Asier Goikoetxea Quintas atletari elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 3a, 13:37

Asier Goikoetxea Quintas (Urnieta, 1988) atleta Urnietako kirol jaialdian nabarmendu zuten kirolarietako bat da. Izan ere, egundoko markak egin zituen 2009an: Gipuzkoa eta Euskadiko txapeldun geratu zen 800 eta 1.500 metroko probatan.



Txikitatik hasi zinen garaipenak lortzen…
Asier Goikoetxea Quintas. Halaxe da, egia esanda. 9 urterekin, aitak Miramon-Kutxa probara eraman eta irabazi egin nuen, batere entrenatu gabe. Handik lau urtera, berriz, infantilen mailan, Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketak irabazi nituen krosean. Juniorretan, bigarren geratu nintzen Espainia mailan, eta zazpi ehunekotara geratu nintzen ezarritako minimotik. Urte errazak eta politak izan ziren niretzat hasierako haiek. Orduan lehen mailan ibiltzen nintzen; bigarrengo mailan nabil gaur egun.  

Bigarren maila diozu, Gipuzkoa eta Euskadiko onena geratu eta gero?
A.G.: Izan ere, Euskadin ez dagoela maila handiegirik. Hortaz, kalitate pixka bat daukanak, emaitza onak lor ditzake.  

Bat al zatoz emaitza onak lortzeko entrenatzea dela sekretua dioen esaerarekn?
A.G.: Ez gehiegi. Atletismoan matematikek ez dute askorako balio. Atletismoaren baitan, izugarri entrenatu arren, inoiz marka nabarmenik lortzen ez dutenak ezagutzen ditut. Faktore askok dute zeregina emaitzatan, entrenatzeaz gain: batek berez dakarren kalitatea, burua argi edukitzea, lesiorik ez jasatea…  

Lesioengatik 2010ean hilabete ugari geldirik egin behar izan zenuela aipatu zenuen kirol jaialdian…
A.G.: Bi belaunetan tendinitisa jasan dut azken urteetan, behin eta berriro. Inflitrazioak-eta egin izan dizkidate, baina sendatzea lortu gabe. Iaz, ordea, Tolosako Ernio osteopatia zerbitzuaren esku jarri nintzen, eta oso pozik nago harrezkero: mokorra jiratu dudala diagnostikatu, eta bizkarra zuzendu edo “alienatu” egin didate. Hiruzpalau hilabete igarotzen dira berriro oinazeak sentitzen hasi arte. Halakoetan, antiinflamatorioak hartu eta bi egunez atseden hartu ostean, onik jartzen naiz berriro.

Nola prestatu duzu aurtengo denboraldia?
A.G.: Bolumena edo intentsitatea igotzen joango naiz, poliki- poliki. Pista estalian, otsailearen bukaeran, jokatzen diren 800 eta 1.500 metroko lasterketetan hartuko dut parte. Hala ere, esan beharra daukat helburu nagusia abuztuan jokatzekoa den Espaniako 1.500 metroko txapelketan jarrita dudala. Eta bien bitartean, Gipuzkoako markaren bat hautsiko banu, primeran!  

Nola da zure eguneroko kirol jarduera?
A.G.: Astean sei egunetan entrenatzen dut. Lantokitik 17:30etan atera eta Anoetako pistara joaten naiz hiruretan. Geratzen diren beste hiru egunak lasterketa hutsari eskaintzen dizkiot; 13 kilometro egiten ditut Andoain aldera joan-etorria eginez.
Plangintza, erritmoak, gimnasia…, alderdi hori dena Ricardo Jimenez prestatzaile fisikoak ezartzen dit. Oso entrenatzaile fina da bera; kirol medikua da, eta esaterako, Bidasoa eskubaloi taldea eta Real Union futbol taldea ere bere agindutara jartzen dira.

Merezi ote du hainbesteko sakrifizioak?
A.G.: Ahulezia uneak bizi ohi dira, noski; esaterako, lanetik atera eta gogor entrenatzera joan beste erremediorik ez duzunean. Nolanahi ere, urtean zehar lor dezakezun emaitza batek hurrengo denboraldirako oxigenoa eta motibazioa eman diezazuke. Adrenalina igoera izugarria sentitu ohi da marka pertsonal bat edo postu ona bat lortuz gero.    

Pistako atletak ez al  zarete ahaztuxeak sentitzen, herri krosetakoek egun lortzen ari diren ospearen ondoan?
A.G.: Baliteke hala izatea. Atleta zarela esan edonori, eta Behobia-Donostiakoan zein denbora daukuzun galdetzen dizute. 1:05eko denbora egingo nuke lasterketa horretan aterako banintz, baina nire helburuetatik kanpo dago halakorik egitea. Ezagunagoa eta miretsiagoa izango nintzateke ziurrenik -Ordiziako azkeneko Sansilbestrea irabazi eta gero gertatu zaidan bezala- baina, nik ez dut bide horretatik jo nahi, oraingoz.
Kroseko korrikalariak pista proba zezaten gonbidatuko nituzke. Ez da uste den bezain aspergarria eta mugatzailea.

Baduzu ezer esatekorik doping kasuen gainean?
A.G.: Korrikalarien munduan beti entzun izan dira zurrumurruak honi edo hari buruz, baina nik ez dut inoiz ezer ikusi. Tentagarria izan daiteke markaren bat hobetzeko sustantziaren bat hartzea… Baina horrela jokatu duen lehiakideren bat ezagutu banu, tranpatia dela esango nioke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!