Arrakasta hitza maiz erabili ohi da, baina kasu bakar batzuetan hartu ohi du arrakastak bere benetako esanahia. Urnieta’59 ikuskizuna ezinbestean arrakastarekin lotu beharra dago. Saio guztietan jendez lepo bete dutelako Sarobe eta Bastero. Baina hori baino garrantzitsuagoa dena: amateur taldea profesionalen pareko ikuskizuna eskaintzera iritsi da. Saioaren amaieran jasotako txalo zaparrada horren aitortza izan zen, neurri handi batean. Meritua eragileena eta parte hartzaile bakoitzarena da. Zorionak, beraz, muntaia arrakastaren bidetik eraman duten guztiei!
Ikuskizuna amaitu eta segundu gutxira taldeko argazkia atera zuten parte hartzaile guztiek. Denak ere presaka zebiltzan, Bastero auditorioa zine emanaldirako egokitu behar zutelako. Hona taulagainean bertan egindako inkesta, emozioa gori-gori zegoenean.
Inkesta TAULA GAINEAN
Gentzane Belaustegigoitia:
“Izugarriko lana egin dugu, eta pena merezi izan du. Urnietan eta Andoainen, bietan, oso gustura aritu gara. Sekulako emozioarekin gaude orain. Lan handia egin dugu eta nabaritu da, ikuslearen erantzuna ere zoragarria izan da. Hurrengo muntaia baterako nirekin konta dezakete”.
Maddalen Kortajarena:
“Oso esperientzia polita izan da. Gaur akats txikiak egin ditugu, baina orokorrean oso ondo joan da. Sarobetik Basterora aldaketa handia dago, eta alde hori nabaritzen zen arren, lasai hartzen ahalegindu gara. Hurrengo muntaietan parte hartuko ote dudan? Noski baietz!”.
Nahiko Arraiza:
“Oso ondo joan da dena, oso pozik gaude. Muntaia honen azken emaitza ikusita, harro egoteko modukoa da. Sarobetik Basterorako jauzi handirik ez dut nabaritu, gustuko dut gainera ikuslegoa ikustea eta horrek ni bereziki motibatu egin nau.
Neuk parte hartuko nuke beste muntaia batean, baina atsedena behar dugu denok ere. Azkenean astean bost egunez entseatzen aritu gara. Atseden hartzea ere beharrezkoa da”.
Monika Redondo:
“Esperientzia konparaezina iruditu zait, oso muntaia indartsua osatu da azkenean. Parte hartzeko proposamena egin zidatenean ez nekien zehatz-mehatz zer zen... Nire bizitzan ahaztuko ez dudan esperientzia izan da. Sarobe gure txokoa bezalakoa zen eta handik irtetzeak errespetua ematen zidan hasiera batean, baina azkenean Andoaingoa ere ondo atera da. Hurrengo muntaia batean parte hartuko ote dudan? Bai. Oso-oso pozik nago oraingoan parte hartu dudalako, benetan”.
Mikel Agirregomezkorta:
“Balorazioa? Orain hunkituta nago, zaila zait hitz egitea..., ezin dut hitz egin. Orokorrean oso saio ona izan da Basterokoa. Neuk nire aktoreen artean nabaritu dut Basterok zer nolako errespetua eragin dien. Urduri samar ikusi ditut hasieran, auditorioak errespetua ematen duelako.
Orokorrean oso lan serioa egin dugu eta hori emanaldian ikusi da. Denak amateurrak izanik ere, lan egiteko modua profesionalen parekoa izan da. Lan asko egin dugu. Aktoreak, musikariak, dantzariak..,. denak ere oso serio aritu dira. Oso pozik nago.
Etorkizunean beste muntaia bat egongo den esatera ez naiz ausartzen. Marizulo amaitzean kitto! esan genuen batzuk, baina azkenean hemen gaude Urnieta'59 ikuskizunarekin. Ziurrenik, orain beroan, denek baiezkoa erantzungo luketela! Baina ikusiko dugu. Bi egin baditugu hiru ere egin genitzake, ezta? Ikustear dago, dena den”.
Emanaldia amaitu eta berehala, hauexek izan ziren Basteron kanpoaldean ikusleen artean bildutako bost iritzi. Urnietar asko izan zen Basteron, baina andoaindarrak ere ez ziren gutxi izan.
Inkesta KANPOALDEAN
Fernando Gonzalez
“Oso formato polita iruditu zait. Motzak eta aldaketa azkarrekoak izan dira esketxak. Bata bestearen ondotik datoz Urnietako zenbait une historikoak nahiko txukun azaltzen dituzten esketx horiek, eta gustura ikusten da antzerki osoa. Horrelako muntaia batek lan handia emango duen arren, herri bakoitzak berea antolatu beharko lukeela pentsatzen dut. Andoaindar naizen aldetik, inbidia pixka bat sentitu dut gaur Basteron ikusitakoarekin”.
Patri Arozena
“Gustatu zait antzerkia, oso argi jakin izan duelako islatzen hainbat egoera historiko. Harrigarria da zenbat jende mobilizatu duen antzezlan honek: hainbeste aktore, hainbeste musikari eta musika instrumentu zuzenean... Poza ematen du horrelako muntaia aurrez aurre ikusteak. Bestalde, badira beste hainbeste elementu antzerkia bikaindu egin dutenak: hala nola, argiak, dantzak, aukeratutako kanta ezagunak…”.
Martxel Usarraga
“Lidia nire alabari eta bioiri lan bikaina iruditu zaigu antzezlan hau. Kostu gutxirekin, herri baten historia txikia nola islatu primeran erakutsi digu. Niri beharbada gehien harritu nauena zenbait aktoreren ausardia eta iaiotasun erakustaldia izan da; afizionatuak izango dira denak ere, baina batzuk gaur profesionalak baina hobeagoak izan daitezkeela erakutsi digute!
Hernanikoa naiz berez –Urnietan 13 urte baino ez daramatzat–, baina azaldu diren egoera askorekin identifikatuta sentitu naiz, gertutik bizi izan ditudalako. Gizarte gatazkak, adibidez. Izan ere, gertakizun ugari amankomunak dira. Buruntzaldean behintzat, bai”.
Marialu Oiartzabal
“Andoainen bizi naiz aspalditxoan, baina urnietar baten begietatik ikusi dut antzezlana. Alde horretatik, hunkigarria iruditu zait ikuskizuna. 1966an jaiotakoa naiz, eta antzezten diren zenbait egoera bizitzeko aukera izan dut; beste batzuk, berriz, amak kontatuta ezagutzen ditut. Aditutako kontuen artean, badakit kanpotarrak nola etortzen ziren trenez Urnietara, eta horiek nola gertatzen ziren baserrietako nesken gogoko, finagoak omen zirelako; eta, nola baserrietako mutilak horregatik haserre jartzen ziren. Bestetik, nik bizi izan ditut zenbait egoera: musika euskalduna eta kanpotarraren kontura plazan sortzen ziren liskarrak, adibidez; edota, Egape ikastolarekin batera musika, antzerkia…, jorratzen zuen mugimendua, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Justo irakaslea eta horien guztien eskutik…
Azken batean, antzerki honek egoera horiek eta gehiago bistaratzen lagundu digu; argitan jarri digu orduan euskaltzale haiek erein zuten haziak oraindik fruituak ematen segitzen duela, ez dela eten soka”.
IRANTZU Oiartzabal
“Oso polita iruditu zait antzerkia. Dena gustatu zait, baina beharbada dantzan erreparatu dut gehien. Agertzen diren dantzariak ezagutzen ditut, nik ere dantza egiten baitut. Oso ondo egin dute beti bezala, eta Edu Murumendiarazen koreografia ere azpimarratzekoa da.
Nik ezin izan ditut ezagutu gidoiak jasotzen dituen gertakizunak, baina asko ikasi dut gaur; argi dago antzerkia oso egokia izan daitekeela gure aurrekoen historia transmititzeko”.