak eta lurraldeak erdibitu egiten baititu. Abiadura handian, herri batetik bestera autopistaz edota abiadura handiko trenez zeharkatzen dugu lurraldea hilerria bailitzan. Herrien eta pertsonen arteko harremanetarako lekurik uzten ez duen garraio eredu garesti eta elitista bultzatzen dute instituzioek eta enpresek. Porlana nonahi eta natura zein pertsonentzat gero eta leku gutxiago. Hemendik pasa egingo da, ez da komunikabidea izango. Komunikazioa oztopatu besterik ez du egingo. Egun, Donostiatik Bilbora heltzeko ordubeteko bidaia dugu autobusez eta Gasteizera ordu eta erdikoa. Zenbat balioko luke txartelak?

Azpiegitura erraldoiak pilatu besterik ez dituzte egiten inguruan: harrobiak; erraustegia; errepideak (N-1, GI-131, bigarren saihesbidea...); biribilguneak, industriguneak, makrokartzela; superportua, eta abar. Erribera guztiak etxebizitzaz eta bestelako eraikuntzaz bete dituzte, eta horren ondorioz uholde arriskua gero eta handiagoa da. Inguru guztia munstruo urbano bihurtu nahi dute: AHTren etorrerak hiriaren hazkunde metropolitanoa indartuko luke. Horren adibide dira AHTren ibilbide osoan zehar eta geltokiaren inguruan hotelak, bulegoak eta altuera handiko zementozko blokeak eraikitzeko asmoa.

Harrobiak: eraikuntza erraldoi honetarako harrobi asko behar dira, beraz, lehendik Andoainen dauden bi harrobiak ustiatzen jarraituko dute. Azpikolako eremuaren (Belkoaingo magalean dago, dorrearen azpialdean) kalifikazioa aldatu egin nahi dute. Andoaingo Lur Antolaketa Planaren Aldaketa onartuko balu Udalak, inguru hori Eusko Trenbide Sarerako izango litzateke.

Gu AHTaren aurka gaude, eta zu?
 Andoaingo  
AHTaren aurkako taldea
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!