Kalitate ziurtagiria Salesianos Urnieta ikastetxeari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 4a, 17:12

Salesianos Urnieta ikastetxeak ISO 9001:2008 Kalitate Ziurtagiria lortu du, abenduan zehar azterketa zorrotza igaro eta gero. Pozik agertu dira, "Salesianos Urnieta ikastetxean etengabeko hobekuntzaren alde hartua dugun konpromisoaren barruan emandako urrats berria dugu hau, izan ere, kalitatezko hezkuntza emateaz gain, gugan konfiantza jarria duten ikasle, familia eta enpresen beharrei gero eta hobeto erantzuteko ahaleginetan ari gara etengabe".

Helburu hau lortu nahian urteak dira berrikuntza metodologiko eta pedagogikoko proiektuetan murgildurik daudela, "Ikaskuntza Kooperatiboa, Ikasten Ikasi, Arbel Digitala, Internet Bidezko Irakaskuntza Plataforma (Moodle), Hirueletasuna… Eta hau guztia, salesiar ikastetxeen berezko ezaugarria den irakasle-ikasle arteko gertutasuna ere ezin hobeto zainduz. Gazteak eta hauen hezkuntza integrala dira gure kezka nagusiak. Pertsona bakoitzari den bezala  egiten zaio harrera bere hazkuntza, harreman eta gizarteratze prozesuan laguntzeko asmoz. Ahalegin guztiek merezi dute gazteei hobeto lagundu eta hauen beharrei erantzuteko balio baldin badute".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!