Otsailak 13, torturaren aurkako eguna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 7a, 19:58

Otsailaren 13an, 30 urte beteko dira Joxe Arregi zizurkildarra, torturak jasan ostean hil zenetik. Aiztondo bailarako Amnistiaren aldeko mugimenduak hainbat ekintza antolatu ditu egun horren harira:

"1981. urtea zen Joxe Arregi Zizurkilgo herritarra atxilotu eta 9 egunez gogor torturatua izan zenean. Komisariako infernua atzean utzi zuen 9 egun inkomunikaturik igaro eta gero, baina Carabanchelgo espetxeko ospitalean sartu behar izan zuten benetan egoera tamalgarrian. Bere gorputza ubelduraz eta erreduraz josita zegoen, eta gutxi iraun zuen bizirik. Otsailak 13 hartako bere hitzek ongi adierazten dute Joxe Arregik pairatu behar izan zuena. 'Oso latza izan da' esan eta heriotzaren marra igaro zuen.

Patxi Arratibelek aztnugaL idatzi zuen urte honetako urtarrilaren erdialdean Guardia Zibilaren eskuetan zela burutu zuen poliziaren aurreko deklarazioan. Laguntza eskatu zuen, torturaren infernutik ateratzeko. Urteen joan etorrian torturaren infernuak presente egoten jarraitzen baitu Euskal Herrian. Hilabeteen joan etorrian tortura salaketak pilatuz baitoaz epaitegietako artxiboetan. Euskal Memoria Fundazioak jaso dituen datuen arabera azken 50 urteotan 10.000 euskal herritar baino gehiago izan dira basakeria hau sufritu dutenak. Euskal Herritarren aurkako errepresio eroan tortura egunero erabili baitute unean-uneko gobernu ezberdinek.

Tortura sistematikoa dela esaten dugu, eta atzean utzi dugun urtea da esaten dugunaren adibide argia. 2010. urtean 63 euskal herritar torturatu dituzte Ertzainek, Guardia Zibilek eta Espainiako Poliziek.

Euskal Herrian aro politiko berri bat irekitzeko eginahalean ari garen honetan Espainiako Gobernuak tortura bihurtu du bide hau oztopatzeko bere arma nagusienetakoa. Azpimarragarria da ETA erakundearen aldetik etorri diren distentsio keinuen aurrean torturaren erabilera areagotu baino ez dutela egin poliziek. Eta honek, argiki, helburu politiko batzuei erantzuten die. Espainiako Gobernuak tortura erabiltzeko erabaki politikoa mantentzen du, basakeria handiz erabili ere.

Azken hilabeteotan mobilizazio eta ekimen ugari burutu da torturaren aurka Euskal Herrian. Baina argi dago egindakoa ez dela nahikoa izan. Tortura salaketak bata bestearen atzetik datoz komisarietatik eta Espainiako Entzutegi Nazionaletik. Beraz, argi dago, torturaren aurkako lana biderkatzea dagokigula oraindik.

Otsailak 13an 30 urte beteko dira Joxe Arregi hil arte torturatu zutenetik. Egun honetan gogoan izango ditugu Joxe Arregi eta torturak hil dituen beste hamabi euskal herritarrak. Egun horretan torturaren aurkako mezua berriz kalera aterako dugu.

Dei egiten dizuegu beraz, data horren bueltan Zizurkilen antolatu diren ekimenetan parte hartzera:

Otsailak 11, ostirala: Hitzaldia Atxulondo kultur etxean, bertan eskualdeko kazetari batek, mediku batek eta TATeko kide batek parte hartuko dute.

Otsailak 13, goizeko 09etan mendi martxa Haizetsura. Eguerdiko 13:00etan ekitaldia Joxe Arregi Plazan".

Aiztondoko Amnistiaren aldeko mugimendua
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!