II. Euskarazko Bakarrizketa lehiaketa, abiatzear

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 4a, 15:13

Iazko arrakasta ikusita, otsailaren 11n emango zaio hasiera Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE) eta Villabonako Udalak elkarlanean antolatu duten Amasa-Villabonako II. Euskarazko Bakarrizketa lehiaketari. Iaz bezala, Gurea antzokian aurkeztuko dira bakarrizketa guztiak, gaueko 22:30etan.

Gaur eguerdian jakinarazi dute antolatzaileek ekimenaren berri Villabonako udaletxean eta herritar guztiei egin diete emanaldietara gerturatzeko gonbidapena:

Villabonako Udaleko euskara zinegotzi Maialen Abaigar eta EHAZEko Pablo Barriok hartu dute hitza aurkezpenean. Haiekin batera ziren, Hautsi Izagirre kultur zinegotzia, Maite Arregi eta Joxean Cubero euskara teknikariak nahiz EHAZEko idazkari Idoia Gereñu ere.

Euskara zinegotziak adierazi duenez, bakarrizketa lehiaketa urtetan mantentzeko helburua dute aurrera begira, haztekoa eta herritar guztiei egin die aurtengo ekitaldira gerturatzeko deialdia.

EHAZEko kideentzat antzeko emanaldiak antolatzea oso pozgarria dela adierazi du Pablo Barriok, euren helburua antzerkia eta zaletasuna lotzea denez, bi aldeak bateratzeko aukera eskaintzen baitu bakarrizketa lehiaketak. Iazko saioa oso arrakastatsua izan bazen, aurtengo emaitzak hobeak direla jakinarazi du. "Iaz 6 bakarlarik hartu zuten parte eta aurten, 11 izango dira. Iazko gehienek errepikatu egingo dute eta berriak ere gehitu egin dira, ingurukoak bezala, baita kanpokoak ere. Bizkaitar bat izango da tartean eta baita Donostian bizi den irlandarra ere. Batzuek badute bakarrizketetan eskarmenturik, baina beste batzuentzat lehen aldia izango da. Dudarik gabe, nahasketa interesgarria".

Saioak eta parte hartzaileak

-Lehen saioa: Otsailak 11, ostirala. 22:30 Gurean. Parte hartzaileak: Garbiñe Astiasaran, Xabier Barriola, Olatz Etxeberria, Erika Olaizola, Eneritz Artetxe eta Ione Gorostarzu.

-Bigarren saioa: Otsailak 18, ostirala. 22:30 Gurean. Parte hartzaileak: Jon Plazaola, Txiki Martinez, Barry Barrez, Nahia Uhalde eta Mailu Arruti.

-Azken saioa: Otsailak 25, ostirala. 22:30 Gurean. Parte hartzaileak: Aurreko saioetako bina bakarrizketalari.

Sarrerak 5 eurotan salgai Kixubin, Amasa okindegian eta EHAZEn.

Hiru epaimahaikide

Saioak Eñaut Gantxegi, Ixabel Agirresarobe eta Anartz Iturbek aurkeztuko dituzte. Bakarrizketa saio bakoitza bukatu eta epaimahaiak, bakarrizketalariek eginiko lana baloratzeko tartea izan dezan, musikari eskainiko zaio tarte hori. Belen Cruz (Euskal Aktoreen Batasunako eta EHAZEko kidea), Josune Zabala (Mintzolako zuzendaria eta EHAZEko kidea) eta Joxean Cubero (Villabonako Udaleko euskara teknikaria) hirukoteak osatuko du epaimahaia. Testua, antzezpena bera eta hizkuntzaren erabilera neurtuko dituzte lanak epaitzerakoan.

Hiru sari banatuko dira otsailaren 25eko finalaren ostean. Lehenengoari: 800 euro. Bigarrenari: 450 euro. Hirugarrenari: 250 euro (ikuslearen saria).
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!