Koldo Otamendiren musikazuzenean webgunea, Andoaindik mundu zabalera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ots. 3a, 13:37

Koldo Otamendi eta musika eskutik joan dira betidanik. Musikarien alderdi alternatiboena eta ezazagunena jorratzen saiatu izan da, eta pauso berri bat eman du musika zuzenean.com web orri berriaren ekimena koordinatuz. Interneteko teknologia berriak erabiliz, Euskal Herriko musika taldeen errealitatearen erakusleiho izateko jaio da web orri hori.

Musika zale ez ezik musika kronikari ere bazara aspalditxotik…
Koldo Otamendi: Andoaingo gaztetxean hasi nintzen musikarekin zaletzen, 80ko hamarkadan. El Tubo aldizkarian idazten nuen orduan, kolaboratzaile gisa. Geroxeago, elkarrizketen eta argazkien alorrera ere jo nuen, lantxoak argitaratuz beste zenbait hedabideetan (Argia, Entzun…). Azken urteetan, Gara eta honen Xirika gazte gehigarrian kronikak egitea ere egokitu zait.
2000n, Gazte Sareako atari digitalean musikaren atalaz arduratzea egokitu zitzaidan, Madrilgo epaile batek ataria itxi zuen arte. Musika talde hasi berrien erakusleiho bilakatzea zen gure helburua, eta hiru musika gida osatu genituen, besteak beste.
Nire azken urratsa oraingoz, www.musikazuzenean.com atariarekin lotuta doa.

Paperetik hasi eta aro digitaleraino, prozesu naturala eraman duzula esan daiteke…
K.O.: Halaxe da. Fantzineak izan ziren gure lehenengo adierazpideak, eta orain Internetek gauza bera egiteko aukera eskaintzen digu. Esentzian, punkiek kontrainformaziorako erabiltzen zuten leloa edo filosofia (“do it yourself”; “zuk zerorrek egin” euskaraz) bere horretan mantentzen da.
 
Zer da musikazuzenean.com?  
K.O.: Euskal Herriko lurralde guztia kontuan hartuta, musika agenda euskaraz eskainiko duen atari bat da. Benito Lertxundirekin hasi eta Sutagar taldea bitarte, musika emanaldi guztien berri emango duen agenda izan nahi du. Aldi berean, atari honi beste hainbat atal ezberdin ere erantsi zaizkio: argazki eta bideo galeriak, kontzertuen kronikatarako tartea…
Azken batean, egitasmo hauxe hainbat musikarik, kazetarik, irrati libreetako esatarik sustatu dute; sumatzen genuen gabezia bat bultzatuta. Alegia, erreferentzia falta zela Euskal Herriko areto ezberdinetan gertatzen ari zenaz zerbait jakin nahi zuen horri begira.

Ez al da egitasmo handiegia hartu duzuena?
K.O.: Poliki joateko asmoa dugu. Jakin badakigu zein aberatsa den zuzeneko panorama Euskal Herrian. Orain bi urte atera genuen gidan 400 bat talde bildu genituen; Europa osoan, ez dut uste inon aurki daitekeenik gurearen parekorik.
150 bat emanaldi antolatu ohi dira asteburuero, eta oraintxe gaztetxe edo areto ezberdinetako arduradunekin harremanetan jartzen ari gara, informazioa bidal dezaten.
Bestalde, webgunea irekia da, eta kronikaren bat idazteko edo argaki nahiz bideoren bat bidaltzeko aukera ematen da. Oraingoz 600 bat erabiltzaile harpidetu dira webgune honetara; horietatik zenbait hasi dira kolaboratzen.

Irrati esatari ere bazara Txolarre Irratian…
K.O.: Orain bost bat urte hasi nintzen; asteazkenero gaueko 21:00etatik 23:00etara emititzen da saioa. “Bide okerretik zuzen” du izenburua, eta nahiko ezezagun diren taldeak elkarrizketatzen ditut bertan. Ez da musika ildo bakarrera lotzen. Tximista batek bota berri duen antena konpontzen den bezain pronto jarraituko du saioak.

Zein iritzi duzu irrati handiek talde ezezagunei eskaintzen dioten arretari buruz?
K.O.: Oso kritikoa naiz prentsa guztiarekin, eta EiTBko irratiekin bereziki, publikoak diren heinean. Hedabide publiko batek, ordea, bertan egiten den musikari aparteko tartea eskaini beharko lioke, eta ez da hori gertatzen. Irratsaio zehatz batzuk, irla txikiak direnak, salbuetsiko nituzke: Ekaitz perfektua, Jungla sonora, B aldea…
Euskadi Gaztearen programazioa dela eta hemengo taldeak asko jartzen dituztela esaten dute, baina gauza da soilik talde berberak (Ken Zazpi, Berri Txarrak, Gatibu…)  hartzen dituztela kontuan, eta horienak behin eta berriro errepikatzen dituztela. Gainerako ehunka euskal talde ahaztu egiten dituzte. Bestetik, beste iruzur bat ere egiten digute; izan ere, emititzen dituzten euskal talde horien artean asko gazteleraz kantatzen dutenak baitira.

http://www.musikazuzenean.com/
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!